saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
44. alea
2009ko azaroa

 
Web gunea eguneratzen
+

Alkarbideren web gunea erabilgarriago egite aldera, hainbat berrikuntza eta aldaketa egin ditugu. Aldaketa nagusiek Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuak eta Esperientzien Gordailua atalei eragiten diete.

Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuak atala goitik behera aldatu dugu, aurrerantzean Bizkaiko mapan euskara zerbitzu guztiak agertuko dira eta udalerriaren gainean klikatuz gero udalerriko fitxan sartuko gara. Fitxa horretan datu orokorrez gain euskara zerbitzuko datuak batuko ditugu eta beheko aldean udalerrian egindako esperientzien berri jasoko da. Esperientzien gainean klikatuz gero egitasmoa jasotzen duen fitxara joango gara.

Esperientzien Gordailua ere aldatu dugu. Atal hau EBPN ardatz hartuta antolatu dugu eta egitasmoren fitxan sartuz gero esperientziaren nondik norakoen berri jasotzeaz gain zein udalerritan egin den ere agertuko da. Aldi berean, udalerriaren izenaren gainean klikatuz gero udalerriaren fitxara joango gara han egin diren egitasmo guztiak ikusiko ditugularik. Horrela, aldaketa aipagarriena izango da atal honek orain arte izan duen izaera estatikoa galduko duela.

Gainera, aurrerantzean lotuta egongo diren bi atal nagusi horietan artxiboak erantsiko ditugu nahi duenak jaisteko moduan.

Azkenik, aktak jasotzen dituen atala gune pribatu bihurtu dugu. Hemendik aurrera alkarposteko erabiltzailearen izen eta pasahitzarekin ikusi ahal izango dira akta guztiak.

Aldaketa horiek guztiak eguaztenetik aurrera izango dira prest eta hemendik aurrera udalerriaren fitxan edo gordailuan zerbait sartu edo aldatu nahi izanez gero, bilgunera bidaltzea baino ez duzue.

Argazkiak ikusi

web gunea.jpg

Kirolean Euskaraz
+

Pasa den azaroaren 13an euskararen erabilera eskolako kirol esparruan sustatzeko sentiberatze-kanpainaren aurkezpena egin zen bbk-ren aretoan. Bertan izan ziren Miren Dobaran, BFAko euskara sustatzeko zuzendari nagusia, Josu Loroño, Getxoko Udaleko komunikazio arduraduna eta Alberto Rodríguez, bbk-ren Koordinazio Ataleko kidea. Beraiekin batera egitasmoan parte hartu duten hainbat kirolari batu ziren aurkezpen ekitaldira.

Betiere familia-giroa kontuan hartuta, euskararen erabilera eskolako kirol esparruan sustatzea helburu duen egitasmoaren hartzaileak eskolan dabiltzan eta kirol-jardueraren batean aritzen diren neska-mutilak dira, baita euren gurasoak ere. Aldi berean, udalaren kirol instalazioetako erabiltzaileek ere jasoko dute kanpainaren berri.

Egitasmoan parte hartu duten udalerriek euskarri elektronikoekin batera paperezko euskarriak ere erabiliko dituzte. Guztira 2.000 poster, 25.000 liburuxka eta 40.000 egutegi inguru banatuko dira parte hartu duten Bizkaiko 16 udalerri eta 2 mankomunitatetan.

Egitasmoa urtero egiteko asmoarekin landu da, aurten lau kirol jarduera aukeratu dira: futbola, arraunketa, saskibaloia eta pilota eta jarduera horietako posterrak egin dira hiru neurritan. Horiekin batera, luzatze-ariketen liburuxka prestatu dute eta aupa oihuak batzen dituen egutegitxoa. Horiek guztiak mikrowebean batu dira eta gainera, animatzeko oihuak sakelakora jaisteko aukera ere badago.

Argazkiak ikusi

kirola.jpg

Euskarazko Produktuen Katalogoa
+

Euskarazko produktuen katalogoa urtero sasoi honetan banatzen den katalogoa dugu. Liburuxka honen bidez Gabon sasoian euskaraz zer oparitu badagoela jakinarazi nahi dute euskara zerbitzuek.

Katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da. Azken batean, gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmo honen arduradunek, etxeko haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta eta eskaintza hori ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.

Aurtengo berrikuntza, nolanahi ere, sare­koa da. Izan ere, guztiz berrituta dator www.katalogoa.org webgunea. Bertan, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iristeko, eta bertatik erosteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratuta izateko helburu­arekin sortu da gunea, argitaletxeek beraiek aukera izango baitute produktu berriak sartzeko eta zaharkituak kentzeko. Gainera, kontsultak egiteaz gain irakurleek beraien iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.

Bizkaian 107.000 katalogo inguru banatu dituzte 47 udalerri eta 3 mankomunitatetan. Hala ere, ez dugu ahaztu behar produktu hau Euskal Herri osora zabaltzen dela eta, guztira, 240.000 ale banatu direla 135 udal eta mankomunitateren bitartez.

Gainera, katalogoaren produktuak jendaurrean erakutsi eta guraso zein haurrek produktu horiek ikusi eta erabiltzeko aukera izan dezaten, Euskarazko Produktuen Txokoa antolatu da Bizkaiko hainbat udalerritan azaroa eta urtarrila bitartean.

Argazkiak ikusi

epk 20091.jpg

GetxOnegin
+

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak,  Gehi: Euskara merkataritzara egitasmoaren baitan, GetxOnegin kanpaina antolatu du hainbat ekintzarekin. Batetik, I. pintxo lehiaketa antolatu du abenduaren 19 eta 20ko asteburuan. Ostalarien eta bezeroen artean euskaraz egitea bultzatu nahi dute, bezeroak euskaraz eskatzera animatuz eta ostalariei eskaintzen duten zerbitzuan euskara kalitate gehigarri bat dela ikusaraziz. Pintxoa dastatu ondoren, bezeroek pintxoa gustukoa izan duten esango dute, horretarako prestatutako txartelak betez eta postontzian sartuz. Iritzia ematen dutenen artean 2 pertsonarentzako afaria zozketatuko da.

Bi sari izango dira, batetik, epaimahaiak aukeratutako pintxo onenaren saria eta bestetik, herritarren iritziz, pintxo onenarena.

Bestetik, abenduaren 26 eta 27rako Euskarak Aberastu Egiten Gaitu izeneko kanpaina antolatu dute. Sartu eta euskaraz eskatzen duen bezeroak RIST-RAST txarteltxo bat jasoko du eta, txarteltxoan hazka egin ondoren, beste erronda bat doan irabazteko aukera izango du. Horretaz gain, eguneko menuak jatera doazen bezeroek mantel praktiko batzuk izango dituzte euren euskara aberastu eta erabili ahal izateko. Ostalariek ere eguneko menuak prestatzean erabiltzen den hiztegi eta lexikoa jasotzen duen Gida Erraza jasoko dute: hiztegia, menu ereduak, esaldi laburrak, eta abar.

Argazkiak ikusi

getxonegin.jpg

Zuztarretatik Ahora
+

Azaroaren 18an Zuztarretatik Ahora eskolarako materiala aurkeztu zuten Galdakaon. Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballesko udalek sustatuko ekimen honen oinarria eta helburua ondare linguistikoa, etnografikoa eta kulturala batzea eta aztertzea izan da, hizkuntzaren transmisioa bermatzeko, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko nortasuna berreskuratzeko eta jasotakoari zabalkundea emateko. Ildo horretan, sortu dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat material didaktikoa sortu dute.

Jasotako materiala eta ostean garatutakoa DVD euskarrian prestatu dute eta berez ikastetxeetan erabiltzeko tresna bada ere, unitateak era didaktikorik egokienean prestatu dira, eskoletan ez eze gurasoek etxean seme-alabekin erabiltzeko ere aproposak izan dadin.

Argazkiak ikusi

zuztarretatik ahora.jpg

Bermeoko jaioberrien liburua
+

Udaleko Euskara Sailak Bermeon 2008an jaiotako umeen liburua argitaratu du eta azaroaren 29an aurkeztu zuten.

Euskararen transmisioaz gurasoak sentiberatzeko helburuz, Bermeon jaiotzen den ume bakoitzari bereziki egindako bertso-papera jasotzen dute etxean gurasoek, koadroan ipinita.

Eta urte bakoitzeko bertso guztiekin liburua osatzen da. Liburu horretan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da eta bertsoa kantatzeko doinua ere bai.

2008an Bermeon jaio ziren 163 umeen liburua gurasoei eta familiei aurkeztu zitzaien Bermeoko Kafe Antzokian egin zen ekitaldian. Ilaski Serranok gidatuta, gurasoak eta umeak izan ziren protagonista jaialdian. Ekitaldian guraso batzuek euren umearen bertsoa irakurri zuten eta antzerki emanaldiaren ostean liburua jaso eta urteko argazkia atera zuten.

Argazkiak ikusi

Jaiobarrien 2008ko liburuaren azala.jpg

Lauaxeta saria
+

Bizkaiko Foru Aldundiak Jon Kortazar idazleari eman dio aurten Lauaxeta saria, euskararen normalizazioaren eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.

Lauaxeta sariaren bidez euskararen erabilera normalizatzen, sustatzen, babesten edo zabaltzen aritzen diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoen lana aintzatetsi eta saritu nahi izaten du Bizkaiko Foru Aldundiak lan horren jendaurreko aintzatespena egiteko, gizartea ere partaide bihurtu eta euskararen sustapenean esku har dezan.

Kortazarrek euskararen normalizazioaren eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik jasoko du saria. Euskaltzain urgazleak lan handia egin du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Euskal Literatura katedran eta Europako eta Amerikako hainbat unibertsitatetan irakasle aritu da. 2006an Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren liburutegiaren berri ematen zuen liburua osatu zuen Kortazarrek berak, haren jaiotzaren lehen mendeurrena gogoratzeko.

Jon Kortazarrek abenduaren 2an jasoko du saria.

Argazkiak ikusi

Euskararen Eguna
+

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da eta Bizkaian hainbat ekitaldi egingo dira aste osoan.

Bizkaiko Foru Aldundiak, beste ekitaldi batzuekin batera, Lauaxeta saria emango dio Jon Kortazarri lehen aipatuko dugunez. Horrezaz gain, udal askok ere ekintzak antolatu dituzte.

Azken egunotan jaso ditugun egitarauak bilgunetik zabaldu ditugu, besteak beste, Enkarterri eta Gordexola, Getxo, Txorierri eta Uribe Kostan egingo diren ekintzen berri emanez.

Beste norbaitek informazioa zabaltzea gurako balu, bidali Alkarbidera.

Argazkiak ikusi

euskararen eguna.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea