Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
42. alea
2009ko iraila

 
Hizkuntza Gutxituak Administrazio Publikoetan: Geroaren Oinarriak Orainean Finkatzen
+

Eusko Legebiltzarrak jardunaldiak antolatu ditu aurtengo udazkenerako Hizkuntza gutxituak administrazio publikoetan: Geroaren oinarriak orainean finkatzen izenburupean. Jardunaldiak urriaren 28an eta 29an izango dira Gasteizko Villa Suso Jauregian.

Jardunaldion bidez eremu urriko hizkuntzen normalizazioari han eta hemen nola heltzen zaion erakutsi nahi dute; hau da, hizkuntza gutxituak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izateko eman diren eta garatzen ari diren esperientziak ekarri nahi dituzte jardunaldiotara. Horretarako, kanpoko zein bertakoen berri emango dute.

Lehenengo egunean gure inguru hurbiletik at hausnartzen eta egiten denaren berri emango dute, besteak beste, Colin Williams, Galesko Unibertsitateko irakasle eta hizkuntza gutxituetan adituak; Raymond Renard, Unesco Katedrako koordinatzaileak; Durk Gorter, Amsterdamgo Unibertsitateko irakasle eta Ikerbasque-ko kideak; Lluis Aguiló, Hizkuntzaren Valentziako Akademiaren idazkari nagusiak; Santiago Petschen, Nazioarteko Harremanetan doktore eta hizkuntza gutxituetan adituak. Adituon ekarpenekin batera, Espainiako parlamentu autonomoetako hainbat ordezkariren arteko mahai-ingurua ere izango da.

Bigarren egunean Euskal Herriko eremu ezberdinetako hainbat esperientziaren berri ezagutzeko aukera izango da: EHU-UPV (Ehulku, Ehutsi, Atezainok euskaraz...), Administrazio orokorra zein tokikoa (Jaurlaritza, Legebiltzarra bera, Lasarte-Oriako Udala...), lan-mundua (Eralan, Elay, Innobasque...).

Argazkiak ikusi

legebiltzarra.jpg

Ikastaroak
+

HIZNET GRADUONDOKOA

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoan izena emateko epea zabalik dago urriaren 22a bitarte. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bermea dauka.

Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoa euskararen normalkuntzarako beharrezko diren soziolinguistika ezagutzaz osatua dago. Internet bidezko ikastaroa da eta aurrez aurreko lau saiorekin osaturik dago.

Graduondokoa euskararekin lotura duen hainbat jenderi zuzenduta dago, hala nola, euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arloetan hizkuntza normalkuntzaren erantzukizun publikoa dutenei...

Bederatzigarren edizioa datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da eta informazio orokorra http://hiznet.asmoz.org web gunean edota hiznet@asmoz.org helbidera idatziz jaso daiteke.

LINGUANET

Dagoeneko martxan dago Linguanet ikastaroa, irailaren 28an hasi da eta abenduaren 28an bukatuko da.

Linguanet ikastaroak lan munduko euskara planen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoa eta eguneroko praktiken esperientziak ezagutzeko aukera eskaintzea du helburu.

Ikastaro honen hartzaileak esparru sozioekonomikoko erakundeetan edota enpresetan diharduten teknikariak zein koordinatzaileak, eta esparru horretan aritzeko prestakuntza berezia behar duten pertsonak dira. Halaber, Hiznet ikastaroa egina dutenak edota erakunde publikoetatik esparru horretan euskararen presentzia areagotzeko lanetan ari direnak.

Ikastaroa 50 ordukoa izango da. Bost ikasgai eskainiko dira, denak derrigorrezkoak. 35 ordu internet bidezko ikasgai teorikoetan gauzatu beharko dira eta 15 ordu hiru larunbatetan burutuko diren bost orduko aurrez aurreko tailer praktikoetan.  

Argazkiak ikusi

hiznet.jpg

Eskola Agenda
+

Eskola agendek irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanetarako baliabide praktikoa izaten dute helburu eta, horrenbestez, ikasturtean zehar egunero erabiltzeko lan-tresna izan nahi dute.

Honen harira, Bizkaiko Foru Aldundiak agenda prestatu du Bizkaiko DBHko ikasleei banatzeko. Bizkaieraz egiten den agenda hau erakargarri ez eze didaktikoa ere bada. Agendan mundu osoko lekuen berri ematen da bertako gazteen ahotik. Egileen asmoa agendak munduari bira ematea da eta horretarako jarraitu beharreko urratsen berri ematen da bertan. Guztira 26.000 ale banatu dira.

Bestalde, Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakaoko udalek elkarlanean Eskola Agenda prestatu dute herriko lehen hezkuntzako ikasleen artean banatzeko. Bigarren argitalpen honetan ere agertzen diren testuen egilea Antton Irusta Zamalloa izan da, irakasle, ipuin kontalari eta idazle ezaguna. Eta testuari kolorea Enrique Morente marrazkigileak eman dio. Iaz ez bezala, aurten Mika, Kuku, Mozolo eta Lamia gure mugetatik kanpo bidaiatzen ibiliko dira ikasturtean zehar.

Argazkiak ikusi

Imagen-03.jpg

Bilblogari
+

Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak Bilblogari, Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa, antolatu du.

Ekimenaren helburua euskara, gazteak eta teknologia berrien uztarketa sustatzea da, betiere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz.

Lehiaketa honako baldintza hauen inguruan antolatu dute:

· Bilbotarra izatea edota Bilbo hiriarekin lotura izatea.

· Lehiaketan hiru atal izango dira: Blog pertsonalak, taldeko blogak, eta blog tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko da. Bloga egiterakoan eta elikatzerakoan ideiak, irudimena eta trebetasuna baloratuko dira.

· Parte-hartzaileak kategoria batean baino ezin izango du izena eman, baina blog bat baino gehiagorekin ere parte hartu ahal izango du.

Lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 1ean hasiko da eta azaroaren 30era bitartean sareratu ahal izango dira blogak. Izen-ematea on-line egingo da, horretarako sortutako www.bilblogari.net orriaren bitartez. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: bilblogari@bilblogari.net.

Argazkiak ikusi

Bilblogari_kartela_web.jpg

Guraso eta etorkinentzako euskara eskolak Bermeon
+

Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin batera, gurasoei eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaro bi antolatu ditu:

Gurasoentzako ikastaroa, euskaraz ez dakitenentzat, eta berbetan jakin arren, alfabetatu gura dutenentzat da. Urrian hasiko den ikastaroak 120 orduko iraupena izango du eta prezioa 20 eurokoa izango da.

Etorkinentzako ikastaroa, beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da. Hau ere urrian hasiko da eta 120 ordukoa izango da. Ikastaroaren prezioa: 10 € + 17,5 € (materiala).

Taldeak sortzeko hartzaileen beharrizanak hartuko dira kontuan.

Argazkiak ikusi

Páginas de Documento2.jpg

Idazle Laborategia
+

Bilboko Udaleko Euskara Sailak DBH3, DBH4, Batxilergo 1 eta Batxilergo 2ko gazteentzat idazle laborategia antolatu du.

Ekimenaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: euskaraz idazten trebatzea, literaturzalea idazle bihurtzea, talde baten idazten ikastea, idazteko teknikak ezagutzea, egungo literatura ezagutzea…

Izena emateko mezua bidali behar da helbide honetara: idazlelab@gmail.com urriaren 10a baino lehen. Eskolak bi astean bi ordukoak izango dira.

Argazkiak ikusi

Saroi
+

Saroi EHUko ikertzaile batek garatu duen euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko sistema berria da. Tresna orokorra da, erroreen tratamendua egiteko ez ezik, analisi-zuhaitzetako egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko balio duena.

Saroi tresna erabilerraza eta malgua da, eta maila desberdinetako hizkuntza-ezaugarriekin lan egiteko gai da -morfologia, morfosintaxia, sintaxia, etab-.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea