saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
32. alea
2008ko iraila

 
Jardunaldiak urrian
+

Urrian hainbat jardunaldi izango ditugu gure inguruan. Hona hemen horiei buruzko informazioa:

  • Hizkuntza Gutxituen Erronkak Globalizazio Aroan

Nazio Batuen Erakundeak 2008. urtea izendatu du Hizkuntzen Nazioarteko Urtea. Ildo horretan, EUDEL erakundeak, Euskadiko Udalen Elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, eta batzorde zientifikoa osatzeko UNESCO Etxearen laguntzaz, Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izeneko biltzarra antolatu du.

Biltzarrean, globalizazio sasoi honetan hizkuntza gutxituek dituzten erronkak nahiz aukerak aztertuko dira. Horretarako, munduko hainbat adibide plazaratuko dituzte nazioarteko aditu entzutetsuek. Euskarak aparteko lekua izango du jardunaldiotan; bertoko adituek gure hizkuntzak informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan betetzen duen tokia aztertuko dute. Hala, biltzarraren helburu nagusia esperientziak partekatzeko gunea sortzea da, globalizazio aroak dakartzan mehatxuei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko zein bidetatik jo behar dugun antzemate aldera.

Biltzarra euskararen normalizazioaren inguruan lanean aritzen diren teknikarientzat eta, oro har, hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten dutenentzat antolatu da.

Biltzarra Euskalduna jauregian izango da urriaren 9 eta 10ean; izena aldez aurretik eman behar da. Izena emateko edota informazio gehiago izateko honako helbide hau daukazue: www.hizkuntzagutxituak.net.

  • Pirinioetako Hizkuntzak: Lehena eta Oraina

Urriaren 6tik 10era, Iruñeko Baluarte Batzar Jauregi eta Auditoriumean, Euskaltzaindiak bere XVI. Nazioarteko Biltzarra egingo du. Biltzarraren izenburua "Pirinioetako Hizkuntzak: Lehena Eta Oraina" izango da eta Pirinioetako mendikate zabalaren bi aldeetako hizkuntzak eta kulturak ikertuko dira bertan.

Biltzarraren sarrera-hitzaldia Michael Metzeltin Vienako Unibersitateko irakasle eta erromanista ospetsuak egingo du Las lenguas de los Pirineos izenburupean. Horrezaz gain, maila handiko adituak izango dira.

Hitzaldiak ez ezik, musika emanaldiak eta ekitaldi osagarriak ere izango dira Biltzarrean, bai eta teknologia berriei buruzko mahai inguru bat ere. Bestalde, Henrike Knörr zena omenduko dute biltzarkideek, "In Memoriam Henrike Knörr" ekitaldian.

Biltzarraren egitaraua helbide honetan ikus dezakezue: http://www.euskaltzaindia.net/xvi_biltzarra/egitaraua.asp?hizkuntza=eu (azken orduko aldaketarik gerta daiteke).

Izena ematea doakoa da eta horretarako urriaren 2a baino arinago 944 158 155 telefonora deitu behar da edo mezua idatzi xvi_biltzarra@euskaltzaindia.net helbidera.

  • Gizartea eta Euskara

Aurten ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzako Ulibarri programaren jardunaldiek Euskara eta gizartea gaia izango dute. Jardunaldiok urriaren 13 eta 14an Leioako Unibertsitateko areto nagusian izango dira. Batean zein bestean eskolara etorri berriak nola gizarteratzen diren aztertuko da prozesu horretan euskarak daukan garrantzia azalduz. Udalerri ezberdinetako teknikariek parte hartuko dute jardunaldian.

Programa helbide honetan ikus dezakezue: http://pilarikazuriaga.wordpress.com/2008/09/22/eskola-hiztun-bila-jardunaldiak-0809/

Argazkiak ikusi

hizkuntza gutxituen.jpg

Eskola Agenda
+

Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakaoko udalek Eskola Agenda prestatu dute elkarlanean herriko lehen hezkuntzako ikasleen artean banatzeko. Merkatuan eskola agenda asko egon arren ikastetxeekin batera agenda hurbilagoa, erakargarriagoa, koloretsuagoa egitea izan da euskara zerbitzuon asmoa. Agenda irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanetarako baliabide praktikoa izaten da eta, horrenbestez, ikasturtean zehar egunero darabilten dan lan-tresna.

Guztira 2.800 ale inguru banatu dira Lehen Hezkuntzako 8 ikastetxeetan: Arrigorriagako Herri Ikastetxean, Etxebarriko J.M. Barandiaran LHI eta San Antonio Lehen Hezkuntzako Ikastetxean, eta Galdakaoko Aperribai, Urreta, Gandasegi eta Unkina Herri Ikastetxeetan eta Eguzkibegi Ikastolan

Agendan agertzen diren testuen egilea Antton Irusta Zamalloa izan da, irakasle, ipuin kontalari eta idazle ezaguna. Eta testuari kolorea eta osotasun bat ilustrazioak ematen dion neurrian, Enrique Morente marrazkigilearen lana ere azpimarratzekoa da. Izan ere, egile bi horiei esker jaio baitira eskola agendako protagonista nagusiak diren Mika, Kuku, Mozolo eta Lamia.

Agendaren aurkezpena urriaren 2an izan da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.

Argazkiak ikusi

agenda.jpg

Kirol elkarteen eskuliburua
+

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirol elkarteen eskuliburuaren bigarren argitalpena plazaratu du. Urola Kostako Udal Elkarteak 2003an argitaratu zuen lehen eskuliburu hura osatuta eta eguneratuta berrargitaratu dute oraingoan.

Eskuliburuaren helburu nagusia kirol elkarteei euskararen erabilera areagotzeko laguntza ematea da, eguneroko jardunean erabiltzen dituzten agiriak, testu laburrak, mezuak eta antzekoak euskaraz idazteko argibideak eskainiz. Horretarako hainbat tresna eta eredu aurkituko dituzte bertan kirol klubek: gutunak, txartelak, aktak, kirolari eta elkartearen jarduera administratiboari buruzko hiztegia, estatutu ereduak, E1 hitzarmenaren eredua, balantze ekonomikoa egiteko taula... Kluben inguruko ohiko galdera eta zalantzei buruzko argibide batzuk ere izango dituzte eskura, eskuliburuaren 198 orrialdeetan banatuta, kirol federazio eta zerbitzuen telefono zenbaki eta interneteko esteka interesgarriekin batera.

Kirol elkarteen eskuliburua ahalik eta gehien zabaltzeko eta erabiltzeko Gipuzkoako kirol elkarteei zuzenean banatu zaie, herrietako udal teknikarien bitartez. Kirol federazio, liburutegi eta ikastetxeetako kirol koordinatzaileei, berriz, postaz bidaliko diete argitalpena. Horrezaz gain, liburuxkaren bertsio elektronikoa ikusgai dago helbide hauetan: www.kirolaeuskaraz.net eta wwww.urolakosta.org.

Argazkiak ikusi

kirol_elkarteen_eskuliburua_270.png

Elkarte gastronomikoetarako euskarazko aplikazioa doan sarean
+

Kontuak euskaraz egiteko urratsa eman nahi duten elkarte gastronomikoek tresna berria dute eskura. OnEgin! da bere izena eta Donostiako Informatika Fakultatean garatu duten sistema informatikoa da. Kode libreko sistema hori internetetik har daiteke, doan.

Elkarte gastronomikoei zuzendutako aplikazio informatiko berri hau UEUren euskarazko software katalogora bidali badute ere, momentuz OnEgin! deskargatu eta norberaren elkarteko ordenagailuan instalatu nahi duenak Joseba Makazaga, proiektua zuzendu duen irakaslearen webgunera jo behar du.

Webgune horretatik aplikazioa instalatzeko beharrezko tresnak, eskuliburua eta instalaziorako argibideak har daitezke.

Elkarteetan kontuak ordenadore bidez eta euskaraz egiteko aukeraz gain, OnEgin! aplikazioak beste eginkizun eta eragiketa batzuk errazteko ere balio du. Horrela, falten kontrola eramateko gaitasuna eskaintzen du, eta bodega eta elkarteko gaien kudeaketa ere egin daiteke aplikazio berri hori erabilita.

Argazkiak ikusi

txokoak.png

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko diru-laguntzak
+

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak joan den 2008ko uztailaren 1ean Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua onartu zuen. Dekretu horretan ezartzen diren egitekoak enpresei betetzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren arteko diru-laguntza deialdia kaleratu da. Ekimen honetarako 600.000 euro bideratuko dira aurten eta eskatzaile bakoitzari gehienez ere 45.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.

Diru-laguntza deialdia uztailaren 29an onartu zuen Gobernu Batzordeak eta irailaren 1ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da eta zabalik izan da irailaren 2tik urriaren 2ra arte.

Argazkiak ikusi

Ikastaroak
+
  • Hiznet graduondokoa

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoan izena emateko epea zabalik dago urriaren 15a bitarte. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bermea dauka.

Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoa euskararen normalkuntzarako beharrezko diren soziolinguistika ezagutzaz osatua dago. Internet bidezko ikastaroa da eta aurrez aurreko lau saiorekin osaturik dago.

Graduondokoa  hauei zuzenduta dago: euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arlotan hizkuntza normalkuntzen erantzukizun publikoa dutenei,...

Zortzigarren edizioa, datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da eta informazio orokorra http://hiznet.asmoz.org web gunean edota hiznet@asmoz.org helbidera idatziz topa daiteke.

 

  • Dendaketan eta ostalaritza

Euskararen erabileraren aldetik, ostalaritza eta merkataritza gune estrategikoak dira; baina zerbitzu horiek ez dira beti euskaraz eskaintzen, dendariak edota zerbitzariak euskaraz egiteko gai ez direlako, gehienetan. Zerbitzu horiek euskaraz bideratu ahal izateko, lehendabizi HABEK Dendaketan eta Ostalaritza ikasmaterialak argitaratu zituen eta iaz bezala, arlo horretako langileentzako ikastaro bereziak antolatu eta finantzatuko ditu.

Ikastaroak antolatzeko eskariak udalek eta euskaltegiek egin beharko dituzte.

Argazkiak ikusi

hiznet.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea