saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
38. alea
2009ko martxoa

 
GEHITU KIROLERA egitasmoaren ekintza berriak
+

Getxoko Udalak martxan daukan GEHI programaren adarretako bat da Gehitu Kirolera.  Programa horren baitan iaz 32 kirol elkartek euskara sustatzeko hitzarmenak izenpetu zituzten eta horren harira hainbat egitasmo eta ekimen garatu dira. Oraingoan, eta ekimenari bizitasun handiagoa emateko asmoarekin, martxoaren amaieran bi hitzaldi antolatu ziren Villamonteko Kultur Etxean eta zenbait entrenamendu Boluako futbol zelaietan. Hona hemen hitzaldion nondik norakoak:

·  Kirolari gazteak. Nola elikatu?: Josean Lekue, Athletic Clubeko medikua aritu zen hizlari eta kirolari gonbidatu moduan Irati Anda eskalatzailea egon zen. Bertan kirolariek zer jan, noiz, zelan antolatu partida egunak, zer gosaldu, zer gosaldu partiden aurreko egunean, zer afaldu, hazten dagoenean zer jan eta, batez ere, zer ez jan azaldu zuten.

· Eskola-kirola, lehiatzeko edo jolasteko?: Izaskun Azpillagak, jarduera fisikoan eta kirol zientzietan lizentziadunak eman zuen hitzaldia. Berarekin batera, kirolari gonbidatu moduan Roberto Martinez Tiko, Eibarreko jokalaria, egon zen. Guraso eta hezitzaileen zeregina eskola-kirolean eta kirolari gazteengan duten eragina zehazten ahalegindu ziren. Eskolako kirolariek ez dute jokatzen ikusleak entretenitzeko, ezta irabazle geratzeko ere. Jokatu baino, jolastu egiten dira.

· Entrenamendua Koikilirekin: Koikili Lertxundik, Athleticeko jokalariak, eta Mikel Aramaiok, Athletic Fundazioko entrenatzaileak, 6 entrenamendu tekniko gidatuko dituzte maiatzera arte. Otsailean hasi ziren eta Getxoko 12-15 futbol talderekin burutuko dituzte entrenamenduok. Helburua entrenamenduetan euskaraz egitea sustatzea da.

Argazkiak ikusi

koikili 2.jpg

Gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteko materiala
+

Debagoieneko Mankomunitateak gidabaimena ateratzeko azterketa prestatzeko euskarazko materiala egin du. Eskuliburua, test gidatuak eta azterketako testa eta ikus-entzunezko materiala prestatu dute, besteak beste.

Proiektu hau Debagoieneko autoeskola baten eskaerari erantzun nahirik hasi zen. Mankomunitateko zentroekin   elkarlanean aritu da materiala lantzen  jardun honetan urtetako esperientzia duen Igorreko Arratia autoeskola. Landutakoa Aeol enpresak batu du eta berau arduratuko da zabalkundeaz.

Egitasmoaren berri eman eta materialaren zabalkundea egiteko Debagoieneko Mankomunitateak hurrengo egunetan abian jarriko du sentsibilizazio kanpaina. Mankomunitateak nahi duten autoeskolei emango die euskarazko material hori; ikasleek, beraz, bertan aurkituko dute materiala.

Argazkiak ikusi

gidabaimena.jpg

Hizkuntza eskakizunen baliokidetza
+

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira. Horren bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema guztiz osatuz.

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk. Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA geratu da oraingoz kanpoan.

Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta. Guztira 34 titulu desberdin. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA) eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.

Irudian dago ikusgai gaur egun zein den agirien baliokidetzea.

Argazkiak ikusi

baliokidetze taula1.jpg

Abian da Bikain 2009
+

Bikain 2009 martxan hasi da. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, bai kanpo ebaluazioa eskatu nahi duten enpresentzat, bai Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide izan nahi dutenentzat ere.

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da Bikain; Eusko Jaurlaritzak ematen du, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du.

Kanpo ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, beraz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioa Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek egiten dute.

Enpresek kanpo ebaluazioa eskatzeko azken eguna apirilaren 6a izango dute. Bikaineko ebaluatzaile izan nahi dutenek berriz, apirilaren erdialdera arte izango dute zabalik prestakuntza moduluan izena emateko epea.

Iaz 30 enpresek lortu zuten Bikain Ziurtagiria eta 120 lagun inguru egin ziren Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide, horietako 90 ebaluatzen ibili ziren.

Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, hau da Bikainen webgunea: www.euskalit.net/bikain .

Argazkiak ikusi

bikain2009.jpg

Euskarazko software-produktuak eta Internet edukiak
+

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPSk) informatika eta Internet erabiltzaile euskaldun guztion eskura sarean eta doan jarri berri ditu zenbait produktu eta tresna.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskararen erabilera erraztu eta sustatzeko tresna ugari eskaintzen ditu Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere webgunean: software produktuak eta bestelako lanabesak (hiztegiak, zuzentzaile ortografikoa, hiztegien plugin-ak eta abar). Tresna horiek guztiak ezinbestekoak dira euskara eguneroko jardunean erabili nahi duen ororentzat. Gaur egun produktu gehiago ezagutzera eman dituzte: batetik, ordenagailuan euskara erabiltzeko hiru produktu (EusLinux 2009 software libreko sistema eragilearen bertsio eguneratua, XUXEN zuzentzailearen IV. bertsioa eta ordenagailuz lagundutako itzulpen-tresna bat, Wordfast); eta, bestetik, Interneten euskararen presentzia areagotuko duten bi corpus: Lur Hiztegi Entziklopediko eta Lur Entziklopedia Tematiko eguneratuak, eta euskaraz idatzitako doktoretza-tesiak.

Aipatutakoak ikusgai daude www.euskara.euskadi.net web-orrian.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea