Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
27. alea
2008ko otsaila

 
Lanerako Idazkiak
+ Enkarterriko Mankomunitateko eta Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuek, eskualdeko merkatari-elkarte, merkataritza-ganbera, toki-garapen eta MLKTko arduradunekin batera egindako elkarlanari esker, Lanerako Idazkiak- Impresos y apoyo para el trabajo en euskera argitaratu dute. Liburuxkaren helburua da eskualdeko merkatariei euren eguneroko lanean euskara txertatzeko laguntza ematea; horretarako hainbat baliabide eskaini zaizkie merkatariei: eguneroko materiala euskaraz ere sortu ahal izateko baliabideak, bezeroekin erabiltzeko moduko esaldi laburrak ikasteko aukera eta publizitatea euskaraz ere egin ahal izateko bidea.
Merkatariei lana errazte aldera, liburuxka ahalik eta era grafiko eta lagungarrienean osatzen ahalegindu dira, dokumentu mota ezberdinen arabera antolatuta.
Liburuxka ez eze, publizitatea euskaraz egiten ikasteko ikastaro laburra ere antolatu dute.

Argazkiak ikusi

Lanerako Idazkiak1.jpg

Hizkuntza Paisaiaren azterketa
+ Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskal Autonomia Erkidegoko eremu publikoan zein pribatuan hizkuntza-paisaiaren azterketa zabala egin du, inoizkorik zabalena. Ikerketaren helburuak honakoak dira:

a) Administrazio publikoaren eraginpeko ekipamenduen hizkuntza-paisaia eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietako hiri-paisaiaren hizkuntza-neurketak egitea eta egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

b) Eremu pribatuko zerbitzu sektoreko hizkuntza-paisaia eta euskararen erabilera-maila aztertzea eta egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

Azterketaren ondorio nagusiak

1. Eremu publikoan euskararen presentzia eremu pribatuan baino nabarmen handiagoa da, bai ahoz bai idatziz.
2. Eremu publikoan zein pribatuan, euskararen erabilera handiagoa da idatziz ahoz baino.
3. Euskararen erabilera, batez ere ahozkoa, oso lotuta dago tokian tokiko errealitate soziolinguistikoarekin. Izan ere, Gipuzkoako egoera Bizkaikoa eta Arabakoa baino hobea da, eta gune euskaldunetako ekipamenduena eta establezimenduena gune erdaldunetakoena baino. Aldeak, esan bezala, batez ere ahozko erabileran ematen dira.
4. Administrazio desberdinen artean eta jarduera-sektore desberdinen artean ere alde esanguratsuak daude. Euskararen erabilera handiago da Eusko Jaurlaritzako administrazio nagusian Estatuko Administrazioaren menpe dauden establezimenduetan baino. Aldi berean, askoz hobea da finantza-erakundeetan, higiezinen agentzietan baino.

Argazkiak ikusi

hizkuntza_paisaia270.png

Triatloia Euskaraz jardunaldia
+ Enkarterriko Makomunitateko euskara zerbitzuak, ikastetxeetako hizkuntza normalizazio arduradunekin adostuta, triatloiari buruzko jardunaldiak antolatu zituen euskaraz DBHko gazteentzat, hain zuzen ere, 14-15 urteko gazteentzat. Egitasmoa hitzaldiek eta triatloi praktikek osatu zuten.
Hizlariak Hector Llanos gasteiztarra eta Miren Casado zarauztarra izan ziren; laguntzaile moduan Lekeitioko Garraitz Triatloi taldeko Luis izan zuten. Lekeitioko Garraitz Triatloi Taldearen ardura izateaz gain, Euskal Herriko Triatloi Federazioarekin aritzen da lanean Luis, besteak beste, gazteei triatloiaren berri ematen.
Jardunaldia Zallako institutuan egin zen eta 35 bat ikaslek parte hartu zuten.

Argazkiak ikusi

TRIPTIKO KIROLAK 4 (2)_Página_1.jpg

Hizkuntzalaritza eta teknologia berriak
+ UEUk "Hizkuntzalaritza eta teknologia berriak" alorreko bi ikastaro antolatu ditu Eibarren. Bata, itzulpengintza automatikoaren nondik norakoak. Bestea, hizkuntza teknologiak ikasleen testuak aztertzeko. 

Itzulpengintza automatikoaren nondik norakoak ikastaroaren helburua da teknologia horren oinarriak azaltzea eta kasu praktikoak aztertzea. Ikastaroa itzulpengintza eta teknologia arloan interesatuta daudenei zuzendua dago. Izena emateko epea martxoaren 14an amaituko da eta 9 orduko ikastaro hau apirilaren 7, 8 eta 10ean izango da arratsaldeko 16etatik 19etara. 

Hizkuntza teknologiak ikasleen testuak aztertzeko ikastaroa hizkuntza irakasleei eta didaktikariei zuzenduta dago eta lortu beharreko helburuak honakoak dira:
  • Informatikak hizkuntz ikasleek idatzitako testuen tratamenduan dituen mugak eta abantailak ezagutzea.
  • Tailerrak burutzea, teknologia berriek ikasleen testuen azterketan eskaintzen dizkiguten aukerak ezagutzeko.
  • Euskarazko ikasleen corpusa biltzearen garrantzia lantzea
Ikastaro honetan ere, izena emateko epea martxoaren 14an amaituko da. Ikastaroa apirilaren 21, 22 eta 24an izango da arratsaldeko 16etatik 19etara, beraz 9 orduko ikastaroa izango da hau ere.

Argazkiak ikusi

EBPN Bizkaiko udalerrietan
+


Bizkaian gero eta udalerri gehiago ari dira EBPN lantzen, batzuk dagoeneko lehen plan estrategikoa bukatu eta bigarrena edota hirugarrena garatzen ari dira, eta beste batzuek aldiz, plangintzaldi berria hasi dela aprobetxatuz lehen plan estrategikoa onartu dute.

Hilabete honen 14an, Getxon, Bigarren Plan Estrategikoa aurkeztu zuten Imanol Landa alkateak, Koldo Iturbe euskara zinegotziak, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak eta Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak.

Lemoan, aldiz, lehen plan estrategikoa prestatu dute eta herritarrei aurkezteko bertan izan ziren otsailaren 21ean Lemoako alkatea den Jabier Beobide, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea