Bizkaiko 48 udalerrik abian jarri dute euskarazko ereduetan matrikulatzeko sentiberatze-kanpaina. 2-3 urteko haurrak eskolaratzeko sasoia otsailaren 2an hasiko da eta kanpainaren bidez, hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazioa emango zaie 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoei eta, batez ere, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitzera etorri diren etorkinen familiei.
Ekimena 14.000 familiari helarazi zaie, eta honako udalerri hauetan zabalduko da: Alonsotegi, Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Berriz, Bilbao, Enkarterriko Udalen Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Galdakao, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatea, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.
1+1=bi leloa iazko bera da, izandako arrakasta aintzat hartuta, kanpaina bera errepikatzea erabaki dute egitasmoaren sustatzaile izan diren A lan-taldeko teknikariek. Kanpaina honetan hainbat liburuxka banatu dira, eta euretan gure hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazio zabala eman da. Horrekin batera, udal bakoitzeko udal arduradunak sinatutako gutuna eta eskolan hastear dauden umeentzako oparia ere banatuko dira; aurten 1+1=bi leloa daraman memoria-jokoa jasoko dute umeek euren etxeetan.
2009-2010 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina otsailaren 2tik 13ra arte izango da.
38 udalerritako DBHko 4. mailako 5.500 gazte baino gehiagok jasoko dute batxilergoan zein lanbide heziketan euskarazko ereduetan jarraitzea xede duen kanpaina.
Kanpaina hau beren beregi prestatu da DBH euskaraz egin eta DBH ondoren zer egin erabakitzen hasi behar duten gazteentzat. Haren euskarri nagusia informazio-liburuxka bat da, bertan, batxilergoan eta lanbide heziketan, euskarazko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeen zerrenda agertzen da eskualdeka antolatuta eta horrekin batera, eskualde bakoitzeko garraio-sarearen berri ematen da.
Liburuxkarekin batera, Eñaut Elorrietak, KenZazpi taldeko abeslariak, sinatutako gutuna jaso dute ikasleek etxean. DBH euskaraz egiten ari diren gazteei zuzentzen zaie Eñaut gutunean eta hurrengo urteetako ikasketak ere euskaraz egitera animatzen ditu. Gutunarekin batera, oparitxoa ere jasoko dute gazteek, sakelakoa gordetzeko zorrotxoa, Zeurea da Aukera: jarraitu euskaraz! leloarekin.
Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz leloaren harira, ondoko 38 udal erakunde hauek parte hartu dute kanpainan:
Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Berriz, Bilbao, Elorrio, Enkarterriko Udalen Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Markina-Xemein, Muskiz, Ortuella, Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatea, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea eta Zierbena.
2006ko abenduan kaleratu zen lehen aldiz katalogoa Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) osatu zuen, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta Alkarbideren laguntzaz eta Euskaltelen babesaz. Izandako arrakastaren ostean, UEUkoek lehenengo argitalpena eguneratu eta osatu dute –oraingo honetan Arabako Foru Aldundiak ere parte hartu du– eta 2009an Bizkaiko 35 udalerritan 10.000 ale baino gehiago banatuko dira urtean zehar.
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa 16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat prestatu da eta helburu dauka Interneten dauden euskarazko produktuei buruzko informazioa gazteengana hurreratzea. 81 produktu bildu dira katalogo honetara, bi atal nagusitan banatuta:
Lehenengo atalean, Sarean Blai izenekoan ondoko honi buruzko informazioa agertzen da: euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, mugikorrentzako erremintak, musikari buruzko web guneak, aldizkari elektronikoak, sareko irratiak, informazio orokorreko guneak, zinea zein sukaldaritzari lotutakoak eta beste hainbat gune.
Bigarren atalean, Ikusi eta Ikasi izenekoan, hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa batu da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, hiztegiak eta entziklopediak, datu-baseak, liburutegietako katalogoak eta ikas-baliabideak daude orriotan.
Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoak liburuxka formatua dauka, eta CDa daroa barruan. CDak liburuxkan ageri den informazio guztia dakar, baita webguneen zuzeneko lotura ere, nabigazioa errazte aldera.
Laugarren plangintzaldian murgilduta gaudela eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilera planak ardatz hartuta jardunaldiak antolatu ditu urtarrilaren 27an eta 28an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Jardunaldi horietan, batetik, zenbait erakunderen planen berri jaso da, eta bestetik, erabilera planak diseinatzerakoan zein ekintzak gauzatzerakoan sor daitezkeen arazoei irtenbideak ematen saiatu ziren. Jardunaldiotan Irati aplikazio informatikoaren berri ere eman zuten, aplikazio horren bidez erakundeak EBPN eta Erabilera Plana diseinatu, kudeatu eta jarraitu ahal izango ditu eta erabilgarri izango dugu otsailaren 9tik aurrera.
Jardunaldiotan, herri-administrazio guztietako 200 hizkuntza normalkuntzako teknikarik parte hartu zuten, bai hizlari gisa, bai entzule gisa.
Lehen saioaren (urtarrilak 27) lehen zatian, Pilar Bilbaok eta Iñaki Frierak Garraio eta Herri Lan Saileko eta Legebiltzarreko erabilera-planaren berri eman zuten hurrenez hurren. Horren ostean, Jose Mari Arakamak eta Juan Isasik Eusko Jaurlaritzako Erabilera Planean parte hartzen duten langileen azterketa komunikatiboari nola ekin eta norbanako prestakuntza nola antolatu azaldu zuten. Etenaldiaren ostean, Iñigo Fernandezek planak egiteko euskara nola saldu beharko litzakeen azaldu zuen ikuspegi publizista ardatz hartuta.
Bigarren saioan (urtarrilak 28), berriz, erakunde eta toki-administrazio ezberdinetako teknikarien txanda izan zen eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko Imanol Bilbao, Abanto-Zierbenako Udaleko Sonia Rodriguez, Hernaniko Udaleko Malores Etxeberria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Josean Amundarain aritu ziren tipologiatako ezberdinetako erakundeen esperientziak jorratuta. Bigarren partean, aldiz, Herrizaingo Saileko Iñaki Gurtubaik bere sailean euskararen erabilerak daukan lekua azaldu zigun; eta amaitzeko saio praktiko bi izan genituen Justizia Saileko Aitor Gorostiza, IZOko Oskar Arana eta Lehendakariordetzako Zelai Nikolasen eskutik.
D eredukoen ekimenez, iaz Merkatarientzako CDa egiteko lan-mahaia eratu zen, horren bidez merkatariek euren zerbitzuak euskaraz ere eskaintzea lortu nahi da.
CDarekin lotuta, merkatarientzako hainbat kartel prestatu dira eta urte honen hasieran banatu dituzte 20 udalerritako merkatarien artean. Euskarri horien artean batzuk estandarrak dira, “Itxita/Zabalik” edota “Merkealdia” bezalakoak, beste batzuk aldiz hutsik jaso dituzte euskara zerbitzuetan merkatariak eskatzen duen testua inprimatuta eman ahal izateko.
Guztira ia 7000 euskarri banatuko dira 20 erakunde hauetan: Abanto-Zierbena, Balmaseda, Berriz, Enkarterriko Mankomunitatea, Getxo, Gordexola, Lemoa, Markina-Xemein, Muskiz, Ortuella, Sestao eta Zaldibar.

