Bilboko Euskara Zerbitzuak programazio zabala prestatu du IKUSI eta IKASI izenburupean. Egitasmo honen helburu nagusia Bilbon euskararen transmisioa indartzea da eta horretarako ume eta gaztetxoei euskaraz dagoen produkzioa eskainiko zaie.
Topagunearen laguntza teknikoarekin, guztira 29 ikuskizun eskainiko dira urtarrila eta apirila bitartean 3-12 urteko ume eta gazteentzat. Besteak beste, antzerkia, magoak, txotxongiloak, ipuin kontalariak eta pailazoak izango dira ikusgai Deustu, Begoña eta San Frantzisko auzoetako udaltegietan; Tiboli, Errekaldeberri, Zamakola eta Zurbaran eskoletan eta Kasilla kiroldegian.
Enkarterriko Berbalagun egitasmoaren arduradunek Euskararen gidabaimena izeneko jokoa jarri dute martxan hainbat udalerritan. Jokoaren helburua euskararen erabilera bultzatzea da eta aldi berean euskaldunei elkar ezagutzeko aukera gehiago ematea. Horrekin batera, euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketa bultzatu nahi dute Berbalagun taldekoek, Enkarterrin ere euskaraz bizi ahal dela erakutsiz.
Ideia Balmasedan jaio zen, Ekintza gazte taldeak antolatu zuen joko hau lehenengoz, haien artean euskararen presentzia areagotzeko.
Jokalari bakoitzari, euro baten truke, 12 puntuko gida baimena banatuko zaio. Puntuak mantentzeko era bakarra jolasten ari diren lagunekin euskaraz mintzatzea da. Jokoak irauten duen bitartean derrigorrezkoa izango da gidabaimena aldean eramatea. Gidabaimenarekin batera txapa biribil bat banatuko zaie jokalariei, horrela jolaskideak identifikatu ahalko dira. Puntuak euskaraz ez hitz egiteagatik edota txapa edo gidabaimena aldean ez eramateagatik galtzen dira. Puntuak berreskuratzeko eskualdean egiten diren euskarazko ekintza gehienetan parte hartu behar dute edo solaskide berriak aurkitu behar dituzte jokalariek.
Azkenean puntu gehien dituztenen artean sariak banatuko dira. Jokoa ekainean bukatuko da.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak BIKAIN ziurtagiria eskuratzeko prozedura aurkeztu zuen martxoaren 5ean. Hurrengo egunean, hots, martxoaren 6an, ebaluatzaileek prestakuntzan izena emateko eta erakundeek ebaluazioa eskatzeko epea hasi eta martxoaren 31n amaituko da. Apiriletik uztailera, berriz, erakunde eskatzaileak nahiz ebaluatzaileak lanean ibiliko dira nor bere eginkizunetan. Ebaluazio-aldia uztailean amaituko da eta irailean aitortza-ekitaldia izango da. Informazio gehiago Euskalit erakundearen web gunean: www.euskalit.net/bikain
Hainbat dendari elkartu dira Legazpi, Zumarraga eta Urretxun Mintzalaguna ekimenaren bidez euren artean euskararen erabilera sustatzeko. Proiektuaren helburua beldurrak eta lotsak gainditu, eta euskaraz egiteko konfiantza hartzea da.
Lehendik ere Mintzalaguna abian zuten hiru herriotan, baina dendariei zuzenean eskaintza egitea erabaki dute oraingoan. Iaz bultzatu zituzten estreinakoz erabilera taldeak eta aurten ere dendari berriak hasi dira ekimen horretan; hala ere oraindik asko ziren euskara sustatzeko planean zuzenean parte hartzeko zailtasunak zituztenak, ohitura edota ezagutza faltak baldintzatuta.
Iazko taldeetako dendariak prest agertu ziren beste dendarien gidari gisa aritzeko eta beraien eskaintza ezinbestekoa izan da dendarien arteko Mintzalagunak aurrera egiteko. Ondorioz, Mintzalagun saioak antolatzea posible izan da eta otsailean bertan hasi dira dendariak hirunaka edo launaka elkartzen.
Oraingoz otsaila eta maiatza bitartean arituko dira jardunean ekimen horrekin, esperientzia pilotu gisa hartu baitute. Hiru herrietan guztira 22 dendari arituko dira epe horretan.
Iaz bezala, aurten ere Jendaurrean hitz egiteko ikastaroa antolatu du HAEEk. Ikastaro honen bidez honakoak lortu nahi dira: ideiak ordenatzea eta baliabideak aukeratzea, horien arabera informazioa emateko, konbentzitzeko, limurtzeko, ideiak defendatzeko…; eta batzar, mintzaldi eta jendaurreko ekitaldietako parte-hartzeak hobetzea.
Ikastaroaren hartzaileak diren Toki Administrazioetako teknikariek egin ondoren honakoak lortuko dituzte: jendaurrean hitz egiteko segurtasuna, eztabaidetan parte hartzeko teknikak jabetu eta bilerak, mahai-ingurukoak antolatzeko gai izango dira.
Ikastaroa 20 ordukoa da eta Bilbon egingo da, apirilaren 23, 25 eta 30ean, eta maiatzaren 7, 9 eta 14an. Izena emateko azken eguna apirilaren 8a da.
Bestalde, Elurnet eta UEUk elkarlanean aurten Internet eta teknologia berrien inguruko euskarazko ikastaroak prestatu dituzte: Informazio uholdea kudeatzen ikasi eta WWW berri baten lehen urratsak.
Lehenengo ikastaroa, Informazio uholdea kudeatzen ikasi, apirilaren 16 eta 17an izango da eta izena emateko epea oraindik zabalik dago. Ikastaroak Interneteko tresna askok eskaintzen dute sindikazioa eta horren ondorioz hauek guztiak aukeratu, egoki definitu, iragazi, antolatu, kudeatu eta erabiltzen ikastea du helburu eta informazio kudeatzaile, komunikazio arduradun, garatzaile, marketing arduradun eta orokorrean interneti begiratzen dioten enpresa, elkarte edo talde orori dago zuzendua.
WWW berri baten lehen urratsak ikastaroaren helburua web semantikoa minuskulaz zer den ezagutu eta gure ingurunea mikroformatuak, RDFa eta GRDDL gure aplikazio, web gune edo jarduerari balio erantsia gehitzeko erabiltzen ikastea da. Maiatzaren 16an izango da eta garatzaileei, diseinatzaileei, eta interneti begiratzen dion enpresa, hezkuntza eta elkarteetako jendeari zuzendua dago.
Soziolinguistika Klusterrak Geroa bermatzeko, oraina ezagutu jardunaldia antolatu zuen otsailaren 29an, UPV-EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldiaren helburu nagusia 2007ko proiektuetatik bildutako emaitza nagusiak plazaratzea izan da eta bertan soziolinguistikaren arloan erreferentziazko diren hainbat adituren hitzaldi entzuteko parada ere izan zen. Horretarako, egitarau zabala prestatu zuten, goizean hainbat adituk emandako hitzaldiak entzuteko eta Soziolinguistika Klusterrak bere bazkideekin landutako proiektuen lanketa egiteko aukera izan zuten bertaratuek.
Bazkalostean, Euskal Herriko kale erabilerari buruzko mahai-ingurua izan zen.
Bukatzeko, Jose Luis Alvarez Enparantzari, “Txillardegiri”, soziolinguistikaren arloan egindakoa eskertzeko omenaldia egin zitzaion.
www.soziolinguistika.org web gunean daude ikusgai hitzaldi guztiak eta jardunaldiari buruzko gainerako informazioa.
2006ko urrian HPSk sortutako elebide zerbitzuaren lehenengo urteko jarduera txostena, 2007ari dagokiona, aurkeztu dute.
Guztira 248 gorabehera jaso ziren, horretarako herritar gehienek e-posta erabili zuten. Herritarrek kexa, kontsulta edota iradokizunak egiteko erabilitako hizkuntza gehienetan euskara izan zen eta ia %100 euskara erabili nahi zutenen eskubide urraketarekin lotutako kexak izan ziren. Gorabeheren tipologiari erreparatzen badiogu, kexak nabarmendu ziren baina kontsultak, iradokizunak eta bestelako eskariak ere egon ziren. Kexarik gehienak esparru publikoan gertatutako urraketak izan ziren.

