Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
51. alea
2010eko ekaina

 
Elkarteetan eragiten hitzarmengintzaren bidez
+

Elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia liburua aurkeztu zuen pasa den astean Topaguneak Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegiko ekitaldi aretoan.

Iñaki Eizmendi, Piedad Dorado, Ainara Labado, Itziar Larzabal, Galder Unzalu eta Sonia Perezek egindako liburuak era guztietako elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia garatzen du; metodologia honek euskara elkarteek 20 urtetan gizarteko eremu sozioekonomiko ezberdinetan landutako hitzarmengintza du oinarri.

Aurkezpenean Jasone Mendizabal eta Galder Unzalurekin batera izan zen Iñaki Eizmendik metodologia bera aurkeztu zuen. Eskuliburua tresna modura jaio dela azpimarratu zuen eta helburu zehatza duela gogoratu: elkarteetan eragiteko tresna zehatz, erabilgarri eta praktikoa eskaintzea, elkarteotako bizitza soziala (barne eta kanpo funtzionamendua) euskaldundu dadin.

Metodologia aplikatzeko hiru plan pilotuen emaitzak ere aurkeztu ziren. Ermua, Deustua eta Ordizian izan dira proiektuok martxan 2009 eta 2010 urteetan zehar eta landu diren arloetan (aisialdi, kirol eta kultur elkarteekin landu da nagusiki orain arte) emaitza interesgarriak lortu dituztela aipatu zuten.

Liburua Topagunean dago salgai.

Argazkiak ikusi

liburuxka.jpg

Ikastarorik ikastaro
+

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako gradu-ondokoa 2010/2011

Euskal Herriko Unibertsitateak Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ofiziala antolatu du Gasteizko Letren Fakultatean. Gradu-ondokoaren xedea Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ikertzaile profesionalak trebatzea da. Ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea da helburua, ikerlan esperimentalak ontzeko gaitasuna eta metodoak garatzea, horretarako guztirako baliagarri diren alderdietan prestakuntza hobetzea.

Ikerketa honetan 60 kreditu eskuratu beharko ditu ikasleak: 45 eskoletan eta 15 ikerlan bat den tesiaren bidez eta eskolak Gasteizko letren fakultatean izango dira, urritik abendua bitarte eta otsailetik martxoa bitarte goiz eta arratsaldeetan; baina aukera dago gradu-ondokoa urte bitan egiteko bakarrik goizez edo arratsaldez joanda.

Aurreinskripzioa egiteko epea zabalik dago uztailaren 2ra arte. Informazio gehiago lortzeko idatzi helbide honetara: inyaki.camino@ehu.es edota deitu hurrengo telefono zenbakira: 945 013 644.

Teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroa

Labayru ikastegiak antolatu duen euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroan izena emateko epea zabalik dago uztailaren 30a bitarte. Ikastaroa euskara teknikari lanetan dabiltzanei edo euskara teknikari edota trebatzaile beharretan ibili nahi dutenei zuzenduta dago.

Ikastaroak atal bi izango ditu. Lehenengoak, Administrazioa eta euskara izenekoak ikasleak trebatzaileen mundura hurbilduko ditu. Bigarren atalean, Hizkuntzaren normalizazioa, ikasleek euskararen erabileraren normalizaziorako dauden hiru planak (EBPN, Erabilera Plana eta Enpresetan Hizkuntza Normalizaziorako Plana) sakonean ezagutzeko aukera izango dute.

Ikastaro bukaerarako, talde txikitan, lan praktiko bat egin behar dute ikasleek, eta eskolan egindakoarekin batera, hori izango da ebaluatzeko erabiliko dena.

Ikastaroa irailean egingo da, 13tik 25era hain zuzen ere. Izena emateko deitu Labayrura (944 701 980) edo idatzi posta elektronikora honetara (eskola@labayru.org).

Argazkiak ikusi

gradu-ondokoa.jpg

Windows 7 eta Windows live
+

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Microsoft Ibérica-ko harreman instituzionaletarako kudeatzailea den Montserrat Pardok aurkeztu zuten ekainaren 17an Windows 7 sistema eragilea eta Windows Live zerbitzu plataforma euskaraz erabiltzeko aukera eskainiko duen sofwarea.

Windows eta Office-ko euskarazko azken bertsioak bezala, LIP izeneko pakete arin batekin instalatu ahal da azken hau ere, baina horretarako, jakina, Windows 7 martxan izan behar da ordenagailuan.

Windows 7 eta Windows Live euskaratuta eskuratu nahi dituzten erabiltzaileek Eusko Jaurlaritzaren webgunean badute horretarako aukera.

Argazkiak ikusi

windows7_270.png

Oporretan goaz
+

Uda ate joka daukagu eta Agerkariak ere oporrak hartuko ditu. Irailean itzuliko gara berriro albiste gehiagorekin; bitartean Alkarbideko postontziaren bidez jasoko duzue ordura artekoen berri.

Ondo-ondo ibili oporretan eta irailera arte!

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea