Apurka-apurka, aurtengo urtea amaitzen goaz eta bederatziak hamarrari utziko dio lekua. Urtero egiten dugun legez, urte zaharreko kontuak zuritu eta berrikoak lantzen hasi beharko dugu. Horietan guztietan lagun izango gaituzue Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok baina, oraingoz, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi berria.
Urtero legez, abenduaren erdi aldean koordinatzaileen batzarra egin genuen bilgunearen urteko balantzea egiteko. Horretarako, aldez aurretik, teknikariei balorazioa egiteko orria bidali genien. Balorazio gehienak oso antzekoak izan dira eta besteak beste, honakoak jaso ditugu:
Koordinazio atalari dagokionez jaso ditugun postontziaren inguruko balorazio guztiak oso onak izan dira; guztiok esan diguzue komunikazio bide eraginkorra dela. Hobetu beharrekoen artean web gunea eta lan-mahaien funtzionamendua aipatu dituzue. Web guneari dagokionez eguneratu beharra dagoela esan diguzue eta alkarpost ere gehiago erabili beharko litzatekeela aipatu duenik ere badago. Lan-mahaien funtzionamendua ere, oro har, ona da gehienon esanetan eta arlo honetan hobetu beharrekoen artean honakoak aipatu dituzue: D lan-taldearen funtzionamendua; taldekideen parte hartzea eta ekarpenak; beste lan-taldeei buruzko informazio gehiago...
Jasotako balorazio guztietan prestakuntza atala hobetu beharreko atala dela jakinarazi diguzue. Gainera, zer landu nahi duzuen ere aipatu diguzue: teknologia berrien inguruko mintegia; diru-laguntzen inguruko ikastaroa; euskara sustatzeko ekintzen ebaluazioa...
Proiektugintzari dagokionez, aurten egindako egitasmoen artean hobetu beharreko gutxi dagoela adierazi diguzue, izan ere egitasmoei buruz egindako ohar gehienak positiboak izan dira, baina aurrera begira beste alor batzuk landu eta oraingoetan gehiago sakondu beharko litzatekeela aipatu duzue.
Azkenik, hurrengo urterako proposamenak egiteko eskatzen genizuen balorazio orrian eta gehienok prestakuntza gehiago lantzea eskatu duzue. Horrez gain, proiektu batzuen inguruko ekarpenak ere batu ditugu.
Goian aipatutako balorazio horiek sakonago aztertzeko 2009ko Jardueren Txostena jarri dugu Alkarbideren web gunean, baita koordinatzaileen batzarrean esandakoak jasotzen dituen akta ere.
Merkataritzan euskara sustatzeko hainbat egitasmo landu ditugu eta oraingoan merkatari eta ostalariei banatzeko CDa prestatu dute hainbat udalerrik.
Egitasmoan parte hartu duten udalerriek bi CD prestatu dituzte: bata euskara hutsezko bertsioa eta bestea ele bietakoa. Biek ala biek lau atal dituzte: hiztegia, kartelak, idazkiak eta argibideak.
Lehenengo atala arlokako hiztegia da eta euskara-gaztelania / gaztelania-euskara bilaketak egiteko aukera eskaintzen du; bilaketak egiteko aukera eskaintzeaz gain arlokako hiztegiak inprima daitezke. Bigarren atala kartelena dugu, batetik, kartel bereziak aurkituko ditugu bertan, neurri berezikoak, eta bestetik, kartel orokorrak, gehien erabiltzen direnak eta merkatariek euren inprimagailuetan inprimatzeko modukoak. Kartel orokorrekin batera kartel mutuak ere erabilgarri daude eta euretan dendariek nahi duten testua aukera dute. Hirugarren atalean inprimaki ereduak txertatu dira, batetik orokorrak (fakturak, emate agiriak…) eta bestetik Gizarte Segurantza eta INEMekoak. Azkenik, laugarren atalean parte hartu duten euskara zerbitzuen informazioa jaso da eta merkatarientzat interesgarriak izan daitezkeen esteka batzuk.
Egitasmoan 17 udalerrik parte hartu dute, baina guztiek ez dute CDa argitaratuko. Zortzi udalerrik bakarrik kartelak eskatu dituzte eta gainontzekoen artean lauk kartelak eta CDa banatuko dituzte eta beste bostek bakarrik CDa.
Amorebieta-Etxanoko Udalak abenduaren 4an udalerriko etnografiako lehen hiztegia aurkeztu zuen. Lan honi esker hizkuntza ondarearen atal bat gorde ahal izan da. Izan ere, udalerriko hainbat lekutako berrogei euskaldun ingururengandik jasotako testigantzei esker, gaur egungo gizartearen eboluzioaren eraginez bestela galduko litzatekeen materiala biltzea lortu da.
Amorebieta-Etxano udalerriaren datu orokorrak, eboluzioaren eta antolakuntzaren datu historikoak eta herritarren oroimenean bizirik dirauten pertsonaien gaineko informazioa bildu ditu lanaren egileak. Ondoren, azterlan linguistikoa bera letorke eta, bertan, Zornotzako hizkeraren fonetika, morfologia eta sintaxiari egindako hurbilpenaren ondoren, batutako lexikoa dakarkigu, hogeita hamabi gai nagusitan sailkatuta.
Lan honen egilea Jose Mª Etxebarria dugu eta 2005ean Udalak eta Eusko Ikaskuntzak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioa da.
Etnotestuen, gertaeren, sineskeren eta ipuinen bilduma ere egin du Jose Mª Etxebarriak lan honetan, eta Amorebieta-Etxanon eta inguruetan aurkitutako antzinako idatzizko testuek, gehien bat elizan erabilitakoek, eta bibliografia zabal batek osatzen dute ekarpen garrantzitsu hau.
Egindako lanarekin CDa egiteaz gain, web gunea ere prestatu dute eta www.ametx.net atarian aurkituko duzue.
Elhuyar Fundazioko I+G+B unitateak ItzulTerm web-zerbitzua sareratu berri du, itzulpen-memoria batetik euskarazko eta gaztelerazko termino baliokideen bikoteak automatikoki erauzten dituen doako zerbitzua. Erabiltzaileak erauzketaren emaitzak lantzeko aukera du gainera, eta nahi dituen termino-bikoteak eskura ditzake hainbat erabileratarako: hiztegiak sortu, itzulpen-memorien sistema hobetu, itzulpen automatikoan erabili... Gainera, erauzketa automatikoaren emaitza hobetzeko eta emaitza lantzeko edizio-aukerak ere eskaintzen ditu zerbitzuak.
Tresna hau itzulpen-memoriekin lan egiten duten erabiltzaileentzat egin dute, gehien bat: itzultzaileak, itzulpen-zerbitzuak, terminologoak, hizkuntzalariak, euskara-teknikariak...
ItzulTerm tresna honako web gunean dago eskuragarri: http://itzulterm.elhuyar.org.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) finantza-etxeetan euskararen erabilera-adierazleak neurtzeko aplikazioa sustatu du. Aplikazioak honako helburu hauek ditu: neurtu nahi den gunearen arabera galdetegiak sortzea; gunez guneko datuak jasotzea; guneei buruzko hainbat kontsulta eta txosten egin ahal izatea eta erakundeak euskararen erabilera hobeto kudeatzeko aukerak hobeto identifikatu ahal izatea.
Aplikazioa finantza-etxeen lana errazteko sortu da, erakundeek modu arin eta eraginkorrean euskararen erabilera neurtzeko adierazleak kudea ditzaten.
Neurgailua software librean eginda dago eta kode irekian zabalduko da. Neurgailua instalatu ahal izateko beharrezko informazio guztia eta aplikazioa bera Lanhitz programaren web gunean aurki daitezke.Urte amaierarekin batera Bizkaiko Foru Aldundiak 2010eko diru-laguntzen deialdia argitaratu du.
Udal, udal erakunde autonomo eta mankomunitateen esparruan, 2010eko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko diru-laguntzei buruzko dekretua (178/2009 FORU DEKRETUA, abenduaren 9koa) argitaratu da abenduaren 14ko BAOn.
Eskabideak aurkezteko epea 2009ko urtarrilaren 4an hasiko da eta hilabete bereko 29an amaituko da.


