Bizkaiko 45 udalerrik abian jarriko dute euskarazko ereduetan matrikulatzeko sentiberatze-kanpaina. 2-3 urteko haurrak eskolaratzeko sasoia laster izango da eta kanpainaren bidez, hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazioa emango zaie 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoei eta, batez ere, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitzera etorri diren etorkinen familiei.
Ekimena 15.500 familiari zuzenduta dago, eta honako udalerri hauetan zabalduko da: Alonsotegi, Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berriz, Berango, Bilbao, Enkarterriko Udalen Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Galdakao, Getxo, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Udalen Mankomunitatea, Uribe Kostako Udalen Zerbitzu Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.
1+1=bi leloa iazko bera da, izandako arrakasta aintzat hartuta, kanpaina bera errepikatzea erabaki dute egitasmoaren sustatzaile izan diren A lan-taldeko teknikariek. Kanpaina honetan hainbat liburuxka banatuko dira, eta euretan gure hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazio zabala emango da. Horrekin batera, udal bakoitzeko udal arduradunak sinatutako gutuna eta eskolan hastear dauden umeentzako oparia ere banatuko dira; aurten 1+1=bi leloa daraman puzzlea jasoko dute umeek euren etxeetan. Materiala euskara zerbitzuetan badago ere, ez da zabalduko aurrematrikulazioa epea heldu arte.
Enkarterriko Mankomunitateko eta Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuek SMS Bero-Beroen III. lehiaketa antolatu dute otsailaren 1etik 10era bitartean. Sariketan parte hartzeko mezuak 688 666 288 telefonora bidali beharko dira.
Mezuak euskaraz izango dira, gehienez 160 karaktere izango dituzte eta ez dute irudirik onartuko. Mezu irabazleak aukeratzeko orduan adierazkortasuna eta umore ona hartuko dira kontuan.
Mezu irabazlearen egileak I-pod irakurgailua jasoko du. Bigarren saridunak 50 euro eskuratuko ditu euskarazko produktuetan; eta hirugarrenak 30 euroren balioa duten euskarazko produktuak. Irabazleei telefonoz deituko zaie otsailaren 14an, San Balendin egunean.
EHUko Euskara Institutuak jardunaldia antolatu du urtarrilaren 31 eta otsailaren 1erako. Jardunaldiaren gaia Espezialitateko hizkerak eta terminologia III: Espezialitate hizkeren didaktika eta komunikazioa da.
Hitzaldi eta mahai-ingurukoa Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean izango dira eta han bilduko dira, besteak beste, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko, EHUko, Hezkuntza Saileko, HAEEko, Elhuyarreko eta beste erakunde batzuetako adituak. Jardunaldia doakoa da, eta eskaera orria EHUko web gunean bete daiteke.
Dagoeneko zabalik dago Linguanet ikastaroan izena emateko epea.
Linguanet ikastaroak lan munduko euskara planen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoa eta eguneroko praktiken esperientziak ezagutzeko aukera eskaintzea du helburu.
Ikastaro honen hartzaileak esparru sozioekonomikoko erakundeetan edota enpresetan diharduten teknikariak zein koordinatzaileak, eta esparru horretan aritzeko prestakuntza berezia behar duten pertsonak dira. Halaber, Hiznet ikastaroa egina dutenak edota erakunde publikoetatik esparru horretan euskararen presentzia areagotzeko lanetan ari direnak.
Ikastaroa 50 ordukoa izango da. Bost ikasgai eskainiko dira, denak derrigorrezkoak. 35 ordu internet bidezko ikasgai teorikoetan gauzatu beharko dira eta 15 ordu hiru larunbatetan burutuko diren bost orduko aurrez aurreko tailer praktikoetan. Ikastaroa otsailaren 25ean hasiko da eta maiatzaren 30 arte iraungo du.
2006ko irailean LanHitz abian jarri zenean, hiru irizpide hartu zituen HPSk enpresaz enpresa harremanetan hasi aurretik: enpresa kokatuta egotea %45etik gorako elebidunen kopurua dagoen gune soziolinguistikoan, 15 langile baino gehiago izatea eta eskaera egitea. 1.929 enpresek betetzen zituzten irizpide horiek eta 2007ko abendurako guztietara egin zuen bisita HPSk eta horietatik 500 baino gehiagok egitasmoan parte hartzeko gogoa adierazi dute.
Aurrera begirako erronkak hauexek dira:
— Herri-administrazioen arteko elkarlana bideratzen eta koordinatzen jarraitzea, mundu sozio-ekonomikoko eragile nagusiekin, enpresaburuen elkarteekin eta sindikatuekin lankidetzan.
— Sustapen- eta sentsibilizazio-lan sistematizatuarekin jarraitzea.
— Laguntza tekniko eta ekonomikoekin jarraitzea
Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak eskatzeko deialdiak batera etorri zaizkigu.
Urtarrilaren 31rako Eusko Jaurlaritzaren 2007ko diru-laguntzen zuriketa eginda izan behar da. Hurrengo eguna, otsailaren 1, Bizkaiko Foru Aldundiko 2008ko diru-laguntzen eskaera aurkezteko azken eguna dugu. Bete beharreko hurrengo epea otsailaren 15a da, ordurako prestatu behar baitira Eusko Jaurlaritzarako 2008ko diru-laguntza eskaerak. Kontu honen inguruan aurkeztu beharreko azkena BFAko 2007ko diru-laguntzen zuriketa da, eta otsailaren 28 arteko epea dago horretarako.
Gurasoen eskariei erantzunez, haur jaioberria euskaraz erregistratzeko eman beharreko urratsak azaltzen dituen dokumentua prestatu du Behatokiak eta beharrezkoak diren formularioak ere eskuragarri ditu.
Behatokiak haurra izango duten gurasoak animatu nahi ditu euren seme edo alabaren erregistroa euskaraz egin dezaten.
Informazio gehiago: 948 146 172 edo behatokia@behatokia.org


