Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
29. alea
2008ko apirila

 
Euskara gaitasuna ziurtatzen duten agiriak baliokidetu dira
+

Eusko Jaurlaritzak euskararen gaitasun-egiaztagiri guztiak elkarren artean baliokidetuko dituen Dekretua onartu du. Apirilaren 16an indarrean sartu den Dekretu honen helburua, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzea eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzea da. Batetik, Europako Kontseiluak onartutako Marko horren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Hezkuntza Sailak emandako agiriak. Bestetik, elkarren artean baliokide egiten ditu. Halaber, gainerako euskara-egiaztagiriak (Irakasleen 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak, Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko tituluak) sei hilabeteko epean baliokidetzea aurreikusten du Dekretuak.

Dekretuak atzera-eragina du, hau da, aurreko urteetan HABEren mailaren bat lortzen duenak, berez baliokidetua dauka bere titulua.

Horrela gelditzen dira tituluak:

Europako Erreferentzia Markoa

IVAPen hizkuntza eskakizunak

HABE

OSAKIDETZA

ERTZAINTZA

HEZKUNTZA

B1

1HE

1. maila

1HE

B2

2HE

2. maila

2HE

1HE

C1

3HE

3.maila

3HE

2HE

EGA

C2

4HE

4.maila

4HE

Argazkiak ikusi

ega.gif

Harrapazank
+

Bilboko Udalak Harrapazank egitasmoaren hirugarren edizioa antolatu du apiril eta maiatzean. Euskara Sailak bultzaturiko egitasmo honen helburua 12-16 urte arteko neska-mutilen artean kultura eta sormena sustatzea eta hizkuntza-ohituretan eragitea da, euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Horretarako apirileko eta maiatzeko bariku arratsaldeetan era askotako ekitaldiak prestatu dira Bilborock aretoan, apirilaren 11an hasi eta maiatzaren 9 arte.

Aurreko edizioetan bezalaxe, moda, antzerkia, musika, dantza, ikus-entzunezkoak... landu dira. Eskaintza erakargarriagoa izateko, gazteen artean ezagunak diren kulturgileen partaidetza bilatu da, hala nola, irrati eta telebistako aurkezleak, musikariak edota bertsolari ospetsuak. Horrez gain, aurtengo edizioan Komeriaren kluba antzezlana estreinatuko da eta Zu bai zu!! umorezko bideoen lehiaketa antolatu da.

Programa ikusteko edota lehiaketan parte hartzeko jo www.harrapazank.com web gunera.

Moda desfilea doakoa izan da eta gainontzeko ekitaldietarako 3 eta 6 euro bitarteko sarrera ordaindu behar da.

Argazkiak ikusi

harrapazank.jpg

Duzun onena!
+

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek ume jaioberriak dituzten familiei zuzendutako gidaliburu berria plazaratu dute, hauen hizkuntza garapenerako aholku batzuk emanez.

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntzaz egin duten Duzun onena izeneko egitasmo honen helburua da familian hizkuntzei eman beharreko tratamenduari buruz hainbat gomendio proposatzea.

Udaletako euskara zerbitzuek ibilbide luzea egin dute jadanik familiekin. Umea jaiotzen denean hasten da harremana eta eskolatzen den arte jarraitzen du. Material berri honek zaharra ordezkatu du eta, lehen bezala, opari batekin (liburua edo lerdezapia) bidaliko zaie familiei. Horiekin batera eranskailu bat igorriko zaie, haurrak hitza daramana, eta kanpainaren logotipoa.

Gidaliburuak hainbat atal dauzka. Lehenengoan, gurasoei esaten zaie zeinen garrantzitsua den familia, hizkuntzak ikasteko, horretarako azpimarratu egiten da gurasoek zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta hobeki ikasiko duela bere pentsamenduak txukun adierazten. Bigarren atalean, euskara ikasteko baldintza egokienak azaltzen dira; era berean, D eredua hautatzea komenigarria dela aipatzen da. Atal honetan gurasoen tipologiaren araberako aholkuak ere ematen dira.

Liburuxkan argibideak hiztegi ilustratu batekin osatzen dira, haur hizkeran gehien agertzen diren hitzekin. Gero, atal bat gehitu da hizkuntza eredu zuzena emateko, hutsegite arruntenak saihesteko. Beste atal batean, jolas erraz batzuk proposatzen dira, euskara aise erabiltzeko. Bukatzeko, ikus-entzunezko bibliografia dago gehiago jakin nahi dutenentzat; hor aurkituko dituzte: sehaska kantak, haur musika, jolasak, ipuinak eta haur hizkera.

Argazkiak ikusi

nafarroa.png

Irakurri, gozatu eta oparitu
+ Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu du. Egitasmoaren helburua euskarazko irakurketa bultzatzea da. Bizkaiko hainbat udalerritan egingo den egitasmoa tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden elkarlanari esker gauzatuko da.

Egitasmoaren lehen pausoa liburutegira hurbiltzea da, bertan euskarazko liburua maileguan hartzen duenak orrialde markatzailea jasoko du opari. Liburua irakurri ostean liburutegira bueltatzen denean, fitxa bat bete ostean liburuzainak deskontu txartela emango dio herritarrari hitzartutako dendetan erabili ahal izateko.

Liburutegian jasotako deskontuarekin, azken urratsa liburua oparitzea izango da.

Egitasmoa borobiltzeko http://www.topagunea.org/irakurri/ web gunea dago, bertan liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txikia eta beste web guneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko aukera izango da.

Argazkiak ikusi

irakurri,gozatu.png

Lagune, igerri esakune!
+

Herritarren ekimenari esker eta Txokolo kultur elkarteak bultzatuta, maiatzaren 10ean III. berba probak egingo dituzte Mungian. Ekimena 11etan hasiko da eta Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batuko dituzte txapelketan.

Egitasmoaren helburuak, besteak beste, honakoak dira: bertako euskara lantzea eta bultzatzea; esakuneak erabiltzeko eta bertsoetarako zaletasuna piztea, herrien arteko lehia-giro ona sortzea eta euskal kulturaren aldeko herritarrak eta erakundeak batzea.

Herri bakoitzetik nahi beste taldek eman dezakete izena eta taldeek hiru lagunekoak izan beharko dute. Talde horiek ibilbidea egiten dute bertsolariekin batera herriko tabernarik taberna. Taberna bakoitzean bertsolariek bertso bana bota eta lehiatzaileek bertsoari ondo doakion esakunea asmatu beharko dute (aldez aurretik esakuneen zerrenda ematen zaie baina ezin da txapelketak irauten duen bitartean aldean eraman).

Arratsaldean finala antolatuko da: proba fisikoak eta berbazkoak eta txapel jaurtiketa. Ostean sariak banatuko dira.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek apirilaren 30ean izango dute izena emateko azken eguna.

Argazkiak ikusi

berbaproba08.jpg

EBPN Diman
+ Agerkariaren otsaileko aleak aipatzen genuen Bizkaian gero eta udalerri gehiago ari direla EBPN lantzen. Orduan Lemoan lehen Plan Estrategikoa eta Getxon bigarrena aurkeztu zirela aipatu genuen.
Hil honen 25ean, berriz, Dimako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztu zuten Dimako udaletxean. Diman, herritarren laguntzaz, lehen Plana prestatu dute eta garatzen hasi dira. Aurkezpenean izan ziren bertako alkatea den Jose Ramon Garai, Lore Bilbao, euskara zinegotzia, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia.

Argazkiak ikusi

P1110012.jpg

Merkataritza hiztegia I
+ Markina-Xemeingo euskara zerbitzuak Euskaradebalde merkataritza-ostalaritza euskalduntzeko kanpainaren barruan merkatarientzako hiztegia kaleratu du. Azken urteotan Lea-ArtiBai Euskarari elkarteak egindako merkataritza arlo ezberdinetako hiztegiak bildu dira liburuki batean. Lehen merkatarien artean banatu zena, orain herritar guztiei banatuko zaie. Egitasmo honekin bat egin dute Bizkaiko beste hainbat udalerrik, besteak beste, Zaldibar, Berriz eta Lemoak.
Formatu honetan kaleratzen den lehen alea dela iragarri dute, datorren urteari begira Merkataritza Hiztegia II: Jatetxeak kaleratzeko asmoa du euskara zerbitzuak.

Argazkiak ikusi

hiztegia.jpg

2008-2009 graduondoko tituluak
+

2008-2009 ikasturteari begira, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ondorengo ikastaroak antolatu ditu, guztiak EHUko berezko tituluak direnak eta batzuk UHUNrenak ere bai. Berritasun moduan, aurtengo eskaintzan bi unibertsitateko M4STER eta lau unibertsitateko espezialista daude. Dagoeneko matrikulak egiteko epea zabalik dago. Ikastaro hauen artean euskara teknikarientzako aproposa den Hizkuntza Plangintza ikastaroa eskaintzen dute.

Informazio gehiago ondoko orrialdean aurkituko duzue: www.asmoz.org.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea