Ekainaren 25ean Miramongo Parke Teknologikoan egin zen "IKT tresna berriak euskaraz, ekoizpena hobetzeko" ekitaldian aurkeztu zituen Microsoftek bere produktu berriak, Windows Vista sistema eragilearen eta Office pakete berrienaren euskarazko bertsioak. Menuak eta kartak euskaratzeko itzultzaile automatikoa sortu eta interneten eskuragarri jarri du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.
Menu bihurgailua taberna, jatetxe zein edozein etxetako menuak eta kartak gaztelaniatik automatikoki euskaratzeko tresna informatikoa da. Tresna hau Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatarientzat sortu zuen merkatari.net atarian dago, eta ostalari eta sukaldariek gehien erabiltzen dituzten plater eta menu izenak euskaratzeko gai da. Egitasmo berria da, ez baitzegoen orain arte menuak eta plater izenak gaztelaniatik euskarara ekartzeko internet bidezko tresnarik.
Dijitalidadea S.L enpresak sortu duen menu bihurgailuak 1.057 termino eta horien eratorriak biltzen ditu. Termino edo sarrera horiek multzo funtzionaletan banatuta daude, hau da, esaldia osatzeko osagaiek duten portaera berezitua aintzat hartuta banatu dira:
• Osagai nagusiak: txuleta, karramarroa
• Hitz anitzeko terminoak: baratxuri berdea, zizka-mizkak aukeran
• Adjektiboak: ketua, krematsua, etxekoa
• Aditzak: gozatua, irin-arrautzeztatua
• Jakien zatiak: saiheskia, hanka, muina
• Prestaera moduak: entsalada, ogitartekoa
• Gehigarriak: olioa, bainilla, maionesa
Menu bihurgailua edonork erabili dezakeen arren, euskaraz jakin edota ulertzen duten ostalari eta tabernariei zuzenduta dago bereziki. Euskara ezagutzen ez dutenek erabiliz gero, komeni da tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea. Menu bihurgailuak menu eta jaki ugari gaztelaniatik euskarara itzultzen duen arren, tresna mugatua da, zailtasuna areagotzen den heinean erantzuna jasotzeko aukera txikiagoa da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkariek IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu zituzten ekainaren 18an, Donostiako Kursaalen egindako aurkezpenean.
Ikerlan horrek helburu dauka Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa aztertzea eta, horretarako, hizkuntza-gaitasunaren, euskararen erabileraren eta horiek sustatzearen aldeko jarreren gaineko galderak egin dira.
Inkestak euskararen lurraldeetako hamabost urtetik gorako biztanleak hartzen ditu aintzat (gutxi gorabehera, 2.500.000 lagun), sexuaren nahiz adinaren arabera taldekatuta. Guztira, 7.200 inkesta egin dira galdetegi egituratu eta itxi baten bidez.
IV. Inkesta soziolinguistikoaren datuak batzen dituzten liburuak euskara zerbitzuan jasoko dituzuen arren, dagoeneko IV. Inkesta Soziolinguistikoa osorik (pdf, 1,39MB) eta hari lotutako grafikoak (pdf, 839kb) eskura ditzakezue EJren Kultura Sailaren web gunetik.
Bermeon euskararen normalizazioan hainbat arlotan lanean ari diren elkarteen topalekua egin dute, Euskal Gunea izenekoa.
Egunez egun eta gizartearen arlo denetan bermeotarrak euskaraz bizitzeko lanean ari diren hainbat elkarteri lekua egin gura izan die Udalak eta horretarako Ataldeko lokalak eraberritu ditu. Hainbat elkarte eta proiektuk izango dute euren tokia Euskal Gunean. Elkarteen lekua ez eze, herritarrak euskalduntzeko lekua ere izango da, horretarako Bermeoko euskaltegi biak kokatuko dira bertan; Berbalagunek ere bertan izango du bulegoa. Euskeraz Berbetan elkarteak bertan jarraituko du eta Busturialdeko Hitzak erredakzioa eta bulegoa bertan kokatuko ditu.
2008ko ekainaren 14an, Euskal Herriko bazter askotako mintzalagunak bildu ziren Getxon, III. Mintza Eguna ospatzeko xedez. Gutxi-asko, 230 berbalagunek parte hartu eta gozatu zuten Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuak, Egizu taldeak eta Topagunekoek antolatutako ekintzez.


