Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
46. alea
2010eko urtarrila

 
D bitamina. Aberastu bere heziketa!
+

D bitamina. Aberastu bere heziketa kanpaina Bizkaiko zenbait udalerriren ekimen bateratua da. Urtero bezala, 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoei hezkuntza sistemari buruzko informazioa bidaltzen zaie horren inguruan hausnarketa egin dezaten. ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 7600 liburuxka inguru banatu dira.

Helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea da eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea. Guztira 45 udalerrik hartu dute parte: 23 udal eta 3 mankomunitate.

Kanpainaren osagarri nagusiak hiru dira: gutuna, gutunazala eta oparia. Udaleko ordezkariren batek sinatutako gutunean bertan euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen da. Gutunazalean, berriz, jasotzailearen helbidearekin batera D eredua aukeratzeko arrazoiak agertzen dira. Nahiz eta gutuna gurasoei zuzenduta egon, umeei opari bat egin nahi zaie: kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua.

Bestalde, kanpainaren berri emateko kartelak ere banatu dira zenbait udalerritan. Kartelok haurreskoletan, pediatrarenean eta 2-3 urteko haurren gurasoak ibili ohi diren tokietan jarri dira.

Argazkiak ikusi

D bitamina2.jpg

Erandioko leku-izenen liburua eta toponimoen maparen aurkezpena
+

Erandioko leku-izenak toponimia-lana aurkeztu du Erandioko Udalak, 2005-2007 urte bitartean egindako toponimia lana oinarri hartuta. Aurreneko lan horretan, toponimia beka baten bitartez, artxibategi, dokumentu eta elkarrizketetan jasotako toponimoak aztertu eta bildu ziren. Euskaltzandiako Onomastika batzordeak bekaren emaitzak aztertu eta gero, irizpen-txostena bidali zion Erandioko Udalari herriko kale-izendegia egokitzeko proposamenarekin.

Aurkezpenean, besteak beste, honako hauek izan ziren: Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, Joseba Goikouria, Erandioko alkatea, Aitziber Oliban, Erandioko euskara zinegotzia eta Xabier Kintana, Euskaltzaindiaren idazkaria. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria ere han izan zen, herriko toponimoak berreskuratzen lagundu duten informatzaileekin batera.

Lanaren helburu nagusia herriko toponimoak ez desagertzea da, toponimia hizkuntzaren zati garrantzitsua delako eta euskararen normalkuntzan aparteko garrantzia duelako. Toponimoek balio linguistikoa ez eze, balio historikoa ere badaukate; beraz, zaindu eta iraunarazi behar duen herri ondarea osatzen dute. Ondorioz, 60 kale, bide edo erreka inguruk bere historiaren zati bat berreskuratuko dute toponimia lan honi esker.

Liburua zein lanaren ondorioz egindako Erandioko toponimoen mapa herriko etxeetan banatuko dira eta herritarrek eskuragarri izango dituzte. Lanotan herriko toponimoen bilakaera historikoa azaltzen da: baserriak, auzoak, errekak, iturriak, basoak, harrobiak edo herriko kale-izendegia. Era berean, herriko eskoletan gaiari buruzko unitate didaktikoak landuko dira eta web gune berria prestatuko da.

Argazkiak ikusi

Erandio.jpg

Julian Iantzi gazteekin euskararen erabilera sustatzen
+

Aurreko urteetan bezala, gazteen artean euskararen erabilera sustatze aldera, 2010ean motibazio hitzaldiak antolatuko dira Bizkaiko zenbait udalerritan. Hizlaria Julian Iantzi izango da, egunotan gazteen artean ezaguna den telebista-programa bateko aurkezlea. Orain arte hainbat hitzaldi eman izan ditu gai askoren inguruan eta arrakasta lortu izan du beti. Hitzaldiok 12-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta euren xedea da euskaraz dakiten gazteak euskara erabiltzera bultzatzea eta giro atseginean euskara naturaltasunez erabiltzea.

Egitaraua gazteen parte-hartzearen araberakoa izango da. Hala ere, hitzaldi bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango duela aurreikusten da, bi zatitan banatuta. Aurreneko zatian Julian Iantzik egingo du aurkezpena eta gazteei azalduko die euskara jakitea ez dela nahikoa, ezinbestekoa dela erabiltzea. Bigarren zatia, berriz, guztiz dinamikoa izango da. Iantzi gazteekin elkarrizketan arituko da eta bere asmoa gazteek euskara naturaltasunez egitea izango da gaia edozein delarik ere. Gazteek nahi dutena galdetu ahal izango dute; ez du derrigor euskararen ingurukoa izan behar, gazteentzat erakargarriak diren gaiak lantzea da helburua.

Argazkiak ikusi

julian1.jpg

Gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen azterketa
+

Soziolinguistika Klusterrak Urtxintxa eskolarekin eta Topagunea euskara elkarteen federazioarekin elkarlanean garatutako Gazteen hizkuntz erabileran eragiten duten faktoreen azterketa proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte.

Hizkuntzaren erabilera, konplexutasun handiko gizarte fenomenoa da. Pertsona bakoitzarengan gurutzatzen diren hainbat faktoreren elkarreraginetik sortzen da pertsona horrek hizkuntza batean edo bestean hitz egiteko duen joera. Gazterian ere neurtu ezinezko aniztasuna topa liteke pentsaera, iritzi, ohitura eta jokaerei dagokienez.

Azterketaren helburua Euskal Herrian aurki daitezkeen testuinguru ezberdin guztietarako baliagarria izango zen eredu bat sortzea da haur eta gazteekin lanean diharduen gehienentzat erabilgarria izan dadin ziurtatuz.

Ondorio guztien artean aipamen berezia merezi dute gazteen hausnarketan parte-hartzaileek nabarmendutako harreman sare nagusiek. 12 eta 30 urte arteko gazteen hizkuntza erabileran, hiru sare aipatu izan dira bereziki. Lehenik eta behin, familia edo etxeko harremanak; bigarrena, ikasketa prozesua edo jarduera profesionalarekin lotutako erlazioak; eta azkena, berdinen arteko harremanak. Horien artean bikotekidea, koadrila eta bestelako lagunak bereizi beharra askotan aipatu izan da, multzo bat osatu arren hiru azpitalde hauek erabileran izan dezaketen eraginaren intentsitatea eta zentzua ezberdina izan daitekeela kontuan hartuta.

Argazkiak ikusi

GAZTEAK- logoweb.preview.jpg

Euskaraz atari berria Interneten
+

Atari berria dugu Interneten euskarari lotutako albisteak, loturak eta baliabideak eskaintzen dituena. Ataria EITBko web gunean dago eta eskaintzen dituen eduki interesgarriekin batera, aipatu beharrekoa da HIKEA, hau da, EITB taldearen hizkuntza-ezagutza kudeatzeko aplikazioa, eta hemendik aurrera edonork kontsultatzeko aukera izango du.

Web guneak 6 atal ditu: Euskaraz, Euskara ikasi, Kontsultak, Albisteak, Hiztegiak eta Gehiago. Lehen atalean azken orduko albiste eta gai interesgarrienak agertzen dira. Euskara ikasi atalean, berriz, www.ikasten.net web gunearen berri ematen du, hau da, euskara sarean ikasteko online ikastaro berria. Kontsultak atarian edozein hiztegi, argibide edo esapideren gaineko kontsulta egiteko aukera dago. Hitzen bilaketa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta latinez egin daiteke, baita gaika ere. Albisteak ataria, aldiz, euskararekin lotuta dauden berri guztien bilgunea da. Hiztegiak gunean sarean dauden hiztegien loturak agertzen dira gaika sailkatuta. Amaitzeko, Gehiago atala dugu. Bertan pastoralen gunea kokatu da, hau da, ETBn 2001etik hona ikusgai egon diren pastoral guztiak testu eta guzti. Testuak bertsio bikoitzean datoz, zubereraz eta batuaz, eta pastoral bakoitza aurkezpen labur batekin hornituta dago.

Argazkiak ikusi

eitb_hikea_270.png

ZUtaGU sare sozial berria
+

Zutagu ezagutza partekatzeko sare sozial bat da eta helburu du besteekin ezagutza partekatu nahi duten pertsonak biltzea eta beraien artean elkartzea. Goi mailako ikasketak dituzten pertsonak, gai batean lanean diharduten profesionalak edo aisialdiko gai baten inguruan interesa duten pertsonei baliabideak eskaini nahi dizkie BFAko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntza jaso duen sare sozial berri honek.

Bertan erabiltzaileek hainbat tresna izango dituzte: blog sinple bat, ftxategi biltegi bat, laster-markak gordetzeko tokia, wiki antzeko orrialdeak, mikromezuak jartzeko haria... Baina horrez gain, interes taldeak osatzeko aukera ere izango dute eta taldeek ere berezko zenbait tresna izango dituzte: bloga, fitxategi biltegia, foroa, wiki orriak...

Sare soziala sortzeko Elgg software libreko plataforma hartu dute oinarri eta denen eskura jarri nahi izan dute. Horrela, nahi duenak bere sare sozial propioa sortu ahal izango du euskaraz, Elgg tresna erabiliz.

Argazkiak ikusi

zutagu3.JPG

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea