Apurka-apurka, aurtengo urtea amaitzen goaz hamaikagarrenean murgiltzeko. Urtero egiten dugun legez, urte zaharreko kontuak zuritu eta berrikoak lantzen hasita gaude. Horietan guztietan lagun izango gaituzue Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok baina, oraingoz, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi berria.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zinema Euskaraz delako programa aurkeztu du, hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukera bultzatu, eta euskara kultura eta gizarte-erabilerako hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.
Programaren lehen fasea Zinema Euskaraz Gabonetan da, eta bigarren faseak 2011 urte osoa barne hartuko du. Honi esker, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com web guneetan doako 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukera bultzatuko da. Horrez gain, akordioak sinatuko dira hainbat udalekin, film horietako batzuk udal zinema-aretoetan pantailaratzeko aukera izan ditzaten.
Programa hau abian jartzeko, akordioa sinatu zen EITBrekin, filmen aukeraketa eta bikoizketa eta eskubideen kudeaketa koordinatu eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera eman zezan. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresekin, hiru euskal hiriburuetan dituzten aretoetan film hauek ere programa ditzaten.
Gabonetan bi film estreinatu dira euskaraz zinema-aretoetan: abenduaren 22an, Norvegiako A casa por Navidad filma iritsi da, Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizioan Gidoi Onenarentzako Epaimahaiaren Saria jaso duen berbera, eta abenduaren 29a arte izan da ikusgai. Urtarrilaren 3an hasi eta hilaren 9a arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako familia giroko La sustituta film daniarra estreinatuko da.
Horrekin batera, abenduaren 22tik aurrera, www.kulturklik.net eta www.eitb.com web guneek 30 film euskaraz eta on-line ikusteko aukera eskaini dute, baina deskargatzeko aukerarik gabe. Printzipioz, film bakoitza 2.000 erabiltzailek ikusi ahal izango dute, hau da, ordenagailu bidez zinema ikusteko 60.000 gonbidapen banatuko dira.
2011. urte osoan, Zinema Euskaraz programak areto komertzialetan hilero filmak euskaraz estreinatu eta aldizka DVDak merkaturatzeko aukera bultzatuko du.
Urtero legez, Gabon jaiak orduko koordinatzaileen batzarra egin genuen bilgunearen urteko balantzea egiteko. Horretarako, aldez aurretik, teknikarioi balorazioa egiteko orria bidali genizuen. Balorazio gehienak oso antzekoak izan dira eta besteak beste, honakoak jaso ditugu:
Koordinazio atalari dagokionez jaso ditugun postontziaren inguruko balorazio guztiak oso onak izan dira; guztiok esan diguzue komunikazio bide eraginkorra dela. Hobetu beharrekoen artean web gunea eta lan-mahaien funtzionamendua aipatu dituzue. Web guneari dagokionez, batzuek uste dute ez dela oso erabilgarria Agerkariaren bitartez edota posta elektronikoaren bitartez bertan agertzen den informazio guztia jasotzen dutelako. Lan-mahaien funtzionamendua ere, oro har, ona da gehienon esanetan eta arlo honetan hobetu beharrekoen artean honakoak aipatu dituzue: taldekideen parte-hartzea eta ekarpenak; beste lan-taldeei buruzko informazio gehiago eta, oro har, elkarren berri gehiago izatea...
Proiektugintzari dagokionez, aurten egindako egitasmoen artean hobetu beharreko gutxi dagoela adierazi diguzue, izan ere egitasmoei buruz egindako ohar gehienak positiboak izan dira, baina aurrera begira askoren kezka da proiektu horiek zelan neurtu behar ditugun aztertzea.
Azkenik, hurrengo urterako proposamenak egiteko eskatzen genizuen balorazio orrian, gehienok prestakuntza gehiago lantzea eskatu duzue. Gainera prestakuntza atal horretan zer landu nahiko zenuten ere zehaztu duzue eta guztion nahiak asetzen ahaleginduko gara.
Goian aipatutako balorazio horiek sakonago aztertzeko 2010eko Jardueren Txostena jarriko dugu Alkarbideren web gunean, baita koordinatzaileen batzarrean esandakoak jasotzen dituen akta ere.Urte amaierarekin batera Bizkaiko Foru Aldundiak 2011ko diru-laguntzen deialdia argitaratu du.
Udal, udal erakunde autonomo eta mankomunitateen esparruan, 2011ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko diru-laguntzei buruzko dekretua (148/2010 FORU DEKRETUA, abenduaren 9koa) argitaratu da abenduaren 13ko BAOn.
Eskabideak aurkezteko epea 2011ko urtarrilaren 3an hasiko da eta hilabete bereko 31n amaituko da.Nabigatzaileak lehenengo hitza euskaraz egin dezan bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan. Nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), erabiltzailearen hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du, hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du web gune batera sartzerakoan.
Kanpaina honekin honakoak lortu nahi dira:
Honek ez du nabigatzailearen hizkuntzarekin zerikusirik. Nabigatzailea ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez egon daiteke eta hizkuntza aukeretan euskara lehenetsita, adibidez.
Nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia aldatzeko helbide honetara jotzea baino ez daukazue: www.nabigatueuskaraz.com.

