Egun hauetan Bizkaiko 27 udalerrik, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Apelliduak abizendu izeneko kanpaina jarri dute martxan.
Egitasmoaren helburua izen-abizenak euskarazko grafiaz idaztea da eta horretarako, izena euskaratzeko edota abizenak euskarazko grafiaz idazteko egin behar diren urratsen berri ematen duen triptikoa prestatu da.
Triptikoa ele bietan egin dute eta bertan esaten da izena edota abizena euskarazko grafiaz idatzi nahi duenak erregistro zibil edo epaitegira hurbildu behar duela eta bertan emango dioten orriarekin honako agiri hauek aurkeztu behar dituela: NANaren fotokopia, hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria, errolda ziurtagiria eta familia liburua (adingabekoa izanez gero gurasoekin egin behar du eskaria). Izena edota abizena zelan idatzi behar duen kontsultatzeko herritarrak Euskaltzaindiaren web orria kontsulta dezake; eta argibide gehiago edo zalantzak argitzeko euskara zerbitzura hurbiltzeko gonbitea egiten zaie zaie herritarrei.
Guztira, 60.000 ale baino gehiago banatu dira honako 22 erakunde hauetan: Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrieta, Arrigorriaga, Berriz, Elorrio, Erandio, Etxebarria, Fruiz, Gamiz-Fika, Igorre, Lekeitio, Lemoa, Markina-Xemein, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Muskiz, Txorierriko Mankomunitatea, Zaldibar, Zierbena.
Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Bizkaiko 37 udalerrik aurten ere abian jarri dute Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina eta, horrenbestez, Bizkaiko 6400 gaztek euskaraz ikasten jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jaso dute.
Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 3. eta 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematen zaie.
Web gunea da kanpainaren ardatza eta web gunea eta leloa iazkoak badira ere, eskuorri berria diseinatu da gazteak www.nahidudalako.com web gune berriztatura bideratzeko. Web gunean, orain artekoari eutsiz, gazteek hainbat datu aurkitu ahal izango dituzte, besteak beste, Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko eskaintzaren berri zehatza, ikastetxeetara joateko behar duten garraio publikoaren gaineko informazioa, informazio hori aurkitzeko aurten garatu den bilatzailea… Horiez gain, aurtengo edizioan Testigantzak izeneko atal berria ere badago, bertan Batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskaraz ikasi duten zenbait gazteren esperientziak agertzen dira DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleak euskaraz ikasten jarraitzera animatuz.
Web gunera sartzeagatik, gainera, gazteek sariak ere eskuratu ahal izango dituzte inkesta bat bete eta gero. Horretarako, irabazleak kanpainan parte hartu duten udalerrietan erroldatuta eta udalerri horrek eskuorria banatu duen maila berekoa izan beharko dira.
Euskal kultur erakundeak eta Azkue Fundazioak "Irudimena" lehiaketa antolatu dute apirilaren 8a arte. Lehiaketa horren helburua euskal kulturaren inguruko sormen literarioa eta grafikoa bultzatzea da, bereziki gazteen artean. Egitasmo hau EKE-k hasi berria duen Hogei ta kultur egitarauaren barnean kokatzen da.
Lehiaketaren web gunean 12 argazki proposatzen zaizkie bisitariei. Argazki bakoitzak zenbaki bat du eta lehiaketan parte hartu nahi duenak aipatutako argazki bat hautatu behar du.
Argazkian oinarrituz bi aukera ditu parte-hartzaileak, bata euskarazko testu bat idaztea, eta bestea irudi berri bat sortzea. Aukera biak ere landu daitezke. Orotara parte-hartzaile bakoitzak bost sormen lan aurkeztu ditzake gehienik (adibidez hiru testu eta bi irudi, edo bost irudi).
Lehiaketan parte hartzeko epea 2011ko otsailaren 15ean hasi da eta 2011ko apirilaren 8a arte iraungo du eta modalitate bakoitzean (sormen literarioa edo sormen grafikoa) egileak bi taldetan banatuko dira adinaren arabera, talde batean 25 urtera arte eta bestean hortik gorakoak. Guztiek multimedia sariak irabazteko aukera izango dute.
Udaletako euskara zerbitzuek egin duten lana elkarbanatzeko eta denontzako erabilgarria izateko sortu ziren orain dela bi urte Udaltop topaketak. Udaltopen helburu nagusia Euskal Herri osoko herri administrazioetako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzea eta bide berriak irekitzea da, gai ezberdinak jorratuz. Ildo beretik jarraituz, aurten gai hau jorratuko dute: Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?
Horretarako apirilaren 7 eta 8an Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen III. Topaketak antolatu dira. Hirugarren edizio honetan honako hizlariek hartuko dute parte: Jone Miren Hernandez (EHU), Andoni Llosa (Trebiñuko Udala), Josep-Anton Fernàndez Montolí (Plataforma per la Llengua), Maider Elkoro (Topagunea) eta Petra Elser (Banaiz, bagera elkartea). Iaz bezala, aurten ere hainbat udal, elkarte eta erakunderen esperientziak entzuteko parada izango da topaketetan. Horrez gain, ikerketa baten emaitzen berri izango da eta mahai-ingurua eta talde-lana ere antolatuko dira. Guztira hamar ponentzia, mahai-ingurua eta talde-lana izango dira. Izena emateko epea otsailaren 24an zabaldu zen eta hilabeteko epean egin beharko da matrikula www.udaltop.com web gunearen bidez.
Hirugarren edizioak dakarren berrikuntza aipagarriena ordea, erakusketa eta azoka izango dira. 2011ko Udaltop Topaketak, lehenengo aldiz, euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat esperientzia bildu ditu erakusketan. Bestalde, azokan hainbat enpresa, elkarte eta erakundek beren zerbitzuen eta produktuen berri emango dituzte.
Iaz Bizkaiko 18 udalerrik bideratu zuten Gidabaimena euskaraz kanpainaren saria banatu zen Getxon otsailaren 15ean. Kanpainan parte hartu zuten udalerrietan hiru gaztek egin zuen gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa euskaraz eta Getxoko ikasle batek lau lagunentzako Interrail bidaia irabazi zuen.
Aurten ere B ereduko teknikariak hasi dira egitasmoa lantzen eta sentsibilizazio kanpainarekin batera gazteentzako diru-laguntza araudia prestatzen ari dira, azterketa teorikoa eta praktikoa euskaraz eginez gero, matrikula eta lehen eskola praktikoa diruz laguntzeko. Horrez gain, ikastetxeetan gazteentzako motibazio saioak ere egiteko asmoa dago. Horren guztiaren informazioa Alkarbide bilgunearen bidez jasoko duzue.


