Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
58. alea
2011ko martxoa

 
Itxaso Paia eta motibazio hitzaldiak
+

Nahi dudalako! kanpainari lotuta, martxoa eta maiatza bitartean Itxaso Paiak Bizkaiko 8 institututan motibazio hitzaldiak emango ditu 14-16 urte bitarteko gazteen artean. Hitzaldion helburua gazte horiek Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz egiten jarraitzea eta euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da. Itxasoren testigantza kanpainaren web gunean agertzen da eta hitzaldiaren bidez gazteak euskaraz ikasten jarraitzera animatuko ditu.

Horretarako hitzaldia emango den gelak hiru txoko izango ditu (hitza, antzerkia eta musika) eta txoko horien bitartez bere esperientzia kontatuko die gazteei: nola hasi zen euskaraz ikasten, Go!azen telesailean izandako esperientzia eta musikarekin izandako ibilbidea. Gazteek, behin esperientzia entzunda, saioan zehar paperean idatzitako galderak Itxasori emango dizkiote gero berak erantzuteko. Amaitzeko, denak batera Nahi dudalako! web gunean sartuko dira eta Itxasoren laguntzaz web gunea ezagutuko dute.

Nahiz eta hitzaldia Nahi dudalako! kanpainari lotuta egon, hitzaldiak motibazio hitzaldi baten moduan funtzionatu ahal du gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko.

Bestetik, Itzarri enpresak Euskal Coaching motibazio hitzaldia eskaini digu. Hitzaldi horien helburu nagusia kirolari ezagunen presentziaren bidez, euskararen erabilerarekiko sentsibilizazioa lortzea da. Horretarako kirolari horiek bizitzan izandako esperientzia nahiz ibilbidean euskararen garrantzia zein izan den eta nola bizi duten ezagutzeko aukera da.

Argazkiak ikusi

Itxaso Paia.jpg

ELEBI, administrazio elebiduna
+

Bilboko Udalak beste urrats bat egin nahi du administrazio elebiduna garatzeko, beti ere indarrean dagoen Euskararen Erabilera Planaren barruan. Bere helburu nagusia da euskara, hizkuntza ofiziala den neurrian, zerbitzu hizkuntza eta komunikatzeko ohiko tresna bihurtzea. Ekimen hau aurrera atera da gero eta udal funtzionario gehiagok daukatela hizkuntza eskakizuna eta euskarazko gaitasun maila handia.

Horrela, bada, Euskara Sailak abian jarri du herritarrekin harreman zuzena dagoen udal espazioetan elebitasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko ekimena. Pertsona elebidun bat udal bulegoetara doanean, leku horretan udal langilearekin euskaraz egin dezakeela jakingo du, eta hark euskaraz erantzungo diola.

Horretarako ELEBI logotipoa sortu du. Udalak ikur hori hiriko zortzi barrutietako udaltegietako informazio guneetan, udal eraikinetako Informazio Bulegoetan eta Udal Sareko Liburutegietan jarriko da. Ezaugarri horrek jakinaraziko die herritarrei leku horietan euskaraz hitz egingo dietela hala nahi badute.

Argazkiak ikusi

elebi logoa.jpg

"Sarean pilpilean" jakintza librearen II jardunaldiak
+

Azkue Fundazioak antolatutako jakintza librearen II jardunaldien topaketa nagusia martxoaren 24an izan zen Deustuko Unibertsitateko CRAI liburutegian. Jardunaldion helburu nagusia sarean euskaraz jakintza librearen gainean eskuragarri dauden baliabideen berri ematea izan zen.

Hiru atal jorratu ziren topaketan. Lehenengo atalean “Zizka-Mizkak” izenekoan, Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmoren funtsak azaldu zituzten haien bultzatzaileek: Iruri Knörr, Jon Ordoñez (Berriketan.info), Iñigo Arandia (Kaixomaitia.com), Maite Goñi (Alez ale elez ele egitasmoa) eta Igone Fernández (Gaztezulo).

Bigarren atalean entzuleon garaia izan zen: “Kontaiguzu zure errezeta”. Post-it batzuen bitartez, jakintza libreari lotutako galdera batzuei erantzun zieten partaideek eta han azaldutako ideiak elkarbanatu ziren talde-dinamiken bitartez. Amaitzeko, “Iñaki Ugarteburu” wikipedia artikuluen lehiaketaren aurkezpena egin zen.

Topaketari amaiera emateko, “Pintxoak 2.0” ekitaldia antolatu zen jardunaldian parte hartu zutenek aukera izan zezaten jardunaldiei buruzko edukiez berba egiteko.

Bestetik, aipatu beharra dago, aurreko hiru egunetan, Azkue Fundazioaren egoitzan bi orduko zenbait ikastaro antolatu zirela Bizkaiko Euskaltegietako ikasleentzat. Bertan, sarean euskaraz eskuragarri dauden baliabideak aztertu eta erabiltzen irakatsi zieten, besteak beste, bilaketak nola egin, sarean dagoen euskarazko softwarea aztertu eta posta elektronikoa eta gizarte-sareak euskaraz nola erabili.

Argazkiak ikusi

jakintza librea II jardunaldiak.jpg

Euskara sarean
+

Bizkaiera.biz

Labayruk bizkaiera lantzen hainbeste urteko materiala eta bidea sortu eta gero, material hori denon eskura jarri du www.bizkaiera.biz atariaren bitartez. Bertan gaur arte bildutako eta sortutako material guztia sarearen bitartez zabaldu eta hedatuko da, material guztia batera jarrita baliagarriagoa izango delakoan. Aipatzekoa da bertan aurkitu ahal dugun Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru. Orain erabiltzaileari bidea errazteko, testuingurua osotuagoa dauka. Adibidez, sarrera guztiei beraien erabilgune ohikoena eta naturalena erantsi zaie. Batzuetan tradizio idatziko testuetatik hartuak edo egokituak izan dira eta beste batzuetan ahozko erabileratik jasoak.

Aritu.eu

Web gune honek hainbat esparrutan eta egoeratan euskara maizago erabiltzeko tresna lagungarri batzuk eskaintzen ditu. Askotan, euskaldunok euskara ez den beste hizkuntza bat aukeratzen dugu, gure hizkuntzari uko eginez. Gure hizkuntzaren erabilera areagotzea du helburu gune honek komunikazio-estrategiak eta trebetasun sozialak landuz.

Argazkiak ikusi

bizkaiera.biz.jpg

Barraketan euskaraz
+

Udaberriarekin batera jaiak ere badatoz eta jaiekin batera barrakak etorriko dira. Ildo horretan, orain dela bi urtetik hona barraketako hizkuntza paisaia eta musika euskalduntzeko Getxoko euskara zerbitzuak euren zerbitzarian euskarriak jarri izan ditu edozein teknikarik erabiltzeko moduan. Alde batetik, kartelak eurentzat prestatutako diseinu eta testuekin eta bestetik CDak euskarazko abesti batzuekin.

Horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, EUDELek eta AFADEk (Asociación de Feriantes Autónomos de Euskadi – Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin herrietako jaietan jartzen diren ikuskizunetan euskararen presentzia errazteko eta bermatzeko lankidetza akordioa lantzen ari dira.

Argazkiak ikusi

AT! ikuskizuna
+

Martxoaren 15ean, Bilboko Arriaga antzokian At! Ikuskizuna estreinatu zen joan den urrian martxan jarri zuten Etxepare Euskal Institutua aurkezteko eta institutuak dauzkan proiektuak eta helburuak jendeari azaltzeko. Ikuskizuna Tanttaka antzerki taldeko Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendariek gidatu zuten.

Taula gainean, besteak beste, 26 aktore, zazpi musikari, sei dantzari eta bi idazle egon dira. Testuak, euskarazko eta  gaztelaniazko 25 idazlek eginak, nahiz musika originalak dira eta beren-beregi emanaldi honetarako sortu dira, ikuskizunak euskal sortzaile eta artisten erakusleiho izan nahi duelako, euskal nortasun eta ikuspegi berriaren erakusle. Ikuskizuna bideoan grabatu dute eta testu guztiak liburu batean bilduko dituzte Euskal sortzaileak bildumari hasiera emateko.

Argazkiak ikusi

at ikuskizuna.jpg

Bikain ziurtagiria
+

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria, enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan hizkuntza-kudeaketa ebaluatu eta egiaztatzeko sistema da, euskararen erabilera arian-arian normalizatzeko helburuz egina.

2011ko martxoan pausu bat haratago eman du: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Bikainen kanpo-ebaluazioa arautzen duten oinarriak ezartzen dituen eta 2011ko ebaluazio-zerbitzua eskatzeko epea irekitzen duen agindua argitaratu da. Helburua Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautzea da eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten eta 2011n ziurtagiria eskuratu nahi duten entitate publiko eta pribatuei, negozio-unitateei eta entitate handietako lan-zentroei baldintzen berri ematea da. Aurten 30 erakundek zerbitzu honetaz baliatuko dira. Eskaera gehituz gero, 40ra heldu daiteke muga.

Argazkiak ikusi

Gipuzkoako Foru Aldundiko itzulpenen datu-basea
+

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2006 urtetik hona elikatzen duen itzulpenen datu-basea sarean jarri du interesa duen edozeinen eskura jarriz. Guztira 28.000 dokumentu inguru, hau da, 520.000 bat itzulpen segmentu edo esaldi dira eta gehienak gaztelania eta euskararen arteko itzulpenak dira. Bi eratara erabil daiteke: alde batetik, bilaketa bidez, hau da, terminoak segmentuetan bilatuz; bestetik, itzulpen memoria fitxategiak ere eskuratu ahal izango dira.

Datu basea egunero eguneratzen da eta www.gizpuzkoa.net/imemoriak helbide elektronikoan kontsulta daiteke.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea