Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
52. alea
2010eko iraila

 
Eskola Agendak 2010-2011
+

Aurtengo ikasturtean Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen DBHko ikasleei banatzeko eskola agendarekin batera, hainbat udalerritan lehen hezkuntzako gazteei banatzeko eskola agenda ere argitaratu dute Alkarbide bilguneak koordinatuta.

Urtero legez, Bizkaiko Foru Aldundiak EUREKA-EUSKARA izeneko agenda prestatu du Bizkaiko DBHko ikasleei banatzeko. Bizkaieraz egiten den agenda hau erakargarria ez eze didaktikoa ere bada. Agenda gazteen moduan mundua aldatu gura izan duten lagunei omenaldia da. Egileen asmoa asmakari ugariren sortzaile izandako andre eta gizon askoren izenak goratzea da, pertsona horiek gizartearentzat garrantzitsuak izan direlako. Guztira 26.000 ale banatu dira eskatu dituzten ikastetxeen artean. Eskaerak ikastetxeetatik bertatik bideratzen dira baina aurten euskara teknikari guztiek honen berri izan dute eta euren udalerrietako ikastetxeetan aurkeztu dituzte agendari berri leku guztietara heldu asmoz.

Bestetik, Bizkaiko 20 udalerrik lehen hezkuntzako ikasleen artean banatzeko Eskola Agenda 2010-2011 argitaratu dute. Jakin badakigu merkatuan eskola agenda asko dagoela baina Eskola Agenda egin duten 20 udalerri horietako euskara zerbitzuen asmoa agenda erakargarria, hurbila eta koloretsua egitea izan da.

Agendaren helburua irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanetarako baliabide praktikoa izatea da eta harreman horiek euskaraz izan daitezen ahalbidetzea da.

Aurreko ikasturteko Agerkariaren iraileko alean aipatu genuen agenda honek Galdakaon hasi zuen ibilbidea orain dela urte batzuk eta azken urteetan Arrigorriaga eta Etxebarrik ere parte hartu zutela. Agendaren arrakasta ikusita aurten Alkarbide bilgunearen bidez bideratzea erabaki da eta guztira 6.400 ale banatu dira 26 ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Ikasturte honetako agendaren ardatz nagusia Anbotoko Mari da, Bizkaiko irudi mitologikorik ezagunena. Akerbeltz bere lagunarekin batera ekimenean parte hartu duten herrietan zehar ibiliko da hilabete bakoitzean eta udalerriotako kontu esanguratsuenak ipuinen bitartez ezagutaraziko dituzte. Anbotoko Mari eta Akerbeltzek hilero lagun berri bat izango dute udalerri horietako historia eta kontuen berri emateko: Bermeon Xixili, Muxikan Balendin Enbeita, Mundakan surflaria, Enkarterrin korrejidorea, Balmasedan Amaia, Arrigorriagan Mika, Galdakaon Mozolo eta Lamia, Etxebarrin Kuku, Laukizen Lauaxeta, Maruri–Jataben bertako paisaia, Ortuellan Antonio eta Zierbenan arraunlariak.

Agenda honako udalerri hauetan banatu da: Arrigorriaga, Balmaseda, Bermeo, Enkarterriko Mankomunitatea, Etxebarri, Galdakao, Muxika, Mundaka, Laukiz, Maruri-Jatabe, Ortuella eta Zierbena.

Argazkiak ikusi

Doc2.jpg

Interneteko sare sozialei buruzko ikastaroa
+

Azken aldian sare sozialen erabilera handituz doa eta teknikari askorentzat kontu berria denez, sare horiek erabiltzeak sortu ditzakeen beldur eta kezkak uxatzeko Alkarbidek, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, Interneteko sare sozialei buruzko ikastaroa antolatu du.

Ikastaroaren helburua gaur egun gizartean komunikatzeko arrunt erabiltzen diren tresnen inguruko nondik norakoen berri izatea da, baina ez dugu nahi  alderdi teorikoa bakarrik lantzea eta horregatik ikastaroaren zati handiena praktikoa izango da eta teknikariok aukera izango duzue sareotan ibiltzeko.

Ikastaroa Bilbon izango da Azkue Fundazioaren egoitzan (Agoitz plaza, z/g). Saioa hiru ordukoa izango da baina guztiok parte hartu ahal izateko saio bi antolatu ditugu, urriaren 20 eta 21ean, bietan goizeko 10etatik 13etara.

