saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
41. alea
2009ko ekaina

 
Saltokietan euskaraz
+

Saltokietarako Openbravo POS informatika-programa euskaratu du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Udal biltegiaren kudeaketarako erabiltzen du Udalak aplikazio hori, eta udalerriko beste edozein enpresak edo komertziok erabil dezakeela ikusita euskarazko bertsioa egin du. Aplikazio hau software askearen lizentziaz (GPL2) banatzen denez, edozein entitatek dauka trabarik gabe erabili, kopiatu, aldatu eta birbanatzeko aukera.

Openbravo POS TPV (Saltoki-Terminala) aplikazioa da, eta txikizkako merkataritzak eskatzen dituen beharrizanak betetzen ditu: salmentak, diru-itzultzeak, eguneroko txostenak, eskudiruaren kudeaketa, biltegien kudeaketa, eta abar.

Interesa duten guztiek Udalaren web orrian eskura dezakete edo, bestela, Openbravo enpresan bertan. Produktua bera eta itzulpen paketea instalatzeko argibideak ere eskuragarri daude web gunean. Eusko Jaurlaritzak kudeatutako euskarazko softwarearen zerrendari eransteko eskaria ere egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Argazkiak ikusi

openbravopos2.jpg

Euskaraz Seguruago
+

Aseguru-etxeek euren zerbitzuak euskaraz eskaintzeko Euskaraz seguruago izeneko kanpaina jarri zuten abian apirilaren 20an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak. Kanpaina horren helburua herritarrek aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz jasotzea da.

Kanpaina ekainaren bukaeran amaituko bada ere, ekainaren erdialderako 300 eskaera baino gehiago jaso dira, eta herritarrek egindako eskaerari erantzun nahian, 65 aseguru-etxeri beraien zerbitzuak euskalduntzeko eskaera egin zaie.

Argazkiak ikusi

euskaraz_seguruago_kanpaina_270.png

Toponimia Gizarteratzea: Aukerak eta Egindako Lana
+

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatuta, Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana izeneko ikastaroa egin zen ekainaren 4an Durangoko Landako Guneko Elkartegian. Ikastaro honen helburua guztiz praktikoa izanik, Bermeo, Erandio, Errenteria, Getxo eta Zumaiako euskara teknikariak gonbidatu zituen batzordeak euren udaletan egindako lana ezagutarazteko.

Azaroan Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean izeneko ikastaroa egin zen, eta orduan egindako gogobetetasun galdetegian jasotzen ziren kezka eta beharrizanak kontuan hartuta antolatu da bigarren ikastaro hau.

Ikastaroan esandakoak Euskaltzaindiak bere web gunean zintzilikatu ditu.

Argazkiak ikusi

euskaltzaildia.jpg

Ikastarorik ikastaro
+

HIZNET graduondokoa

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoan matrikulazio epea zabalik dago urriaren 22a bitarte. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bermea dauka.

Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoan euskararen normalkuntzarako beharrezko den soziolinguistika ezagutza eskura daiteke bertan. Internet bidezko ikastaroa da eta aurrez aurreko lau saiok osatzen dute. Bertako irakasleak unibertsitate desberdinetako irakasleak, hainbat enpresa eta euskalgintzako profesionalak eta Eusko Jaurlaritza eta Herri administrazioetako teknikariak dira batik bat.

Graduondokoa euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arlotan hizkuntza normalkuntzen erantzukizun publikoa dutenei,... zuzenduta dago.

Bederatzigarren edizio berri hau datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da. Informazio gehiago ondoko helbide honetan http://hiznet.asmoz.org  edota hiznet@asmoz.org helbidera idatziz topa daiteke.

TEKNIKARI ikastaroa

Labayru ikastegiak antolatu duen euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroan izena emateko epea zabalik dago uztailaren 30a bitarte. Ikastaroa euskara teknikari lanetan dabiltzanei edo euskara teknikari edota trebatzaile beharretan ibili nahi dutenei zuzenduta dago.

Ikastaroak atal bi izango ditu. Lehenengoak, Administrazioa eta euskara izenekoak ikasleak trebatzaileen mundura hurbilduko ditu. Bigarren atalean, Hizkuntzaren normalizazioa, ikasleek euskararen erabileraren normalizaziorako dauden hiru planak (EBPN, Erabilera Plana eta Enpresetan Hizkuntza Normalizaziorako Plana) sakonean ezagutzeko aukera izango dute.

Ikastaro bukaerarako, talde txikitan, lan praktiko bat egin behar dute ikasleek, eta eskolan egindakoarekin batera, hori izango da ebaluatzeko erabiliko dena.

Ikastaroaren hirugarren edizioa irailean egingo da, 14tik 26ra hain zuzen ere. Izena emateko deitu Labayrura (944 701 980) edo idatzi posta elektronikora honetara  (eskola@labayru.org).

Argazkiak ikusi

hiznet.jpg

zugaz.com
+

Zugaz.com euskara hutsezko sare soziala sortu du Goienak. Argazkiak, bideoak eta beste zenbait kontu partekatu ahal izango dituzte gazteek web gune honen bitartez.

Euskaldunen komunitatea da Zugaz.com, eta beraz, ez da milioika erabiltzaile izaten dituzten sare sozialetako bat. Erabiltzaileak argazki edo bideoren bat desegokitzat joz gero, klik bakarrarekin Goienako administratzaileak jakinaren gainean jarriko ditu.

Goienak CodeSyntax enpresarekin elkarlanean kudeatuko du sare sozial berria.

Argazkiak ikusi

zugaz.jpg

Oporretan goaz
+

Uda ate joka daukagun honetan Agerkariak ere oporrak hartuko ditu. Irailean itzuliko gara berriro albiste gehiagorekin eta Alkarbideko postontziaren bidez jasoko duzue ordura artekoen berri.

Ondo-ondo ibili oporretan eta irailera arte!

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea