Bizkaiko 22 udalerrik garatu duten Eutsi Gogor! euskararen erabilera eskolako kirol esparruan sustatzea helburu duen egitasmoaren aurkezpena egin zen bbk-ren kultur gelan pasa den urriaren 29an. Sentiberatze-kanpaina honen jendaurreko aurkezpenean, BFAko euskara sustatzeko zuzendari nagusia, Miren Dobaran, eta Aitziber Oliban, Erandioko Udaleko euskara zinegotzia, izan ziren. Azkenak kanpainan parte hartzen duten udal erakunde guztien ordezkari jardun zuen. Haiekin batera, Beatriz Nalda, egitasmoa babesten duen bbk-ren Irudi Saileko kidea eta Cristina Petite korrikalaria ere egon ziren. Cristinak bere esperientziaren berri eman zigun. Guztiei GOSE taldeko kideek lagundu zieten.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako egitasmo honen helburu nagusia da euskararen erabilera eskolako kirol esparruan sustatzea. Egitasmoa iaz hasitakoaren jarraipena dugu eta aurten Bizkaiko 22 udalerrik parte hartu dute. Kanpainaren hartzaile nagusiak eskolan dabiltzan eta kirol-jardueraren batean aritzen diren ume eta gazteak (6-16 urtekoak) dira, baita haien gurasoak ere.
Kanpaina paperezko euskarriek (posterrak, liburuxkak eta egutegia) eta elektronikoek (web gunea, Making-off-a eta Animatzekoak deskargatzeko plataforma) osatzen dute. Euskarri horiekin batera, kanpaina zabaltzeko abestia egin dute GOSE taldekoek eta prentsaurrekoan bertan aurkeztu zuten. Abestiaren letra egutegian ere agertzen da.
Kanpaina sustatu duten euskara zerbitzuek bost kirol-jarduera aukeratu dituzte aurten (txirrindularitza, eskubaloia, sokatira, lasterketa eta surfa), eta horiei joan den urtean landutakoak (futbola, saskibaloia, pilota, arraunketa eta luzatze-ariketak) gehitu behar zaizkie.
Guztira, paperezko euskarriei dagokienez, 2.000 poster baino gehiago, ia 25.000 liburuxka eta 32.000 egutegi inguru banatuko dira parte hartzen duten herriotako ikastetxe eta kirol-instalazioetan.
Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko eta handitzeko kanpaina martxan jarri du Elorrioko Udalak Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Hainbat urte dira Elorrioko Udalak Geurien egitasmoa martxan duela eta horren testuinguruan kokatzen da Geurien euskaraz, jakina! sentsibilizazio-kanpaina.
Kanpaina horren bidez, sari ederrak jasotzeko aukera izango dute Elorrion erosketak euskaraz egiten dituztenek, urriaren 4tik azaroaren 14ra bitarte. 68 komertzio, taberna eta zerbitzu enpresa ari dira kanpaina honetan parte hartzen.
Elorrioko komertzioetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartela emango zaio, bertan, bere datuak idatz ditzan. Ondoren, txartela komertzioan topatuko duen kutxatxoan sartu eta, horrela, abenduaren 3an, Euskararen egunean egingo den zozketan parte hartuko du.
Merkatarien aldetik jasotako erantzuna oso ona izan da, izan ere, herriko 37 komertziok, 15 tabernak eta jatetxek eta 16 zerbitzu-enpresak parte hartuko dute proiektu honetan. Gainera, merkatari bakoitzak emandako produktuekin osatuko dira zozketatuko diren saskiak.
Merkatariek eskainitako oparien artean denetarik aurki daiteke: gaua eta gosaria herriko nekazal-turismo batean, afariak zenbait tabernatan, edariak, kontserbak, motxilak… Tartean gauza bitxiak ere badaude, esate baterako, lisatzen ikasteko ikastaroa edo ile-mozketak.
Enpresa eta euskara, sareak sortzen
EUSKALIT-ek eta INNOBASQUE-k elkarrekin antolatu duten Kalitate eta Bikaintasunaren Europar Astean hartuko du parte Ziurtagiriaren Elkarteak. Hala, azaroaren 11rako "Enpresa eta euskara, sareak sortzen" izenburupean jardunaldia antolatu du Gasteizen. Aste honen xedea kontuan izanik, jardunaldi hauen helburua izango da partaideek euskara euren organizazioko informazio eta komunikazio teknologietan txertatzen ikastea eta ikaskuntza horretan aktiboki parte hartzea.
Gorago esan bezala, ikastaroa azaroaren 11n izango da BIBAT museoan (Aiztogile kalea, 51. Gasteiz) goizeko 9.30etatik aurrera. Izena emateko edota informazio gehiago izateko komunikazioa@baieuskarari.org helbidera idatzi edota 619909882 telefonora deitu.
Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen erabilera informazio eta komunikazio teknologietan sustatzeko
Bilbon antolatuko den biltzar honek helburu dauka, alde batetik, gutxitutako hizkuntzek IKTren eremuan izan ditzaketen aukerak aztertu, eta bestetik, bai gure erkidegoan bai beste herrialde batzuetan arrakastatsuak izan diren proiektuen berri eman. Horrela, antolatzaileen ustez, estrategia egokiak jarraituz, IKTetan izan dezakegun presentzia arrakastatsuagoa eta askoz eraginkorragoa izango da, gizarte digitalean biziraupena bermatuz.
Biltzarra azaroaren 18 eta 19an egingo da Euskalduna Jauregian, bertan batuko diren adituak lehen egunean goiz eta arratsaldez arituko dira eta bigarrenean eguerdira arte.
Izena emateko edota argibide gehiago izateko, idazkaritza teknikoarekin harremanetan jartzea baino ez duzue eta horretarako www.gazteonkz.eu/biltzarra helbidea erabil dezakezue edota 944 213 031 telefonoa.
Lan munduan euskarak zituen hutsuneak bete asmoz, Lanekik Elhuyarrekin elkarlanean lanbide heziketarako euskarazko hiztegia egin du. Lanbide Ekimena proiektuaren helburua da Lanbide Heziketarako materialak euskaratu, eta Interneten erabiltzaileen eskura jartzea, formatu elektronikoa erabiliz.
Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailaren diru-laguntza jasotzen duen proiektu honek, orotara. 5.641 kontzeptu biltzen ditu eta hiztegia 21 familiatan banatuta dago: Administrazioa; Arrantza eta Itsasoko Jarduerak; Arte Grafikoak; Elektrizitatea eta Elektronika; Elikagaigintza; Eraikuntza eta Obra Zibilak; Fabrikazio Mekanikoa; Gizarte, Kultura eta Komunitateko Zerbitzuak; Gorputz eta Kirol Ekintzak; Ibilgailu Autopropultsatuen Mantentze Lanak; Informatika; Irudi Pertsonala; Kimika; Komunikazioa; Irudia eta Soinua; Mantentze Lanak eta Ekoizpen Zerbitzuak; Merkataritza eta Marketina; Nekazaritza Jarduerak; Osasuna; Ostalaritza eta Turismoa; Zehar Lerroa eta azkenik, Zurgintza eta Altzarigintza.
Office 2010 ofimatika paketearen euskarazko bertsioa Internetetik jaisteko moduan jarri du jada Microsoft-ek.
LIP izeneko hizkuntza-paketeen bidez egiten da euskaratzea; horrela, gaztelaniazko Office 2010-en bertsio legal bat aurrez instalatuta edukitzea ezinbestekoa da euskarazko bertsioa deskargatzeko. Microsoften webgunetik jaitsi daiteke euskaratutako Office 2010-a. Bertan azalpenak ere badatoz, deskarga nola egin eta ondorengo pausoak nola eman adieraziz.
Microsoft Office Language Interface Pack 2010 - Euskara Windows 7, Windows Vista eta Windows XP sistema eragileekin erabil daiteke.

