Eusko Jaurlaritzak aplikazio berri bat sortu du, IRATI izenekoa, EBPN eta erabilera planen diseinuan, kudeaketan eta jarraipenean laguntzeko. Aplikazioa Eusko Jaurlaritzako web orrian barneratua dago eta bertara sartzeko bi lotura erabil daitezke:
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aplikazioaren funtzionamenduaren berri eman zuen otsailean bi saiotan: bata EBPNri buruzkoa, eta bestea, Erabilera Planari buruzkoa (bakoitza egun batean). Bilbon Eusko Jaurlaritzako egoitzan izan zen eta Bizkaiko herri-administrazioetako hainbat langile bertaratu ziren. Beste lurraldeetan ere hainbat saio egin ziren.
IRATI erabili ahal izateko Ona edo Izenpe txartela beharrezkoa da. Txartela ateratzeko Eusko Jaurlaritzara joan beharra dago aurretik hitzordua eskatuz. Behin txartela eskutan izanda, aplikazioa erabiliko duen pertsonaren datuak bidali behar zaizkio Eusko Jaurlaritzari, identifikatzeko erabiliko den txartela pertsonala delako. IRATI erabili ahal izateko ondoko datuak bidali behar dira irati@ej-gv.es helbidera: aplikazioa erabiliko duen pertsonaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta zein erakundetarako erabiliko duen. Orain arte 71 erakundek eta 131 erabiltzailek eskatu dute Irati erabiltzeko baimena.
Bestalde, IRATI aplikazioak daukan egitura EBPNren esparruetan oinarrituta dago, baina aldaketa batzuk egin dira: batzuk esparru berrietan barneratu dira eta beste batzuk jadanik zeuden beste batzuetan. Edozein herri-administraziok erabil dezake, hautazkoa da eta. Besteak beste, erakundearen planaren jarraipena egiteaz aparte, langile bakoitzaren plana egiteko ere balio du.
Aplikazioaren gaineko zalantzarik izanez gero, ondoko telefono hauetara dei daiteke: Erabilera planei buruzko zalantzak: 943 022624; EBPNri buruzkoak: 945 019464 eta aplikazioari berari buruzkoak: 945 016291 (CAU Kulturala).
Jakina da udal gehienetan euskara zerbitzua dagoela eta bakoitzak bere bidea jorratzen duela euskara sustatzeko. Batzuetan udal batean egiten den ekintza beste batean ere erabilgarria izan daiteke, edo udal batean erabiltzen diren irizpideak beste batean daudenekin ez dira bateragarri.
Horretarako maiatzaren 7an eta 8an egingo diren Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen I. Topaketak dira, hau da, euskara zerbitzuetako langileen topagunea. Jardunaldi hauen lehen edizioa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egingo da. Esan bezala, helburu nagusia Euskal Herri osoko herri administrazioetako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzea da bide berriak irekitzeko asmoz. Euskara teknikariez gain jorratuko diren gaiei buruz interesa dutenek ere parte hartu ahal izango dute.
Topaketak urtero egingo dira eta, batez ere, EBPNren esparruak eta bertatik eratorritako gaiak aztertuko dira. Aurtengo gaia "Nola indartu euskararen erabilera familietan?" izango da eta 10 lagun inguruk beraien esperientziak eta ekarpenak elkarbanatuko dituzte bertaratuko diren 120 pertsonen artean. Azken egunean hausnarketarako unea helduko da denon artean baliagarria izan zaiguna elkarri adierazteko.
Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 3tik apirilaren 16ra bitartean eta topaketen webgunean izena eman beharko da. Bertan, hizlarien dokumentazioa ikusgai egongo da jardunaldiak baino lehen: www.udaltop.com
ELEBIDEk, Hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak, egindako 2008ko jarduera-txostenean azaltzen duen legez, iaz 310 kexa izan ziren eta 2007an, berriz, 248, hau da, %25ean igo da kexa kopurua. Jasotako kexa guztien artean, %87 esparru publikoan gertatu ziren, kexen %77 konpondu egin dira eta %14 konponbidean daude.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztu duenaren arabera, hizkuntza urraketekin lotutako kexa gehienak EAEren administrazio publikoan euskaraz ez egiteagatik izan ziren eta %66tik %45era jaitsi ziren.
Jaso ziren dei guztien artean kontsulta edo iradokizunen aurretik kexak izan ziren nagusi (%89). Kexen artean sektore publikoaren edo herri-administrazioaren zerbitzuekin lotutakoak dira 2008ko txostenean agertzen den bezala.
Ia kasu guztietan (%97an) hizkuntz eskubideen urraketak euskarari eragin dio, kasuen %3 besterik ez dagokio gaztelaniari, eta kexa kopururik handiena (%44) idatzizko harremanen ondorioz etorri dira.
Iazko intzidentzia gehienak euskaraz aurkeztu ziren (310etik 290, hain zuzen). Izapideak egiterakoan, berriz, Internet izan zen hautatutako bideen artean nagusia: 163 erabiltzaile, eta e-postaz 105.
ELEBIDEren helburu nagusia herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotzea da, herritarrei babesa ematea eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko arazoak dituzten entitateei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Programak euskarazko hiru film proiektatzen ditu Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleentzat eta eskola materiala banatzen du ondoren gelan lantzeko. Honela, euskara eta zinemaz baliatzen da momentuan bizi ditugun balore eta egoera sozialak ulertzeko.
Ondoko filmak proiektatuko dira:
- AHATE ITSUSIA ETA NI (5etik 7 urtera)
- RH + SEVILLAKO BANPIROA (10 eta 11 urte)
- EUTSI! (DBH)
Zinera joateko garraioa programaren barruan sartzen da, hau da, ikastetxeek ez dute garraioa ordaindu beharko. Parte hartzeko interesa duen edozein ikastetxek fitxa bat bete beharko du eskaera egiteko.
Dagoeneko Bizkaiko 9 udalerritako ikastetxeek eskaera egin dute eta otsaila eta apirila bitartean aipatutako filmeak ikusi ahal izango dituzte beraien ikastetxeetan edo zinema aretoetan.
Informazio gehiago helbide honetan: mjesus@gorostilanda.com edo www.gorostilanda.com
Informazioaren Gizartearen inkesta oinarri hartuta, EUSTAT-ek kaleratu dituen azken datuen arabera EAEn euskaraz nabigatzen duten erabiltzaileen ehunekoa %21,8 hazi da. Era berean, ingelesez nabigatzen dutenen ehunekoak %18,1eko gorakada izan du eta gaztelaniaz nabigatzen dutenenak %2,5ekoa.
Guztira, 2008ko azken hiruhilekoan, EAEn 15 urtetik gorako Internet-erabiltzaileen artean %24k dio euskaraz nabigatzen duela, %22,2k, berriz, ingelesez.