Izena emateko azken eguna urriaren 13a izango da eta horretarako mezua bidali beharko duzue Alkarbidera parte hartu nahi duzuela adieraziz eta zein egunetan ahal duzuen esanez. Bietan ahal izanez gero, mesedez, biak markatu, horren arabera antolatuko baititugu taldeak. Egun bietan ahal duzuenoi urriaren 15ean jakinaraziko dizuegu zein egun egokitu zaizuen.

Argazkiak ikusi

facebook.jpg

AhoZgozatu
+

Txorierriko Mankomunitateak merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko egiten dituen egitasmoen artean AhoZgozatu izeneko pintxo lehiaketa antolatu zuen irailaren 19an. Proiektu honen bidez ostalarien eta bezeroen artean euskaraz egitea bultzatu nahi izan dute, bezeroak euskaraz eskatzera animatuz eta ostalariei eskaintzen duten zerbitzuan euskara kalitate gehigarri bat dela ikusaraziz. Horrela euskaraz eskatuz gero pintxoak ohiko prezioan baino merkeago aurkitu zituzten bezeroek.

Pintxoa dastatu ondoren, bezeroek gustukoena zein izan zuten adierazteko aukera ere izan zuten, horretarako prestatutako txarteletan markatuz. Gainera, txartel horiek bete zituztenen artean saria zozketatu da. Herri bakoitzean irabazle bat egon da eta parte hartu duten tabernetan gastatzeko 30 euroko bono bat eskuratuko dute.

Mankomunitatea osatzen duten sei udalerrietako 21 tabernak parte hartu zuten eta abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguneko egitarauaren baitan Txorierriko pintxo onena aukeratuko da, herri bakoitzean irabazlea izan den tabernen arteko final handian.

Argazkiak ikusi

pintxo lehiaketa.jpg

Kontalaria
+

Egunero erabiltzen ditugun leku publikoetan euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko Kontalaria izeneko proiektua aurkeztu zuen irailaren 27an Eusko Jaurlaritzan egin zen prentsaurrekoan Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Bego Muruaga Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendariak eta Fran Lasuen ipuin-kontalari eta musikariak.

Egitasmoaren helburu nagusia leku publikoetan euskararen erabilera bultzatzea bada ere, hizkuntzarekin bat eginda, sormena eta teknologia berriak ere landu nahi dira. Gainera, proiektu honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoko 20 herritatik igaro ostean herritarren parte-hartzearekin ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa osatuko da.

Horretarako, kamioi bat ibiliko da herri batetik bestera astebururo. Kamioi hori ipuina kontatzeko espazio ludikoa izango da. Barnealdean, kontu kontari jarduteko pantaila eta bideo kamera izango ditu, eta espazio horretan gauzatuko da ipuin kolektiboa. Kanpoko animazioaren bitartez, parte-hartzea bultzatuko da eta erregidoreak funtzionamenduaren mekanika argituko du. Aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio partaideari aurrekoaren kontakizunarekin jarrai dezan. Azkenik, ikus-entzunezko teknikariak, aurrez markaturiko irizpideak erabiliz, ipuina gauzatuko du. Haur nahiz gazte, heldu nahiz adineko, guztiek har dezakete parte.

Bizkaian ondoko udalerri hauek parte hartuko dute: Bilbo, Barakaldo, Bermeo, Durango, Galdakao, Gernika-Lumo,Getxo, Lekeitio eta Mungia.

Argazkiak ikusi

ipuinkolektiboa_270.png

Hiznet Graduondokoa
+

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoan izena emateko epea zabalik dago urriaren 8a bitarte. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa dauka. Soziolinguistika Klusterra eta Udako Euskal Unibertsitatea ere ikastaroaren laguntzaile dira.

Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza eskaintzeaz gain, Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondokoak ondoko helburu nagusi hauek ditu: euskararen normalizazioaren plangintzarako metodologia eta lanabesak irakastea, euskararen egoeraren berri zehatza ematea, eta Euskal Herriko gizarteak hizkuntzekiko eskaintzen dituen baldintzak ezagutaraztea.

Ikastaroak metodologia malgua darabil; e-learning formazio eredua eta aurrez aurreko lau saio uztartzen ditu. Ikastaroa abian jarri zenetik arlo ezberdinetako irakasleek parte hartu dute bertan.

Graduondokoa euskararekin lotura duen hainbat jenderi zuzenduta dago, hala nola, euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arloetan hizkuntza normalkuntzaren erantzukizun publikoa dutenei...

Aurtengoa hamargarren edizioa izango da eta datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da. Orain arte 400 kidek baino gehiagok parte hartu duten ikastaro honen informazio orokorra http://hiznet.asmoz.org web gunean edota hiznet@asmoz.org helbidera idatziz jaso daiteke.

Argazkiak ikusi

hiznet.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea