Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
33. alea
2008ko urria

 
Sareko euskarazko produktuen katalogoa
+ 2006an, B lan-mahaikoen ekimenez, argitaratu zen lehen aldiz Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa. Arabako Foru Aldundiak egitasmoari interesgarri iritzi eta berrargitaratzeko baimena eskatu digu. Horretan aritu ziren B lan mahaikoek proposamena ontzat jo eta UEUkoek katalogoa eguneratzen dihardute.

Arabako Foru Aldundiaren eskaria izan arren, Bizkaiko euskara zerbitzuok aleak eskatzeko aukera duzue. Horretarako mezua urriaren 21ean bidali genizuen eta eskaerak egiteko epea azaroaren 6an amaituko da.

Informazio gehiago helbide honetan aurkituko duzue: https://www.bizkaia.eus/Kultura/Euskara/Alkarbide/Dokumentuak/esperientzien/sepk.pdf.

Argazkiak ikusi

sepk.jpg

EraLan
+

Egitasmo honen xedea, hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko organizazioetan –publiko zein pribatuetan– euskararen erabilerarako oztopo diren faktoreak identifikatzeko eta horietan eragiteko lehen hurbilketa edo esperientzia pilotua egitea izan da. Proiektua bi fasetan garatu da: Argitze Fasean ikerketa antolatu, informazioa bildu, erreferente teorikoak ezagutu, problematika zehaztu eta analisirako ekintza-hipotesiak eta hauen balidaziorako metodologiak finkatuko ziren. Balidatze Fasean, berriz, aurretik finkatutako ekintza-hipotesien balidaziorako ekintzak burutu, emaitzak jaso, emaitzak aztertu eta hipotesi horiek argitzen diren ala ez ondorioak atera ziren.

Horretarako EraLan-eko Garapen Taldea sortu zen. Talde hori Soziolinguistika Klusterrak koordinatu eta gidatuta, hainbat arlotako eragileek osatu dute: unibertsitateko, administrazioko, euskara planen aholkularitzetako eta sindikatuetako jendea. Zehazki, J.Inazio Marko (UPV-EHU), Jon Ajuria eta Fermin Perez (Bizkaiko Foru Aldundia), Joxean Amundarain eta Nekane Jauregi (Gipuzkoako Foru Aldundia), Eñaut Apaolaza (Emun Koop. E.), Aitziber Madrazo (Lab Sindikatua) eta Elixabet Almandoz (Eusko Ikaskuntza).

Esperientzia pilotu honen emaitzak plazaratuko dituzte azaroaren 13an Zamudioko Parke Teknologikoan. Horretarako, egindakoa biltzen duen argitalpen bat osatu du Garapen Taldeak eta topaketara bertaratutako guztiei ale bana emango diete. Topaketan erabilitako metodologiaren azalpena egingo da eta landutako ikerketa-interbentzioen emaitzak aurkeztuko dira. Horretaz gain, ikuspegia zabaltzen lagunduko duten bi hitzaldi izango dira. Azkenik EraLan-en etorkizunaz ere jardungo dute, aurrera begira lantzen ari den egitasmoa azalduz .

Argazkiak ikusi

eralan.gif

Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean
+

Azaroaren 6an Durangoko Landako Gunean Euskaltzaindiak antolatu duen Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean izeneko ikastaroa izango da.

Ikastaroaren helburua administrazio ezberdinetako euskara eta kultura sailetako langileei eta euskalgintza zein kulturgintzako bestelako entitate edota taldeei toponimiaren gaia nola landu dezaketen azaltzea eta erakustea izango da.

Ikastaroa administrazioaren ikuspegitik aztertuko bada ere, bestelako ikuspegiak ere jorratuko dira, euskalgintzako entitate, elkarte edo taldeentzako interesgarri gerta dadin, batez ere elkarte horiek herri-entitateekin duten elkarlana sustatzeko asmoz. Toponimia ikerketen gorabeherak eta administrazioaren eginbeharra lantzeaz gain, toponimiaren garrantzia euskararen corpusean eta hizkuntza normalizazioaren atal den corpus-plangintzan landuko da; horrela, euskal toponimiaren arautzea eta gizarteratzea ere aztertuko dira.

Argazkiak ikusi

!cid_531411410@14102008-0a15.jpg

Irudi eta sinonimia bilaketak
+

Orain dela urtebete sortu zen ELEBILA euskarazko bilatzailea berritu dute. Oraingo honetan euskarazko irudi bilatzailea eta sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ematen du. Irudi bilatzailearen bitartez, erabiltzaileak aukera izango du euskaraz zein beste edozein hizkuntzatan idatzitako testuei dagokien irudiak bilatzeko. Bestalde, Elebilak sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ere eskaintzen du. Hau da, erabiltzaileak euskarazko hitz bat idazten duenean, Elebila bilatzaileak hitz horren sinonimoak ere erakusten ditu: adibidez, triku idatziz gero, kirikiño edo sagarroi hitzak ere proposatuko ditu.

Era berean, edozein norbanakok edo enpresak bere blogean edo webgunean Elebila integratzeko aukera eskuragarri jarri du Elekak www.elebila.eu webgunean. Baita Microsoft Word-en eta Open Office-en plugina integratzeko aukera ere. Gainera, aipatu beharra dago, www.elebila.eu mugikorretatik atzitu ahal izateko prestatuta dagoela.

Argazkiak ikusi

elebila_270.png

Getxon, turistek ere euskaraz
+

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Turismo Bulegoak elkarlanean Badakizu zein den gure altxorrik handiena izenburupeko gida kaleratu dute itsasadarraren eskuinaldeko udalerri hori bisitatzen dutenei bertoko hizkuntza ere badela adierazteko.

Gidak euskara erabiltzera bultzatzen du eta, horretarako, ohiko hitz batzuk jasotzen ditu euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, ingelesez eta frantsesez (egun on, eskerrik asko, komunak, Bizkaia Zubia, bai…), kanpotarrek erabil ditzaten

Getxoko Udalak 3.000 ale kaleratu ditu eta hainbat tokitan jarriko ditu eskuragarri: turismo bulegoan, hoteletan eta kirol nahiz kultur ekitaldietara etortzen diren kanpotarrak ibiltzen diren guneetan.

Argazkiak ikusi

Altxorrik handiena.jpg

Bai esan...
+ Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak “Bai esan…” sentiberatze-kanpaina kaleratu berri du, herritarrek administrazioarekiko harremanetan euskara erabil dezaten bultzatzeko. Kanpaina horren barruan, udalak 3.500 liburuxka kaleratu ditu, eta udal bulegoetan eskuragarri jarri. Gainera, 12 eta 16 urte arteko gazteen etxeetara bidaliko du.

Argazkiak ikusi

Bai Esan.jpg

Leioa zabaldu euskarari
+ Herriko merkataritzan bezero eta saltzaileen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzearren, Leioako Euskara Zerbitzuak Leioa zabaldu euskarari leloa daukan kanpaina jarri du abian. Kanpainaren harian, hemendik aurrera salerosketa euskaraz gauzatzen duten bezeroek libretatxo bat jasoko dute opari saltegian. Beste alde batetik, bezeroek jakin ahal izango dute Leioan euskaraz non eros daitekeen kanpainaren irudia jarriko delako saltegian.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea