Iazkoaren ildotik, aurten ere abian jarri da hainbat udalerritan D bitamina. Aberastu bere heziketa kanpaina. Egitasmo honen bidez 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoei hezkuntza sistemari buruzko informazioa bidaltzen zaie horren inguruan hausnarketa egin dezaten. ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 7400 liburuxka inguru banatu dira.
Helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea da eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea. Guztira 43 udalerrik hartu dute parte: 22 udal eta 3 mankomunitate.
Kanpainaren osagarri nagusiak hiru dira: gutuna, gutunazala eta oparia. Udaleko ordezkariren batek sinatutako gutunean bertan euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen da. Gutunazalean, berriz, jasotzailearen helbidearekin batera D eredua aukeratzeko arrazoiak agertzen dira. Nahiz eta gutuna gurasoei zuzenduta egon, umeei opari bat egingo zaie: kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua.
Aurrematrikulazio epea urtarrilaren 31an hasi eta otsailaren 11an amaituko da.
Bilboko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz zazpigarren urtez Ikusi eta Ikasi kultur zirkuitua antolatu du. Egitasmo honen bidez Bilboko haurrek euren aisialdia euskaraz gozatu ahal izango dute horretarako prestatu dituzten ekintzen bitartez.
Eskaintza gustagarria izan dadin, zirkuituaren barruan era askotako kultur adierazpideak uztartuko dira: antzerkia, txotxongiloak, magia, zirkua, ipuin kontalariak… Kasu guztietan, aparteko garrantzia eman zaie aukera berdintasunari eta giza balioei.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian jasotzen diren hiru helburu estrategikoak uztartzen dituen egitasmo honen hartzaileak hiru eta hamabi urte bitarteko haurrak dira; urtarrilaren 17an hasi eta martxoaren 19ra arte luzatuko da eta 39 ekitaldik osatuko dute. Aurten, gainera, gurasoentzat tailerrak ere prestatu dira, bata umeekin errezeta gozoak egiten ikasteko tailerra izango da eta bestea guraso erdaldunek seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko aholkuak jasotzeko eta zalantzak argitzeko tailerra izango da.
Informazio gehiago www.bilbao.net orrian aurkituko duzue.Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Euskara Bizia batzordea sortzea erabaki du, lurraldean euskararen alde lan egiten duten elkarteei laguntzeko eta euren jarduerak koordinatzeko. Batzorde hori kide anitzeko erakunde aholku-emailea izango da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari atxikita.
Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: euskararen alde lan egiten duten elkarteen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea; Aldundiaren jardunari buruzko neurriak proposatu eta bideratzea; gomendioak eta proposamenak egitea, eta elkarte eta erakundeen arteko hartu-emanetarako eta komunikaziorako foro legez jardutea.
Horiek horrela, batzordeko kide izango dira Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkari (Kulturako diputatua, Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia eta Hizkuntza Gizarteratzeko Ataleko burua) eta erakunde hauetako ordezkari bana: Eudel, Alkarbide, Azkue Fundazioa eta euskararen alde lan egiten duten elkarteak, erakundeak eta pertsona ospetsuak.BFAk orain arte landu dituen itzulpen-memoria guztiak bateratu eta Bizkaiko Itzulpen Memoria Nagusia, BIZIMENA izenekoa, garatu du.
BIZIMENAren berri laster zabalduko da guztientzat baina aurretik Bizkaiko itzultzaileei aurkeztu gura die Bizkaiko Foru Aldundiak euren eguneroko lanean oso tresna baliagarria izango delako esperantzan.
Aurkezpen-saioa otsailaren 1ean izango da, goizeko 10.00etan AZKUE fundazioaren egoitzan. Bertara joateko interesa daukatenek mezua bidali behar dute Alkarbide bilgunearen postontzira (alkarbide@bizkaia.eus), ahal izanez gero urtarrilaren 31 baino lehen.

