Pasa den azaroaren 24an Euskararen Eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zen Foru Liburutegian. Bertan izan ziren BFAko kultura diputatua, Josune Ariztondo, Getxoko alkatea, Imanol Landa eta Bilboko euskara zinegotzia, Ana de Castro.
Prentsaurrekoan Bizkaian Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo diren egitasmo eta bestelako ekintzen berri eman zen eta horretarako prestatu den kartelaren eta agendaren berri ere zabaldu zuten. Izan ere, aurten ekitaldi horiek guztiak josteko asmoz, Euskararen Eguna iragartzeko kartela jarri da Bizkaiko euskara zerbitzu guztien esku eta bizkaia.net atarian nahiz Azkue Fundazioaren webgune berrian (azkuefundazioa.org) argitaratuko da ekimenon agenda.
Goian esandakoaren ildotik, bi kartel eredu prestatu dira, diseinuz antzekoak, bata Euskararen eguna bera iragartzeko eta bestea ekintzen berri emateko. E-agenda dela eta, herritarrek udalerrian bertan zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diren ekintzen berri izateko agenda elektronikoa garatu da. Ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan, agenda aipatutako bi web gunetan kokatu da eta gainera, ekimenen berri emango da facebook eta twitter kanalak erabiliz.
Urtero bezala, aurten ere Euskarazko Produktuen Katalogoaren 2010eko edizioa argitaratu da dagoeneko. Liburuxka honen bidez urte osoan zehar eta, batez ere, Gabonetan oparitzeko euskaraz zer dagoen erakutsi nahi dute euskara zerbitzuek.
Katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da. Azken batean, gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmoaren arduradunek, etxeko haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta eta eskaintza hori ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.
Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko www.katalogoa.org web gunean agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratua dagoen gunea da, argitaletxeek beraiek aukera baitute produktu berriak sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, Euskarazko Produktuen Katalogoaren web gunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.
Bizkaian 64.700 katalogo inguru banatu dituzte 46 udalerri eta 3 mankomunitatetan. Hala ere, ez dugu ahaztu behar produktu hau ez dela bakarrik Bizkaian zabaltzen eta, guztira, 200.000 ale inguru banatu direla Euskal Herri osoan.
Azkue Fundazioaren web gunea goitik behera berritu dute, edukien berregituraketekin eta diseinu berritzaile batekin. Egin diren berrikuntzen bitartez, web gunearen edukiak indartu eta modu dinamikoan eskaini nahi dira. Gainera, izaera parte-hartzailea du etengabe berritu eta elikatuko den tresna izanik.
Fundazioaren egoitzan Unibertsitate Liburutegia eta Mediategia ere bisitatu daitezke, bertan 600 liburu kontsultagarri eta 400 multimedia produktu baino gehiago erabilgarri daude. Hemendik aurrera, liburu eta produktu horien guztien fitxak eta informazioa sarean ere egongo dira eta gehien gustuko duzuen produktuari botoa emateko aukera ere emango da.
Bestalde, Katalunian sorburua duen JClic izeneko egitasmoa gurera ekartzea nahi izan da euskarazko JKlik aplikazio didaktikoak bildu eta zabalduko dituen gunea sortuz. JKlik software libreko aplikazio-multzoa da, mota ezberdineko hezkuntza-jarduera multimediak sortzeko balio duena. Hemendik aurrera, Azkue fundazioaren web gunearen bitartez unitate didaktikoak eta jolasak euskaraz jaitsi eta erabiltzeko aukera izango duzue.
Berrikuntza horiez gain, Alkarbidek orain arte izan duen lekua izaten jarraituko du, gure egitasmo batzuek bertan izango baitute ostatu.
Pasa den azaroaren 10ean BIKAIN ziurtagiria jaso zuten 44 enpresa eta erakundek. Bikain Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena.
Ekitaldian 44 erakundek ziurtagiria jaso bazuten ere, ez dira guztiak aurten ebaluatu, 25 2009an ebaluatu ziren eta beste 19 2010ean. Erakunde horiek talde ebaluatzaile batek berariaz egindako ebaluazio-prozesu bat izan dute. Halaber, ebaluazio-txosten bana jaso dute beren indar-guneak, zer-hobetuak, gomendioak eta puntuazioa azaltzen dituena. Uneotan guztira 74 erakundek daukate Bikain Ziurtagira; 2008an ebaluatu ziren lehen aldiz erakundeak eta orduan 30 entitatek lortu zuten. Entitate horiek guztiak, gainera, era askotakoak dira eta tartean daude: hedabideak, makina-erreminta arlokoak, administrazio publikoak, banaketa-enpresak, fundazioak eta elkarteak, osasun-laguntza ematen dutenak, finantza-erakundeak, eraikuntza arlokoak, aholkularitza-enpresak...
Aurten banatu diren ziurtagiri horietatik 19k goi-mailako urrezko Bikain lortu dute; 14k tartekoa den zilarrezkoa eta gainontzeko 11k oinarrizkoa (beltza). Lurralde banaketari dagokionez, berriz, enpresa horietatik 23 Bizkaikoak dira, 15 Gipuzkoakoak eta 6 Arabakoak.
Eutsi gogor! 2010 kanpainaren prentsaurrekoaren berri eman genuen aurreko alean eta dagoeneko euskara zerbitzu gehienek egitasmoaren zabalkundeari ekin diote.
Egitasmo hau kirolarien borondate onari esker egin ahal izan dugu, izan ere euren irudia musu truk eskaini digute eta horregatik azaroaren 25ean eskerrak emateko eta beraiei euskarriak erakusteko ekitaldi xumea antolatu genuen; bertan izan ziren egitasmoan parte hartu duten 25 lagun baino gehiago.


