Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
49. alea
2010eko apirila

 
Irakurri, gozatu eta oparitu
+

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren laugarren edizioa aurkeztu zuen Bilbon hilaren 21ean. Egitasmoaren helburua euskarazko irakurketa bultzatzea da. Bizkaiko hainbat udalerritan egingo den egitasmo hau tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden elkarlanari esker gauzatuko da. Bizkaian ez eze, Euskal Herriko beste hainbat udalerritan ere egingo da.

Egitasmoaren lehen pausoa liburutegira hurbiltzea da. Liburua irakurri ostean liburutegira bueltatzen denean, hiru galdera errazeko fitxa bat bete eta liburuzainak deskontu txartela emango dio herritarrari hitzartutako dendetan erabili ahal izateko.
Azken urratsa deskontuarekin erosi den liburua oparitzea izango da.

Egitasmo hau apirilaren 23an hasi da, Liburuaren Nazioarteko egunean, eta uztailaren 24an amaituko da.

Argazkiak ikusi

irakurri.png

Jardunaldiak
+

Bilbon mundua ikusi

Maiatzaren 7 eta 8an Mendebalde Kultura Alkarteak Bilbon mundua ikusi izeneko jardunaldiak antolatuko ditu. Jardunaldiotan gaur egungo Bilbo eta euskarak eta euskaldunek hirian duten egoera izango dira aztergai, horretarako zenbait ikuspegi kontuan hartuko dituzte, besteak beste, Bilbok izan duen bilakaera urbanistikoa eta soziala, euskararen erabilera hirian, euskalduntze-prozesua aurrera eroateko ekimenak, hiriko euskal komunikabideak etab.

Jardunaldietako lehen egunean honako hauek arituko dira: Joseba Zulaika, Aitor eta Pedro Zuberogoitia eta Iñaki Gaminde. Bigarren egunaren lehen zatian, Josejoa Gallastegi, Bilboko euskara teknikaria, Jose Angel Irigarai eta Manu Aurrekoetxea izango dira hizlari; atsedenaren ostean euskal komunikabideen inguruko mahai-ingurua egingo da.

Matrikula egiteko azken eguna maiatzaren 6a izango da. Informazio gehiago www.mendebalde.com helbidean aurkituko duzue.

Euskararen jatorriaren V. Biltzarra

Maiatzaren 15ean, Arteagan, Euskararen Jatorriaren V. Biltzarra ospatuko da. Bosgarren biltzar honek toponimia izango du hizpide. Biltzarrean toponimiak hizkuntzalaritzaren barruan duen garrantzia azpimarratu nahi dute eta horretarako euskal toponimia ezagutzea beharrezkoa da, bai Euskal Herrian kokatuta bai kanpoan daukaguna.

Goizean lehenengo Luis Mari Mujika eta Bienvenido Marcaray arituko dira eta ostean mahai-ingurua izango da; Mujika Araba, Errioxa eta Burgosko euskal toponimiaz arituko da, azken urteotan egin dituen bilketa lanetan oinarrituta, eta Bienvenido Marcaray Huescako ikertzaileak penintsulan dauden toponimo iberiarrak oinarri hartuta, iberiera hizkuntzaren interpretazioaz jardungo du. Ostean, mahai-inguruan Euskal Herritik kanpoko euskal toponimiari buruz arituko dira.

Arratsaldean Santimamiñeko kobetara bisita egin ostean, mahai inguru irekia egingo da eta Euskal Herriko herrialdeen eta hiriburuen hitzen esanahiaz hitz egingo dute ikertzaileek; eta amaitzeko, Iruña Veleian azken urte honetan izan diren gertaera garrantzitsuenak eskainiko dizkigu horretan aritzen den Martin Elexpuruk.

Izena emateko euskararenjatorria@gmail.com helbidera mezua bidali behar da.

Aurreko biltzarrei buruzko informazioa: www.euskararenjatorria.eu.

Argazkiak ikusi

mendebalde.jpg

Udaltop
+

Apirilaren 21 eta 22an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean UDALTOP udaletako euskara zerbitzuen II. topaketak egin ziren. Topaketen izenburua ondokoa izan da: Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?

Topaketetan Euskal Herri osotik etorritako euskara teknikari eta gazteria teknikariek eta bestelako erakundeetako teknikariek hartu zuten parte. Ehun eta hogei lagun inguru elkartu ziren Manuel Lekuona kultur etxean.

Aurtengo jardunaldien egitura iazkoaren parekoa izan da, lehen egunean eta bigarrenaren lehen zatian ponentziak entzun ahal izan ziren eta azken zatian talde-lana egin zuten. Hala ere, hainbat berrikuntza izan dira: blogak eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com web gunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu da. Bestalde, Facebook, tuenti eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.

Egun bietan entzundakoak eta hainbat udalerritan egindako esperientziak www.udaltop.com web gunean jarri dituzte guztiontzat ikusgai.

Argazkiak ikusi

UDALTOP.jpg

Bizkaiko kirolariek euskaraz
+

Lan-mahaietan esan bezala, iaz hasitako Kirolean euskaraz kanpainak segida izango du aurten eta posterren lehenengo argazki-saioa egin da. 2010ean bost kirol jorratuko dira: txirrindularitza, surfa (edo antzeko ur-kirolen bat), eskubaloia, lasterketa eta sokatira. Erandioko sokatira taldekoak izan dira hain zuzen ere, lehenengoak erretratatzen, Muruetako ontziolan.

Laster jasoko dituzue kanpaina honi lotutako aurrekontuak eta ekitaldi honetan aurreikusitako ekintzak.

Argazkiak ikusi

Erandioko sokatira taldea Muruetako ontziolan.jpg

HPSn izendapen berriak
+

Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan den Ramon Etxezarretak eta Igor Calzada Koordinaziorako zuzendariak kargua utzi dute.

Apirilaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Kultura sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, Ramon Etxezarreta Hizkuntza Politikarako sailburuordea kargutik kentzea xedatu da eta bere ordez, Lourdes Auzmendi izendatu dute Hizkuntza Politikarako sailburuorde. Ondorioz, Lourdes Auzmendi Euskara Sustatzeko zuzendari kargutik kentzea onartu da eta bere lekua Begoña Muruagak hartuko du.

Bestalde, Igor Calzada Koordinazioko zuzendari kargutik kentzea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak, eta bere lekua Ivan Igartuak hartzea adostu dute.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea