Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
25. alea
2007ko abendua

 
Urte barri on guztioi!
+ Urte Barri On! Apurka-apurka, aurtengoaren zazpia zortzi bilakatzen ari zaigu eta laster hasi beharko gara buru-belarri urte zaharreko kontuak zuritzen eta urte berrikoak lantzen. Horietan guztietan lagun izango gaituzue Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok baina, oraingoz, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi berria.

Argazkiak ikusi

Alkarbide-Zorionak 2008.jpg

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria
+ Bikain Esparru sozio-ekonomikoan euskararen etengabeko normalizazioa ebaluatu eta egiaztatzeko Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria aurkeztu zuten Bilbon, 2007ko abenduaren 17an.

Aurkezpen-ekitaldiak Juan José Ibarretxe lehendakaria izan zuen buru eta, harekin batera, kalitate ziurtagiri hau bultzatu duten erakunde guztietako ordezkariek parte hartu zuten aurkezpenean: Eusko Jaurlaritza, Euskalit, EAEko hiru foru aldundiak, Eudel, CONFEBASK, ADEGI, CEBEK, SEA eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

Era berean, aipamen berezia eta merezitako aitorpena egin zitzaien ebaluazio sistema probatzeko egitasmoan parte hartu duten bederatzi enpresei.

Ziurtagiria LanHitz programaren barruko ekimena denez, ebaluatzeko moldeak Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) dauka oinarri. Hala, EMEk jasotzen dituen hiru ardatzei (hizkuntza-paisaia eta irudi korporatiboa, barne-harremanak eta kanpo-harremanak) beste bat gehitu zaie, hizkuntza-kudeaketa, hain zuzen ere.

Ziurtagiriaren bitartez, enpresa nahiz erakunde batek euskaraz zenbateraino eta zelan egiten duen ebaluatzen da. Horretarako, BIKAIN ziurtagiriak hiru kolore erabiliko ditu: urre-koloreko ziurtagiriak, goi-maila adierazten du; zilar-koloreko ziurtagiriak, berriz, erdi-maila eta, azkenik, ziurtagiri beltzak oinarrizko maila adierazten du.

Argazkiak ikusi

Bikain_marka.jpg

Euskararen Aholku Batzordea, eraberriturik
+ Euskararen Aholku Batzordeak araudi berria onetsi eta kide berriak izendatu ditu azken osoko bilkuran. Eraberritzearen ondotik, berrogeita hamasei (56) kidek osatuko dute batzordea. Horietarik 14 EAEko administrazioko kideak eta euskaltzainburua dira, beste 37 hizkuntza-normalkuntzan eragina duten arloetako kideak eta 5 Eusko Legebiltzarrak izendatutakoak. Bestalde, lehendik zeuden bi batzorde-atal bereziez gainera, beste lau arituko dira aurrerantzean, sei guztira.

EAB berriak bi helburu nagusi izango ditu: euskararen aldeko adostasuna hedatzea eta erabilera areagotzeko ahalegina egitea.

Argazkiak ikusi

2008ko egutegia: Hizkuntzaren taupadak
+ Egutegia2008

Bizkaiko zortzi udal erakundetako (Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Enkarterri, Etxebarri, Galdakao eta Zeberio) euskara zerbitzuek prestatu duten 2008ko egutegia aurkeztu zen abenduaren 12an, Bilbon. Dakizuenez, horman eskegitzeko egutegi hori euskararen erabileran eragiteko ekimena da, euskara, maitasuna eta ondorengoetaratzea uztarturik, argazki esanguratsuz eta bertsoz hornitua.

Egutegia aurkezteko lanetan, Gotzon Lobera, BFAko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, Iñaki Otaegi, Etxebarriko Udaleko Kultura zinegotzia, eta egutegia lantzen aritu diren bertsolarietako bi, Arkaitz Estiballes eta Xabier Paya, aritu ziren.

Basauriko Udalaren web gunean (basauri.net) ikusi eta eskura dezakezue egutegia PDF formatuan.

Argazkiak ikusi

taupadak.jpg

Euskaraz jolastu, euskaraz bizi
+ Olentzero Eguberri sasoia baliatuta, Ikastolen Elkarteak gure herri tradizioan oinarritutako hainbat joko didaktiko aurkeztu ditu etxeko txikienentzat, Euskaraz jolastu, euskaraz bizi proiektuaren baitan. Sei alek osatzen dute aurtengo bilduma. Horietako bost joko didaktikoak dira, 3 urtetik aurrerako umeek erabiltzekoak, umeen trebetasun orokorrak garatzen laguntzeko landuak: Bokalak, Euskal Alfabetoa, Txinpartailua, Hitzen Lotoa eta Bingoa. Seigarrena, berriz, Olentzeroren peluxea da, 10 hilabetetik aurrerako umeentzat.

Argazkiak ikusi

ikastola_jokogintza_olentzero_panpina_270.png

Kale Erabileraren V. neurketa Bizkaian
+ Soziolinguistika Klusterrak oraintsu aurkeztutako Euskal Herriko Kale Erabileraren V. neurketaren Bizkaiko emaitzen arabera, euskaraz gehiago egiten zen gure lurraldeko kaleetan 2006an (%11), batez beste, 1989an baino (%8). Euskararen ezagutzak ere zerbait gora egin du azken bost urteotan, baina, oro har, lehengo kopuruetan dirau (euskaldunak: %25; ia-euskaldunak: %25; erdaldunak: %50)

Argazkiak ikusi

2008ko diru-laguntzak
+ Udal, udal erakunde autonomo eta mankomunitateen esparruan, 2008ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko diru-laguntzei buruzko dekretua (249/2007 FORU DEKRETUA, abenduaren 18koa) argitaratu da abenduaren 24ko BAOn.

Eskabideak aurkezteko epea 2008ko urtarrilaren 2an hasiko da eta urte bereko otsailaren 1ean amaituko da.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea