Esan eidazu euskeraz ondorengoetaratze kanpainaren euskarrietako bat Ku-Ku liburuxka dugu. Liburuxkan umeekin euskaraz hitz egiten hasteko baliabideak batzen dira eta liburuxkari ahalik eta etekin gehien atera nahirik, liburuxkan jasotzen diren haur-hizkera, haur-jolasak, abestiak eta abar lantzeko tailerra prestatu da.
Tailerraren helburuak hauexek dira: banatutako materialari erabilgarritasuna ematea, guraso, familia zein hezitzaileei, haurrekin euskaraz egiteko baliabideak eskaintzea eta euskararen transmisioan eragitea.
Erabiliko den metodologia dinamikoa eta bisuala izango da, hau da, dinamika ezberdinez landuko dira: marrazkien bidez, keinuen bidez, jolasen bidez, antzerki txikien bidez... Helburua hartzaileek edukiak egoera errealera egokitzea da, erabilgarritasuna erakutsiz.
Tailerrok ordu bikoak izango dira. Lehenengo orduan esaerak, izenak, onomatopeiak... landuko dira eta bigarrenean jolasak eta abestiak modu praktikoan eta parte hartzailean.
Jasotzaileak, printzipioz, euskaraz erraztasunik ez duten edo euskara ikasten ari diren gurasoak izango dira, baina hezitzaileei edota familiako beste kide batzuei ere (aitona-amonei adibidez) zuzenduta daude tailer hauek.
Eusko Jaurlaritzak IV. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu egin du eta, mapa horren arabera, euskarak 300.000 elebidun irabazi ditu azken mende laurdenean eta inoiz baino biztanle gehiagok dakite euskaraz EAEn. Lana garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoa kontuan hartu da. 2006ko datuak eta euskararen bilakaera soziolinguistikoaren azken hogeita bost urteotako bilakaera jaso dira.
Mapa soziolinguistikoak lau aldagai aztertzen ditu: hizkuntza-gaitasunaren bilakaera; biztanleriaren lehen hizkuntza; hizkuntza-gaitasunaren eta lehen hizkuntzaren arteko gurutzaketa, BILA indizea (hizkuntza-bilakaeraren indizea); eta etxeko erabilera.
Hala ere, erabileraren inguruko datuak ez dira onak. Azken urteotan erabilera esparru berriak eta garrantzitsuak irabazi dituen arren, bizitza publikoan batez ere, etxean edo familia esparruan euskarak atzera egin du; datuen arabera, %13k bakarrik erabiltzen dute hizkuntza.
IV. Mapa Soziolinguistikoaren argitalpena osorik ikusteko, www.euskadi.net webguneko euskara atalera jo.
Donostiako Udalak euskarazko hitz eta terminoak jasotzen dituzten 1.600 kartel banatuko ditu Donostiako ostalari eta merkatarien artean. Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko ekimenekin aurrera jarraitzen du udalak eta hiriko lau jardueratako profesionalen artean (ostalaritza, frutak eta barazkiak, harategiak eta arrandegiak) establezimenduetako horman itsasteko kartelak zabalduko dira bertan gehien erabili daitezkeen hitz eta esamoldeekin.
Lau kartel desberdin egin dira, bakoitza jarduera bati lotuta. Kartel horietan 16 edo 24 hitz daude jasota, baina jarduera bakoitzeko hitzen zerrenda osatua www.merkatari.com webgunean dago edonoren eskura.
Proba egin euskaraz! leloa ikus daiteke karteletan, sektore hauetako profesional eta bezeroak euskaraz egitera animatu nahi baititu udalak. Era berean establezimenduetan euskararen presentzia gehitzea da ekimen honen beste helburua.
Bestalde, jantziak eta osagarriak saltzen dituzten 700 dendatan bi eskuorri jasoko dituzte. Lehenengo eskuorriak gremio honetan gehien erabiltzen diren hitzen zerrenda biltzen du eta bigarrenak errotulazioan gehien erabiltzen diren hitz eta esamoldeen zerrenda. Helburu bera dute bi eskuorri horiek, euskararen presentzia dendan oro har eta errotulazioetan bereziki gehitzea bertako bezeroek informazioa euskaraz ere jaso dezaten.
Aseguru etxeek euren zerbitzuak euskaraz eskaintzeko Euskaraz seguruago izeneko kanpaina jarri dute abian apirilaren 20an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak. Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, azken urteotan hainbat kexa jaso dituzte herritarren aldetik aseguru-polizak, kontratuak, baldintzak eta abarrekoak gaztelania hutsean helarazten zizkietelako aseguru etxeek.
Europako legediak dio bezeroaren eskubidea dela dokumentuen hizkuntza aukeratzea eta Espainiako Gobernuak ezarritako legeek aitortu egiten dute dokumentazioa gaztelania ez den gainerako hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea eta, horiek horrela, aseguru-etxeek eskubide hori bermatu beharko lukete.
Gizarte eragileei, euskaltegiei, herrietako euskara etxeei eta bestelako entitateei kanpainan parte hartzeko gonbidapena eta eskabide orria bidaliko dizkiete. Hain zuzen, orri horren bidez eskatu ahal izango zaie aseguru etxeei zerbitzuak euskaratzeko. Gerora, aseguru etxeekin bilduko da Kontseilua eta, era berean, kanpaina bultzatzeko eskatuko die erakunde publikoei. Norbanakoek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute, Kontseiluaren webgunearen bidez eta bertan topatuko dituzte aseguru etxeei bidali beharreko gutunak eta eskabide orriak.
Euskararen erabilera kirol-esparruan areagotzeko asmoz, B lan-mahaiko kideak hainbat kirolen gaineko poster eta beste euskarri batzuk prestatzen dabiltza. Aurtengo aurreikuspena arraun, saskibaloi, futbol, esku-pilota eta luzatze-ariketen inguruko horma-irudiak lantzea da eta datorren urtean, berriz, beste lauzpabost kirol-jarduera hautatuko lirateke. Helburua da posterretan kirol-jarduera horietako euskal kirolari ospetsuak agertzea, Bizkaiko leku ezagunetan. Gainera, kirol bakoitzaren gaineko hiztegi labur-laburra txertatuko da afixetan.
Posterrez gain, luzatze-ariketak xeheago azaltzen dituen A5 tamainako liburuxka (8-12 orrialdekoa) eta poltsikoko aupa-oihuen egutegiak ere argitaratuko dira eta, azkenik, egitasmoa biribiltzeko, kirol-jarduera horiei lotutako mikroweb-ak eta aupa-oihuak sakelako telefonora deskargatzeko moduak aztertzen ari dira.
Egitasmoa zerbait landuago dagoenean, jakina, horren guztiaren berri emango dizuegu, Bizkaiko euskara zerbitzu guztiek aukera izan dezaten ekimen honetaz baliatzeko.

