Familiak hizkuntza geroratzearen garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Alkarbide bilguneak koordinatuta eta C lan-taldeko teknikarien ekimenari esker garatu da aurtengo kanpaina.
Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera leloa daraman kanpaina jaioberriak nahiz 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzat egin da, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea helburu duelarik.
Iaz izan zuen arrakasta aintzat hartuta, kanpaina bera egin da oparien kalitatea hobetuta. Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera kanpaina 36 udalerri eta 3 mankomunitatetako 20.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan.
Jaioberriak dituzten gurasoek alkateak edo beste udal ordezkariren batek sinatutako zorion-gutunaz gain, hizkuntza geroratzeko aholkuak jasotzen dituen hiru-orrikoa eta umearentzako adur-zapia jasoko dute.
1-6 urte bitarteko umeen gurasoek, berriz, euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen duen gutun eta aholkuen liburuxkarekin batera umearentzako askari-poltsa jaso dute.
Gainera, udal batzuetan A lan-taldekoek orain dela bi urte prestatutako KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka ere banatu dute. Aurten, liburuxkan agertzen diren abestiak CD batean grabatu dira eta liburuxkarekin batera banatu dituzte. Guztira, 8000 liburuxka eta CD banatu dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Gozatu Euskaraz lelopean.
Kanpaina 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburu du gazteak euren eguneroko jardunean euskara erabiltzeko lehenengo pausua ematera animatzea. Horretarako, agindu-esaldiak alde batera utzi eta gazteei interesatzen zaizkien baloreen aldeko apustua egin da egitasmoaren bidez.
Gazteentzat berrikuntzen mundua garrantzitsua da eta horregatik kanpaina Lehen aldia esamoldearekin lotu dute; horrekin adiera biko sotila sortu gura dute, zuhurra eta dibertigarria era berean, esperientzia desberdinetako lehenengo aldiaren eta hitz egiterakoan lehenengoz euskara erabiltzearen lehenengo aldiaren artean. Gazteei jakinarazi behar zaie euskararen ohiko erabilera bizitzako esperientzia onen artean sartzen dela, euren balore eremu guztietan kokatu behar dute euskara (sexua, emantzipazioa, trebakuntza, teknologia berriak…).
Gozatu euskaraz kanpaina gazteengana hel dadin hainbat bide erabiliko dira, besteak beste, telebista iragarkia, www.gozatueuskaraz.eu web gunea eta Youtuben plataforma sortu dira.
Pedro eta Aitor Zuberogoitia anaiek egin dute liburua eta maiatzaren 29an aurkeztu dute. Izenburu osoa honakoa da: Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia. Liburuan, Bilboko istorio eta pasadizoak kontatzen dira; besteak beste, 1957an Euskal Herriko lehen ikastolak bere ateak zabaldu zituela Bilboko San Nikolas elizaren lokaletan; gerraoste horretan bertan, Areatzan hasi zela suspertzen bertsolaritza, Euskaltzaindiak antolaturiko txapelketak zirela-eta...
Liburuaren egileek, igarotako urteen ondare gisa iritsi zaigun euskaldunaren irudi folklorizatu eta barregarria hautsi nahi izan dute eta euskararen aldeko mugimenduek Bizkaiko hiriburuan benetan izan duten garrantzia azpimarratu dute, errepaso historikoa eginez. Beren lanaren fruitua 360 orrialdeko liburua da.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren ekimenez, euskara-gaztelania / gaztelania-euskara hiztegia jaso eta erabili ahal izango da eskuko telefonoan. Edonork nahi duenean jaitsi ahal izango du hiztegia SMS Premium sistemaren bitartez. Hiztegia hitza idatzi eta 5464 zenbakira igorri behar da mezua aplikazioa jaisteko.
Bermeoko Udaleko Gazte Planak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuak (GIZ) eta Bermesex-ek, Ligatzeko esamoldeen lehiaketa antolatu dute. Lehiaketaren helburua lagunarteko egoera informaletan euskarazko esamoldeak sustatzea eta erabiltzea da.
Lehiaketan edonork har dezake parte, izan ere, epaitzeko orduan bi maila bereziko dira: 18 urtetik beherakoa eta gorakoa.
Lehiaketan parte hartzea oso erraza da, herriko hainbat taberna, denda, ikastetxe eta udal zerbitzuetan kutxak jarri dira, euren ondoan txartel batzuk utzi dituzte eta horietan idatzi behar izan dira esamoldeak eta kutxetan sartu. Lehiaketan parte hartzeko beste modu bat izan da bermesex@bermeo.org helbidera piropoa bidaltzea.
Parte hartuko duten guztien artean sei esamolde aukeratuko ditu epaimahaiak, hiru kategoria bakoitzean. Sariak maiatzaren 31n banatuko dira Uda erotismoz beterik dator jardueraren barruan.
Maiatzaren 23an, Lakuako Areto Nagusian Interpretearen Eskuliburua aurkeztu zuten. Juanjo Pagola eta Joseba Urkia dira liburuaren egileak. Azken hamabost urteetan euskararen eta gaztelaniaren arteko interpretazio-arloan biek egindako lana oinarri hartuta idatzi dute liburua.
www.euskadi.net/euskara_soft helbidean erabiltzaileek euskaraz lan egiteko hainbat produktu daude doan deskargatzeko. HPSk urteak daramatza euskara lantzeko eta euskaraz lan egiteko tresnak Interneten doan eskaintzen. 

