Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
40. alea
2009ko maiatza

 
Esan Eidazu Euskeraz
+

Familiak hizkuntza geroratzearen garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Alkarbide bilguneak koordinatuta eta C lan-taldeko teknikarien ekimenari esker garatu da aurtengo kanpaina.
Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera leloa daraman kanpaina jaioberriak nahiz 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzat egin da, eta haren helburua euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.
Iaz izan zuen arrakasta aintzat hartuta, kanpaina bera egin da oparien kalitatea hobetuta. Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera kanpaina 39 udalerri eta 3 mankomunitatetako 18.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan.

Jaioberriak dituzten gurasoek alkateak edo beste udal ordezkariren batek sinatutako zorion-gutunaz gain, hizkuntza geroratzeko aholkuak jasotzen dituen hiru-orrikoa eta umearentzako adur-zapia jasoko dute.
1-6 urte bitarteko umeen gurasoek, berriz, euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen duen gutun eta aholkuen liburuxkarekin batera umearentzako askari-poltsa jasoko dute.
Gainera, KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka ere banatu dute. Liburuxkarekin batera iaz egindako CDa ere banatu da. CDan liburuxkan agertzen diren abestiak batu ziren, gurasoek letra aurrean dutela umeekin abesteko. Guztira, ia 9.000 liburuxka eta CD banatu dira.

Argazkiak ikusi

ondorengoetaratzea.jpg

Barraketan Euskaraz
+

Udako jaiak hurbiltzen ari dira eta hurrengo bi hilabeteetan hainbat barraka ikusiko ditugu gure herrietan. Barraketako hizkuntza paisaia euskalduntzeko asmoz, Getxoko Euskara Zerbitzuak abian jarri duen egitasmoaren berri ematera gatozkizue ondoko lerroetan.

Egitasmo honen bidez, batez ere, bi arlo jorratuko dituzte, hizkuntza paisaia batetik; hizkuntza paisaia lantzeko atrakzioetako arduradunei hainbat kartel eskainiko dizkiete eurentzat beren berez prestatutako diseinu eta testuekin. Bestetik, eta barraketan euskarazko musika entzun dadin, hainbat CD prestatu dituzte euskarazko abestiak tartekatuta eta horiek ere barraketako arduradunen artean banatuko dituzte.

Material hori guztia Alkarbide bilgunearen esku utzi du Getxoko Euskara Zerbitzuak Alkarbideko kide zareten gainerako teknikariek erabil ditzazuen. Kartelen diseinua eginda dago eta zenbait kartel testu eta guzti egokituta daude, barraka guneetan ohikoak diren testuekin.

Kartel ereduak Alkarbide bilguneak helaraziko dizkizue; Cdak gura izanez gero, eskatu egin beharko dituzue mezua bidalita. Kartelok erabiltzen dituzuenok, hurrengo urteei begira egitasmoa osatu eta aberasteko, testu berrien zerrenda egin beharko zenukete.

Argazkiak ikusi

barrakak1.jpg

Diru-laguntzak
+

BFAko diru-laguntzen esleipena

Udal, udal erakunde autonomo eta mankomunitateen esparruan, 2009ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko diru-laguntzen esleipenari buruzko dekretua (2187/2009 FORU DEKRETUA, maiatzaren 19koa) argitaratu da maiatzaren 27ko BAOn.

Argibide gehiago lotura honetan aurkituko duzue:

https://www.bizkaia.eus/lehendakaritza/Bao_bob/2009/05/20090527a098.pdf#page=3

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak garatzeko diru-laguntzak

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak egindako diru-laguntza deialdi horren helburua 23/2008 Dekretuaren eraginpean dauden entitateei laguntzak emateko modua arautzea da, aipatu Dekretuak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatze aldera ezartzen dituen hizkuntza-betebeharretara egokitu daitezen.

Diru-laguntzak honako hauek eska ditzakete: EAEn legez zerbitzu unibertsalak, interes orokorrekoak edo antzeko beste kategoria batekoak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoek, edo unibertsaltasun eta berdintasuneko araubide juridikoaren pean dauden zerbitzuak ematen dituztenek; EAEn kokatuta dauden jendeari begirako, produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduek, baldintza jakin batzuk betez gero; EAEko merkataritza-establezimenduek, betiere kolektiboak badira; jendeari begirako establezimendua duten finantza- eta kreditu-erakundeek eta etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten profesional, enpresa edo eraikuntza-obren sustatzaileek.

Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 8an amaituko da.

Argazkiak ikusi

Udako ikastaroak
+

UEUk antolatzen dituen Udako Ikastaroak dagoeneko martxan daude, eta izena emateko epea irekita dago ekainaren 19ra arte. Matrikula Internet bidez edo 943821426 zenbakira deituta egin daiteke. Orotara 38 ikastaro eskainiko dituzte ekainaren 29an hasita Eibarren, Baionan eta Iruñean eta besteak beste ikastaro hau aurki dezakezu:

Euskara lan munduan… lanean!

Aholkularitza-enpresa eta administrazioetako euskara-teknikariei, enpresetako langileei eta euskararen erabilera-esparruak zabaltzeari begira egiten ari den lanean interesa izan dezakeen edonori zuzendutako ikastaro honen helburuak hauek dira: lan-munduan euskara sustatzeko abian dauden egitasmoen berri zabaltzea; euskara sustatzeko erabilgarri izan daitezkeen diskurtso eta argudioak lantzea eta egitasmoak hobetzeari begira gauzatzen ari diren proiektuak azaltzea.

Ikastaroa uztailaren 8an eta 9an izango da Baionan. Informazio gehiago www.ueu.org web gunean aurkituko duzue.

Argazkiak ikusi

header-image.png

UDALTOP jardunaldiak
+

Maiatzaren 7 eta 8an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean UDALTOP udaletako euskara zerbitzuen I. topaketak egin ziren Nola indartu euskararen erabilera familietan izenburupean.

Topaketetan Euskal Herri osotik etorritako euskara teknikari eta bestelako erakundeetako teknikariek hartu zuten parte eta ehun lagundik gora elkartu ziren euskararen transmisioaren inguruan hausnartu eta lan egiteko.

Egun bietan entzundakoak eta hainbat udalerritan egindako esperientziak www.udaltop.com web gunean jarriko dituzte guztiontzat ikusgai.

Argazkiak ikusi

udaltop.jpg

Euskara showa
+

Getxon Kultura Arteko Karaokearen bigarren edizioa egingo dute. Ekitaldiaren helburua da kultura ezberdinetako pertsonak ezagutzea eta euskararekin harreman dibertigarria izatea. Ildo horretan, izena ematen dutenek abesti bat aukeratu eta euskaraz eta beste hizkuntza baten abesten ikasiko dute irakasle baten laguntzarekin.

Showa ekainaren 19an egingo da eta han izango dira ikusgai eta entzungai partaide guztiek ikasitakoak.

Argazkiak ikusi

euskara_showa_2007.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea