Merkataritzan euskara sustatzea helburu duten hainbat egitasmo garatu dira azken urteotan Bizkaiko hainbat udalerritan. Egitasmo horiek izandako arrakasta ikusita, Euskara, eskaintzarik onena! izena daraman egitasmo orokorragoa garatu da. Horien berri emateko aurkezpena egin zen EUDELen. Bertan BFAko euskara sustatzeko zuzendari nagusia, Miren Dobaran, Sopelanako alkatea, Imanol Garai eta Zaldibarko euskara zinegotzia, Nerea Garitagoitia, hizlari aritu ziren eta Aketza Sanchezek, Plentziako Cabobillano merkatariak, jasotako materialaren gaineko adierazpenak egin zituen.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako egitasmo honen helburu nagusia da merkatari eta ostalarien artean euskararen erabilera sustatzea horretarako baliabideak eskainiz. Parte hartzaileak Bizkaiko 16 udal eta 2 mankomunitate izan dira, hau da, guztira, 29 udalerri.
Kanpainaren euskarri nagusiak kartelak, CDa eta web gunea izan dira. Merkatariei lana errazte aldera, udalerri batzuek paperezko euskarriak ere banatzea erabaki zuten. CDak, berriz, 2.000 ale inguru banatu dira eta bertan merkatariek euskaraz saltzeko behar dituzten baliabideak batu dira, lau ataletan sailkatuta: hiztegia, kartelak, idazkiak eta argibideak.
Azkenik, web gune bat eratu da CDan dagoen informazio guztia sareratzeko eta parte hartu duten udalerrien web guneetan eta Azkue Fundazioaren web gunean dago ikusgai.
Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Bizkaiko 39 udalerrik abian jarri dute Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina eta, horrenbestez, Bizkaiko 6000 gaztek ikasketak euskaraz jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jaso dute.
Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 4. mailan ikasten ari diren gazteak dira, hau da, orain arte ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak. Gazte hauei ondorengo urteetan ere euren ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematen zaie.
Kanpainaren berri emateko, gazteei diptikoa banatu zaie eta bertan www.nahidudalako.com kanpainaren web gunearen berri ematen da. Web gune horretan sartuz gero, gazteek hainbat datu aurkitu ahal izango dituzte, besteak beste, Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko eskaintzaren berri zehatza, ikastetxeetara joateko behar dituzten garraio publikoen gaineko informazioa eta laguntza eskuratzeko hainbat web guneri buruzko informazioa.
Azkenik, kanpainak Nerea Alias, EITBko aurkezlearen laguntza izan du eta bera da web gunearen irudi nagusia. Web gunean gainera, gazteek lehiaketa batean parte hartu eta sari potoloak irabazteko aukera ere badute; besteak beste, musika eta irudi irakurgailuak, bideo-jokoen kontsolak (ipod, play station edo MP3 motakoak), etab.
Udaletako euskara zerbitzuek egin duten lana elkarbanatzeko eta denontzako erabilgarria izateko sortu ziren iaz Udaltop topaketak. Udaltopen helburu nagusia Euskal Herri osoko herri administrazioetako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzea eta bide berriak irekitzea da, gai ezberdinak jorratuz. Ildo beretik jarraituz, aurten udal askorentzako garrantzitsua den gaia jorratuko dute: gazteak eta euskara.
Horretarako apirilaren 21 eta 22an egingo diren Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak antolatu dira. Bigarren edizio honetan Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? gaiari buruzko esperientziak entzun ahal izango dira Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Bertan Euskal Herriko udaletako teknikariak eta gai horren inguruko ikerlariak eta interesdunak bilduko dira eta denen artean aurtengo gaiaren galderari erantzuten ahaleginduko gara. Guztira hamar ponentzia izango dira. Izena emateko epea otsailaren 22an zabaldu zen eta hilabeteko epean egin beharko da matrikula.
Aurtengo jardunaldietan berrikuntzak izan dira, besteak beste, bloga eta sare sozialak. Iaz www.udaltop.com web gunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahian. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.
UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Guk abizena, zuk? abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri du martxan mankomunitateko herrietan, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Izan ere, aurkezpenean aipatu zutenaren arabera, udalerrietako telefono listina hartuz gero, hainbat euskal abizen daude oraindik gaztelaniazko grafiarekin.
UEMAko udalerrietako etxe guztietan banatu dute abizenak euskalduntzeko kanpainaren informazioa. Era berean, UEMAren Berripaperean kanpainaren berri ematen da eta herritar guztiek euren postontzian jasoko dute. Horrez gain, herrietako toki esanguratsuetan (udaletxeetan, kultur etxeetan, liburutegietan...) postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.
UEMAk, gainera, gomendatu du UEMAtik kanpoko herrietan ere gauza bera egin daitekeela abizenak euskal grafiara moldatzeko, eta dei egiten die euskaldun guztiei abizenak euskaratzeko. Beste udalerri batzuetan ere kanpaina bera martxan jarri dute eta abizenak euskaraz jartzeko zerbitzua eskaintzen dute: Getxo, Gernika…
Grafia aldatzeko, interesatuek honako hiru urrats hauek jarraitu behar dituzte: erregistro zibilera edo bake epaitegira joan, bertan ematen duten eskaera orria bete eta, besteak beste, agiri hauek aurkeztu: NANa, hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria, familia liburua ezkonduta edo seme-alabarik izanez gero, eta 16 urtetik gorako seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.
Zer da wikiplaza? Zer eskainiko lioke wikiplazak Alkarbideri? Galdera horien erantzuna jaso zuten Azkue Fundazioak horretarako prestatu zuen aurkezpenean bildu ziren teknikariek.
Alkarbide Bizkaiko euskera zerbitzuen bilgunea da eta bere kalitatea handitu nahian, Azkue Fundazioak wikiplaza plataforma eskaini dio teknikarien eguneroko lana errazteko asmoz. Gunea atal hauek osatzen dute:
- Wikiak: dokumentuak plataforman sortu eta guztiok momentu berean aldatzeko aukera ematen du. Aldaketok erregistratuta geratzen dira.
- Bloga: Irudiak, bideoak, testuak sortu eta gainontzekoei ailegarazteko aukera ematen du.
- Foroak: eztabaidaguneak dira. Kategoria ezberdinetan sailkatuta eztabaida diferenteak mantendu ahal izateko.
- Biltegiak. Dokumentuen biltegiak sortu ahal dira bertan eta irudiak eta dokumentuak gorde ahal dira izen eta deskribapen-fitxa batez lagunduta.
Informazio gehiago nahi duenak alkarbide@bizkaia.eus helbidera idatz dezake.


