Apurka-apurka, aurtengo urtea amaitzen goaz 2009an murgiltzeko. Urtero egiten dugun legez, urte zaharreko kontuak zuritu eta berrikoak lantzen hasi beharko dugu. Horietan guztietan lagun izango gaituzue Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok baina, oraingoz, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi berria.
Euskarazko produktuen katalogoa urtero sasoi honetan banatzen den katalogoa dugu. Liburuxka honen bidez Gabon sasoian euskaraz zer oparitu badagoela jakinarazi nahi dute euskara zerbitzuek.
Katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da. Azken batean, gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmo honen arduradunek, etxeko haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.
Bizkaian 117.000 katalogo inguru banatu dituzte 66 udalerritan. Hala ere, ez dugu ahaztu behar produktu hau Euskal Herri osora zabaltzen dela eta, guztira, 267.000 ale banatu direla 111 udal eta mankomunitateren bitartez.
Gainera, katalogoaren produktuak jendaurrean erakutsi eta guraso zein haurrek produktu horiek ikusi eta erabiltzeko aukera izan dezaten, Euskarazko Produktuen Txokoa antolatu da Bizkaiko 13 udalerritan azaroa eta urtarrila bitartean.
Teknikariek III. Plangintzaldiko balorazio txostenean erabilera planak diseinatu, garatu eta, batez ere, jarraipena egiteko metodologia berri baten beharra azpimarratu zuten behin eta berriz.
Beharrizan horri aurre egiteko, HPSk metodologia berria diseinatu du IV. Plangintzaldiko irizpideei jarraituz. Bidenabar, orain arteko sistema aztertu eta eguneratu ondoren, EBPN ere aplikazio horretan txertatu dute, metodologia bera erabilita. Aplikazioari IRATI deitu diote eta otsailetik aurrera egongo da eskuragarri.
Inor ez dago behartuta metodologia edota aplikazio hori erabiltzera; nolanahi ere, aplikazioak baditu zenbait abantaila:
· Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomoetan erabiliko da eta gainerako herri-administrazio guztiei eskainiko zaie.
· EBPN eta erabilera plana biak batera garatu ahal izango dira.
· Eskaintzen dena marko bat da, malgua, ondoren erakunde bakoitzak berera ekarri ahal izateko modukoa.
· Erakundearen jarraipena ez ezik, langile bakoitzarena ere egitea ahalbidetuko du.
· Erabilera Planari dagokionean, 2010 eta 2012ko datuak eskuratzeko balio du.
· EBPNri dagokionean, lotura izango du deialdiarekin.
Herri Administrazioetako Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzakoek irailean emandako aplikazioaren eskema zabaldu genuen bilgunetik eta dagoeneko teknikari batzuek horren arabera prestatu dute erabilera plana.
Aplikazio hau erabiltzen duenak IZENPE txarteletako bat izan beharko du eta aplikazioan erregistratu beharko da horretarako helbide hau erabiliz irati@ej-gv.es.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta telefonia enpresa nagusiek, Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez! publizitate kanpaina jarri dute martxan. Abenduaren 13tik hasita eta urtarrilaren 5a bitartean ikusgai edota entzungai izango dira telebistan, irratietan zein egunkarietan, Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez! lelopean prestatutako iragarkiak.
Egitasmo honen helburua telefonia mugikorraren arloan euskararen erabilerari ateak luze-zabal irekitzea da.
Ekimen hau 2007ko urrian Jaurlaritzak -Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez- eta telefonia operadore nahiz fabrikatzaile nagusiek sinatutako lankidetza-hitzarmenetan jasotzen zen. Hitzarmen horren bidez, Eroski, Euskaltel, Telefónica, Vodafone, Yoigo eta Orange operadoreek eta Alcatel, Nokia, Samsung eta Sony- Ericsson fabrikatzaileek euskara apurka-apurka sustatzeko konpromisoa hartu zuten telefonia mugikorraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara teknikarientzako lan-jardunaldiak antolatu ditu IV. plangintzaldiko erabilera-planak ardatz hartuta.
Jardunaldi horietan, batetik, zenbait erakunderen planen berri emango da, eta bestetik, erabilera planak diseinatzerakoan zein ekintzak gauzatzerakoan sor daitezkeen arazoei irtenbideak ematen saiatuko dira hizlariak. Jardunaldiotan, euskal herri-administrazio orokorreko, foru- nahi toki-administrazioko teknikariek parte hartuko dute.
Jardunaldiak Euskalduna Jauregian egingo dira, urtarrilaren 27an eta 28an.Urte amaierarekin batera Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 2009rako diru-laguntzen deialdiak argitaratu dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundia
Udal, udal erakunde autonomo eta mankomunitateen esparruan, 2009ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko diru-laguntzei buruzko dekretua (201/2008 FORU DEKRETUA, abenduaren 16koa) argitaratu da abenduaren 24ko BAOn
Eskabideak aurkezteko epea 2009ko urtarrilaren 2an hasiko da eta hilabete bereko 30ean amaituko da.
Eusko Jaurlaritza
2009ko toki-entitateen laguntza-deialdia arautzen duen Kultura sailburuaren Agindua 2008ko abenduaren 26an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Deialdi horren barruan, toki-entitateei zuzendutako diru-laguntzen araubide, batez ere, V. kapituluan jasotzen da.
Eskabideak egiteko epea 2009ko otsailaren 16an amaituko da.


