Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
48. alea
2010eko martxoa

 
Gidabaimena euskaraz
+

Bilgunearen B ereduko lan-mahaiak landuta, Gidabaimena euskaraz egitasmoa martxan jarriko da gazteek gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera izan dezaten. Horretarako  kanpainan parte hartzeko epea apirila arte luzatu da, teknikariok zuen herrietako autoeskoletako arduradunekin hitz egiteko aukera izan dezazuen.

Egitasmoa, batez ere, 17 eta 23 urte arteko gazteei zuzenduta dago adin horretako gehienek gidabaimena ateratzeko interesa dutelako eta euskaraz alfabetatuak daudelako. Horretarako gidabaimena atera nahi duenak materiala euskaraz izango du: teoriako liburua, testak egiteko  programa informatikoa eta azterketa euskaraz egiteko aukera.

Egitasmoa sustatzeko bi bide daude; alde batetik, hitzarmena sinatzea herriko autoeskolekin. Bertan jasoko lirateke euskara zerbitzuak autoeskolari eskaintzen dizkionak (diru-laguntzak, eskuliburuak…) eta, trukean, eskatzen dizkionak. Bestetik, gidabaimena euskaraz ateratzera gogatzeko sentiberatze-kanpaina zabaltzea herriko gazteen artean.

Egitasmo honen aurrekariak Debagoieneko Mankomunitatean Gidabaimena EUSKARAZ izeneko ekimen batean aurkitu ahal dira. Bertan, B1 gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ahalbidetu nahi izan zuten mankomunitateko herrietan, Igorreko Arratia Autoeskolako Unai Zuluagak hainbat urtetan euskaratutako materialari eta AEOL argitaletxeari esker. Gero, besteak beste, Bizkaiko Bermeo zein Mundakako udalerrietan ere zabaldu zen.

Argazkiak ikusi

azala.ona.JPG

Motibazio hitzaldiak martxan daude
+

Bizkaiko 5 udalerritan eman ditu dagoeneko Julian Iantzik 12 hitzaldi. Programa berri baten grabaketa egitetik, Argentinatik etorri berria da Julian eta hizkuntzekin izandako esperientzia pertsonala azaldu die gazteei. Estatu Batuetan jaio zenetik, gaur egun arte bere bizitzan zehar izandako hizkuntzen erabileraren gora-beherak azaldu ditu euskarari berebiziko garrantzia emanez.

Bizitako esperientziarekin batera, euskara ikastea eta erabiltzearen garrantzia azaldu die: euskara barik ez zen telebistan lanean hasiko eta horri esker, gaur egun pertsona ezagun izatera heldu da. Baina ospetsua izateari garrantzia kendu nahi dio Julianek, eguneroko bizitzan norberak baitu garrantzi handiena, eta gazteek momentu onean daude etorkizunean zer izan nahi duten erabakitzeko eta nahi duten horretarako behar duten prestakuntza izateko; beti ere, euskara ahaztu gabe, gure hizkuntzak haziarazten baikaitu nahi dugun hori lortzeko.

Hitzaldian zehar, Iantzik gazteei galderak egiteko aukera ematen die: bai euskarari, bai berak telebistan egindako lanei buruzko galderak, azkenak hitzaldiaren azken txanpan. Gazteek ordu eta erdian zehar telebistako aurkezle trebe honen hitzak adi-adi entzun dituzte era dinamiko eta gertuko hizkera batean. Gazteek gaztelaniaz entzun izan dituzten pasarteak eta anekdotak euskaraz entzuteko eta hitz egiteko aukera izan dute.

Aste Santua eta gero, hitzaldiek aurrera egingo dute eta  Julian Iantziren bizitzan hizkuntzek izan duten garrantziaren berri izango dute beste 12 udalerritako gazteek. Motibazioa bermatuta dago. Gero gazteen txanda izango da.

Argazkiak ikusi

PC170119.JPG

Getxoko ibilbide toponimikoak
+

Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak elkarlanean antolatuta, martxoaren 17an hasi zen herritarrei zuzendutako aurtengo lehen ibilbide toponimikoa. Getxoko leku izenak toponimia liburuan oinarritutako 10 ibilbide egitea proposatzen duen ekimenaren hirugarren edizioa da eta aurrekoetan bezala, oraingoan ere ikastetxe, kultur elkarte, euskaltegi eta herritarrei dago zabalik.

Herri osoko toponimia ezagutzera emateko helburuarekin, doako ibilbideak eskainiko dira euskaraz eta gidariak euskara maila entzuleen ulermen mailara egokituko du. Gainera ikastetxeetarako eskola materiala prestatu eta banatuko da, ibilbidea aldez aurretik landu dezaten.

Udalak udaberrian eskainiko ditu ibilbideak, lehenengo bietan (martxoan eta apirilean) udalerriko 3 euskaltegiei, kultur elkarte eta mintzalagun taldeei zuzenduta; bigarren bi hilabetekoan (maiatzean eta ekainean) ikastetxeei eta lau hilabete horietan herritarrei. Ibilbideen distantziak 1.000 eta 5.900 metro artekoak izango dira.

Informazioa eskatzeko eta ibilbideetarako aurretik izena emateko Getxoko Turismo bulegora jo edo 688 635 350 telefono zenbakira dei dezakete pertsona interesatuek.

Argazkiak ikusi

getxotopo10.JPG

Zergatik ez? tailerra
+

Eredu guztietako teknikari askok dagoeneko Zergatik ez? tailerrean parte hartu dute eta orain zuen herrietan tailerra eskaintzeko garaia heldu da. Tailerrak euskararen erabilera soziala bultzatzeko sortu da eta eskaerak egiteko epea zabalik dago jada.

Tailerraren helburu nagusiak honako hauek dira: euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnarketa gune bat sortzea; guk, hiztun gisa, uneoro aukeratzen ditugun hizkuntza jarrerek duten eraginaz hausnartzea; euskararekiko jarrera baikorrak sustatzea; eta baikortasunerantz jotzen duen euskararen errealitatearen eta etorkizunaren ikuspegi bat azaleraztea.

Hiztun orori zuzenduta daude tailerrok, batez ere, lehentasunez, euskara ezagutu arren, erabileran sakondu eta eremu eta harreman ugari irabazteko dituzten hiztunei, eta euskararekiko hurbilpen berezirik bizi ez duten euskaldunei ere, indiferentzia hori aldekotasun bihurtzen saiatzeko asmoz. Azkenik, euskararekiko aldekotasuna sentitzen dutenei, gure hizkuntzaren aldeko argudio eta arrazoiak aurkituko baitituzte tailerrean.

Saioak 2 ordukoak dira eta, gehien jota, 12 lagunek parte hartzea gomendatzen da.

Argazkiak ikusi

Imagen2.jpg

Astiro-astiro euskera ikasi, gelditu barik!
+

Orain dela urte batzuk, Amorebieta-Etxanoko Udalak Astiro-astiro euskera ikasi, gelditu barik! leloa zeraman kanpaina gizarteratu zuen, euskararen erabilera areagotzeko guraso (aitite-amama/zaintzaile…) gehienbat erdaldunen eta ume txikien artean. Aurten, berriz, Erandioko Udalak kanpaina hura berreskuratu gura du (aldaketa txiki batzuk eginda) transmisioa lantzeko asmoz eta, ildo horretan, beste udalen batek kanpaina honetan interesa edukiko balu, eskaerak egiteko garaian dago.

Kanpaina honetan etxeetara liburuxka bat bidaliko zaie umearekin euskaraz hitz egiteko aholkuekin eta umearentzako opari batekin. Kanpainaren gaineko informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu esteka honetan http://www.ametx.net/nuevosite/barraskiloa/index.html edo idatzi Alkarbidera (alkarbide@bizkaia.eus).

Argazkiak ikusi

izengabea.JPG

Kirol ekintzak Zierbenan eta Abanto-Zierbenan
+

Abanto-Zierbenan, III. Euskal Astearen barruan, ekintza berezi bat antolatu dute: Ur bataioa euskaraz, 12 urtetik gorakoentzat. Apirilaren 24an izango da hitzordua goizeko 10etan Abanto–Zierbenako kiroldegian. Bi zati izango ditu: alde teorikoa eta alde praktikoa. Nahiz eta praktikoa erraza iruditu, teoria ere beharrezkoa da urperaketa egokia egiteko eta arazoen aurrean nola jokatu jakiteko. Horretarako Getxoko urpekaritza eskolako kide batek emango du ikastaroa euskaraz.

Bestetik, Zierbenako udalak 8-16 urte bitarteko gazteentzat Pilota tailerra antolatu du. Kultur etxean emango da tailerra apirilaren 21 eta 22an eta maiatzaren 5 eta 6an. Oier Zearra eta Mikel Aingeru Rafael jokalari profesionalak arituko dira hizlari. Bertan, euskal pilotako jokamolde ezberdinen erakusketa ikusi ahal izango da bideo pasarte batean eta horren azterketa bat egingo da. Bestetik, eskuak nola babesten diren ikasi eta praktikatuko dute gazteek. Eskuzko pilota nola egiten den ere ikasiko dute eta euskal pilotako material egokituarekin praktikak egiteko aukera izango dute: zestapoteak, palak, eskuzko goxuak, txiki-jai.

Argazkiak ikusi

pilota tailerra.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea