Debagoieneko Mankomunitateak Gidabaimena euskaraz izeneko ekimena aurkeztu zuen 2009an, B1 gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ahalbidetzeko asmoz mankomunitateko herrietan, Igorreko Arratia Autoeskolako arduradunak hainbat urtetan euskaratutako materialari eta AEOL argitaletxeari esker. Iaz, Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten herrietara (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) eta Oiartzunera zabaldu zen Gipuzkoan, eta Bermeora zein Mundakara Bizkaian. Aurten, berriz, Buruntzaldera (Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), Bizkaiko hainbat herritara eta Arabako Laudio herrira ere iritsi da kanpaina.
Bizkaian martxan jarri den egitasmoaren berri emateko prentsaurrekoa egin zen EUDELen. Bertan izan ziren BFAko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, Miren Dobaran, Erandioko euskara zinegotzia, Aitziber Oliban, Arratia autoeskolako arduraduna, Unai Zuluaga, Efren Vazquez, motozikleta gidaria, Herri Torrontegi, motozikleta gidari ohia eta Iñigo Iruarrizaga, gidabaimena euskaraz atera duen gazte bat.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako egitasmo honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da gidabaimena ateratzeko ikaskuntzan. Hori lortzeko, irakaskuntza ematen dutenen eta ikaskuntza jasotzen dutenen arteko elkarreragina lortzeko ekintza bi gauzatu dira: sentiberatze kanpaina 17 eta 23 urte bitarteko gazteen artean eta hitzarmenak sinatzea egitasmoan parte hartzen duten autoeskolekin.
Parte hartzaileak Bizkaiko 6 udal eta 2 mankomunitate izan dira, hau da, guztira, 18 udalerri. Beste alde batetik, herri sustatzaileetan 27 bulego dauzkaten 21 autoeskolak bat egin dute egitasmoarekin.
Familiak hizkuntza geroratzearen garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Alkarbide bilguneak koordinatuta eta C lan-taldeko teknikarien ekimenari esker garatu da aurtengo kanpaina. Aurten leloa aldatu dugu, hurbilago egite aldera Esaidazu euskeraz | Dímelo en euskera erabili dugu eta kanpaina jaioberriak nahiz 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzat egin da, eta haren helburua euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.
Esaidazu euskeraz | Dímelo en euskera kanpaina 33 udalerri eta 3 mankomunitatetako 14.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan. Guztira, 54 udalerrik parte hartu du.
Jaioberriak dituzten gurasoek alkateak edo beste udal ordezkariren batek sinatutako zorion-gutunaz gain, hizkuntza geroratzeko aholkuak jasotzen dituen hiru-orrikoa eta umearentzako adur-zapia jasoko dute (aurten kolorea aldatu eta gorria egin dugu).
1-6 urte bitarteko umeen gurasoek, berriz, euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen duen gutun eta aholkuen liburuxkarekin batera umearentzako askari-poltsa jasoko dute.
Gainera, KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka ere banatu dute. Liburuxkarekin batera CDa ere banatu da. CDan liburuxkan agertzen diren abestiak batu ziren, gurasoek letra aurrean dutela umeekin abesteko. Guztira, ia 8.000 liburuxka eta CD banatu dira.Pasa den maiatzaren 21ean Bermeoko Euskara Zerbitzuak Kalinpan izeneko maskota aurkeztu zuen. Aurten ere Arrain azokaren lehen eguna aprobetxatu zuten Geurien be bai egitasmoaren aitorpen ekitaldia egiteko eta orduan aurkeztu zuen maskota berria.
Geurien be bai egitasmoaren barruan, 2007ko amaieran, kirol arloan indartu beharra sumatu zuten. Hori dela eta, Bermeoko Euskara Sailak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, ekimen txiki batzuk bideratu zituen urte hartan: hainbat monitorerekin hitz egin, sentsibilizazio-ekintza batzuk martxan jarri…
Iaz, euskararen egoera hobeto ezagutzeko asmoz, kirol-arloko euskararen diagnostikoa osatu zuten kiroldegian jasotako datuekin (monitoreek eta erabiltzaileek emandakoak) eta kirol-elkarteetako kideek emandako informazio eta iritziekin. Azterlanarekin batera, hurrengo urteetan egingo dituzten ekintzak ere diseinatu zituzten. Izan ere, beharrezkoa ikusten dute arlo horretan eragitea euskara gehiago erabili nahi bada.
Kalinpan maskotak Bermeoko kirol-taldeek antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartuko du eta berak gogoraraziko du kirola euskaraz ere egin daitekeela eta kirolarekin euskaraz goza daitekeela nekerik eta izerdirik gabe.
Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Bizkaiko 39 udalerrik abian jarri zuten Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina eta, horrenbestez, Bizkaiko 6000 gaztek ikasketak euskaraz jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jaso dute otsail eta maiatza bitartean.
Kanpainaren berri emateko, gazteei diptikoa banatu zitzaien eta bertan www.nahidudalako.com kanpainaren web gunearen berri ematen zen. Kanpainaren balorazioa egin ahal izateko web gunean inkesta bat prestatu zen, bertan ikasleek hezkuntzari eta web guneari buruzko galderak erantzuteko aukera izan dute, horrez gain iradokizunak egiteko tartea ere izan dute. Guztira 110 inkesta jaso dira eta maiatzaren 31n argitaratuko dira zazpi irabazleen izenak web gunean.
EHUko udako eskaintzaren barnean, Soziolinguistika Klusterrak Euskara komunikatu? Nor-Nori-Nork izeneko ikastaroa antolatu du. Ikastaroaren helburu nagusia euskararen inguruko komunikazio-proiektuen eragina neurtzeko eta hobetzeko tresnak eskaintzea izango da. Helburu nagusira heltzeko, bitartekoak honako hauek izango dira: komunikazioaren elementuak ezagutzea; diskurtso egokia eraikitzeko irizpideak ematea; proiektuen errentagarritasuna neurtzeko tresnak eskuratzea eta komunikazio tresnak aztertzea.
Ikastaroa ekainaren 22 eta 23an izango da eta bertan izango dira Pilar Kaltzada, Joseba Kamio, Iñaki Iurrebaso, Belen Uranga eta Joxerra Gartzia.
Izena emateko epea zabalik dago plazak bete arte. Informazio gehiago www.soziolinguistika.org/ehuikastaroa helbidean.

