Getxoko euskara zerbitzuak azaroaren 2tik 28ra Euskara Ahora izeneko erakusketa antolatu du Algortako azokan. Erakusketan Gehi euskara merkataritzara egitasmoaren barruan merkataritzan euskara sustatzeko martxan jarri diren kanpainak ikusi ahal izango dira.
Erakusketa honen bitartez merkatarien eta bezeroen artean euskararen erabilera sustatu nahi dute, bezeroak euskaraz eskatzera animatuz eta merkatariei eskaintzen duten zerbitzuan euskara kalitate gehigarria dela erakustaraziz.
Erakusketarako liburuxka batzuk prestatu dituzte. Haietan, merkatari eta bezeroek erabiltzeko oinarri-oinarrizko hiztegia eta esaldi laburrak batzen dira.
Gainera, erakusketaren inguruan ekintza osagarriak ere antolatu dituzte: ardo dastaketa, abesti saioa haur eta gurasoentzat, bertso saioa, euskal kanten emanaldia…
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko testuak digitalizatzeko Tesseract-OCRopus euskaraz tresna jarri du beraien web gunean erabiltzaile guztion eskura. Tresna horren helburu nagusia euskaraz idatzitako testuak modu fidagarri eta automatikoan ezagutzeko gai izatea da.
Tresna hau Windows ingurunean (Windows 2000, Windows XP edo Windows Vista) zein Linux ingurunean dabil eta eskaneatutako euskarazko testuak OCR (Optical Character Recognition - Karaktere Ezagutze Optikoa) bidez identifikatzeko gai den paketea da.
Dokumentuak analizatzeko, lehenengo eta behin, dokumentua osatzen duten zutabeak, orri-buruak, orri-oinak, irudiak, taulak eta abar identifikatzen ditu eta beraien arteko erlazioak zehaztu; ondoren, testu diren zatiak hartu eta OCR motorrari bidaltzen dizkio, ezagutu ditzan (atal hau Tesseract bidez burutzen da). Azkenik, aurreko bietako informazioa uztartu eta jatorrizko dokumentuaren bertsio elektroniko ahal bezain fidela osatzen da.
Tresna Jaurlaritzaren www.euskara.euskadi.net/euskara_soft helbidean aurkituko duzue.
Azaroaren 25ean hasita, euskara sustatzeko egiten diren komunikazio kanpainen eragina hobetzeko ikastaroa antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Digital eta Arista enpresek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.
Euskararen normalkuntza helburu duten komunikazio-kanpainen eragina hobetzeko tresnak eskuratzea helburu duen ikastaro hau administrazio publikoko euskara teknikariei, euskara plangintzen diseinuan ari diren teknikariei eta euskararen normalkuntzan lanean ari diren eragile sozialei zuzenduta dago.
Ikastaroa gehienez 20 lagunekoa izango da eta 16 orduko iraupena izango du lau orduko saioetan banatuta (azaroaren 23, 25, 30 eta abenduaren 2an). Izena soziolinguistika klusterrean eman behar da azaroaren 19a baino lehen eta horretarako bi helbide hauek erabil daitezke: soziolinguistika@soziolinguistika.org eta kluster@soziolinguistika.org.
Informazio gehiago: www.soziolinguistika.org helbidean.
Euskaltzaindiak bere 90. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin ditu urtean zehar eta amaiera ekitaldian Orotariko Euskal Hiztegia Interneten jarriko zutela iragarri zuten eta horrela egin dute.
Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean 16.a eta azkena. Euskaltzaindiak bere web gunean eskaintzen duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa da eta Creative Commons lizentziapean banatzen da.
Bertsio hau, argitalpen elektronikoaren lehen urratsa izatea nahi luke Euskaltzaindiak eta, gerora, hiztegiaren egituratze-maila osatuagoa lortzea helburu izango duen proiektuaren abiapuntua. Paperezko edizioaren prestaketan erabili ziren RTF formatudun datutegiak oinarri hartuta, Internet bidezko zabalkunderako bi bertsio prestatu dira: bata, PDF formatuan, testu jarraitu moduan ordenagailura jaits daitekeena; eta bestea, HTML formatuan, sarrera nagusiak bilatzeko aukera eskaintzen duena. Azken hau, Internet bidez erabiltzen da.
Testu libreko bilaketak egitea ahalbidetzen duen sistema ere prestatu da, Adobe Acrobat Reader irakurgailuarentzat eskaintzen den indexatze-tresnaren bidez. Bilaketa-modu hau erabiltzeko, Hiztegiaren (A-Z) PDF fitxategi guztiak jaisteaz gain, indizeak gordetzen dituen Bilaketak.zip (104.72 MB) artxiboa ere jaitsi beharko du erabiltzaileak. Artxibo horretan konprimatuta doan Bilaketak.pdx fitxategiaren bidez, hiztegi barruko testuetan ere (adierak, adibideak, etab.) bilaketak egitea posible da.
Bilaketak egin ahal izateko, aipatu Bilaketak.zip artxiboa deskonprimatu eta bertako eduki guztiak Hiztegiaren dokumentuak jaitsi diren karpeta berera kopiatu behar dira.
EuskaraGAZ parTE hartuz
Urriaren 8an, Durangoko Elkartegian EuskaraGAZ parTE hartuz jardunaldia egin zen. Jardunaldiko hiru ardatzak Euskara, gazteak eta parte-hartzea izan ziren eta horretan oinarrituta Elhuyar Aholkularitzarekin lan egiten duten eragileek euren esperientziak partekatu zituzten.
Jardunaldian Debako euskara teknikariak eta bertako hainbat gaztek jarreren eta aurreiritzien inguruan hausnartu ostean euskararen erabilera areagotzeko egin duten lana nola bideratu duten azaldu zuten. Berrizko alkateak, berriz, gazteek dituzten jarreren aurrean Udalak duen arduraz eta izan beharreko jokabideaz hitz egin zuen. Eta azkenik, Topaguneko ordezkariak gazteek euskara erabiltzeko orduan eragina duten faktoreak azaldu zituen.
30+10 Mintegia
Urriaren 20an, laugarren urtez egin zuten 30+10 mintegia. Mintegian enpresen emaitzak hobetzeko hizkuntzak nola kudeatu azaldu zuten 15 proposamenen bitartez.
Aurten ere bertoko hainbat erakunde esanguratsuren ponentziak aurkeztu dira, baita Europako hainbat adituren ekarpenak ere. Edizio honetan berrikuntza mahai-ingurua izan da eta hizlari gehienek parte hartu dute.
30+10 mintegia IMH Makina-Erramienta Institutuak, HPSk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elgoibarko Udalak eta AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitzak antolatu dute.


