Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
24. alea
2007ko azaroa

 
Hurbildu Etxebarrira Unitate Didaktikoa
+

Hilaren 29an aurkeztu zuten Etxebarriko udaletxean Hurbidu Etxebarrira unitate didaktikoa. Han izan ziren Pedro Lobato eta Iñaki Otaegi, Etxebarriko alkatea eta euskara zinegotzia, Gotzon Lobera, Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, Adolfo Arejita, Labayru ikastegiko zuzendaria eta Idoia Altzibar, liburuaren egilea.

“Etxebarriko toponimia” irakaskuntzara zabaltzea eta Etxebarriko umeek eta gazteek ez ezik, gurasoek nahiz irakasleek ere herriari buruzko informazioa jasotzea izan da unitate didaktikoa egitearen xede nagusia. Horretarako bada, Etxebarriko toponimia batzen duen liburua eta DVD interaktiboa prestatu ditu Etxebarriko Euskara Zerbitzuak.

Liburua

Unitate didaktiko idatzia hiru zatitan banatuta dago: lehenengoa Haur Hezkuntzako umeentzat prestatuta dago; oso unitate bisuala da eta argazkiz beteta dago. Bigarrena, Lehen Hezkuntzako haurrentzat eginda dago; bertan, informazioa atalka aurkeztu zaie umeei lexiko ulerterraza erabiliz, eta hirugarrena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Azkena askoz unitate landuagoa da; izan ere, atal batean herriaren historia eta ezaugarri orokorrak azaltzen dira eta ondoren auzoz auzo banatuta, auzo bakoitzeko mapa eta argazkiak.

Mintzapraktikak ere leku garrantzitsua du ikasleen ikas-prozesuan eta hori lantzeko Etxebarriko euskaldun batzuei egindako grabazioak erabili dira, grabazioetatik zatitxoak atera eta paperera ekarrita. Transkripzioa modu literarioan egin da, esan bezala, zati honen helburua ez baita Etxebarriko euskara entzutea, mintzapraktika lantzea baizik.

DVD interaktiboa

DVD interaktiboan liburuan bertan dagoen informazio guztia ez ezik, ariketa interaktibo berriak ere sartu dira. Hori ere, liburua bezalaxe, hiru atal nagusitan banatu da: Haur Hezkuntzarako, batez ere, puzzleak prestatu dira. Lehen Hezkuntzarako, denbora-pasak eta mota guztietako galderak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, galderak, baina aurrekoak baino askoz sakonagoak, azken horiek guraso edo irakasleentzat ere balio dute. Horrekin batera, letra-zopak eta puzzleak egiteko aukera ere eskaintzen du DVDak.

Euskarri honetan, gainera, libururako aprobetxatu diren grabazioak ere sartu dira, entzumena lantzeko. Gaur egun hain gutxitan entzun dezakegun Etxebarriko euskara garbia entzuteko aukera emango digu DVDak eta argazki galerian, hainbat argazki ikusteko aukera izango dugu.

Argazkiak ikusi

image001.jpg

Euskararen eguna. Pixka bat es mucho
+

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskararen erabilera bultzatzeko eta abenduaren 3an izan den euskararen eguna ospatzeko, Pixka bat es mucho izeneko kanpaina martxan jarri du azaroaren hasieratik abenduaren 3a arte. 2006. urtean Ukan birusa oinarritzat hartuta egin zen kanpainaren jarraipena dugu hau.

Pixka bat es mucho kanpainarekin, helburu zehatz batzuk bete nahi ditu Jaurlaritzak, besteak beste, euskararen erabilera bultzatzea euskaraz egiten "ausartzen" ez direnak hitz egitera animatuz.

Kanpaina berriaren mezuak zabaltzeko hainbat ekintza bideratu dituzte: publizitateari lotutako ekintzak eta hartzaile bereziei zuzendutako partaidetzarako eta garapenerako ekintzak.

Joan den 2007-10-30ean Donostiako Tabacaleran egin zen kanpaina abiarazteko ekitaldia. Bertan, kanpainaren barruan prestatu diren iragarkiak eta irratiko mezu laburrak aurkeztu ziren, besteak beste. Hain zuzen ere, kanpainaren mezuei garrantzia eta zabalkuntza emateko lau asteko kanpaina egin da komunikabideetan.

Pixka bat es mucho kanpaina abenduaren 3an amaitu da Gasteizen, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Argazkiak ikusi

pixkabatesmucho.jpg

UKAN pintxoa
+

Goian aipatu dugun Pixka bat es mucho kanpainaren komunikazio planean hainbat ekintza garatu dituzte eta horietako bat Ukan pintxoa dugu. Euskal Herriko II. Pintxo Lehiaketako irabazleek kanpaina honetarako beren beregi sortutako pintxoa dugu.

Pintxoa euskararen erabilera eta sustapenaren alde agertzen diren taberna eta jatetxeetan dastatu ahal izango da.

Teknikariok zeuon udalerrietako ostalaritza establezimenduetan zabaldu gura baduzue, jarri harremanetan Alkarbide bilgunearekin, eta pintxoaren ardura daukan ekoizpen-etxearen datuak emango dizkizuegu.

Argazkiak ikusi

ukanErrezeta-txi.jpg

Kirola euskaraz
+

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Euskarako zuzendaritzek Kirola Euskaraz programaren web gunea (www.kirolaeuskaraz.net) berritu dute.

Web guneak kirola eta euskara uztartzen dituzten jardueren informazioa jaso eta emateko ataria izan nahi du. Gunearen asmoa, berriz, Gipuzkoatik kanpo ere zabaltzea da.

Debagoieneko zenbait udalek 1993an sortu eta pixkanaka, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Gipuzkoa osora zabaldu den Kirola Euskaraz egitasmoaren helburu nagusiak hauexek dira:

  • kirol arloko eragileak (entrenatzaile, guraso, herritarrak) sentsibilizatzea.
  • kirol arloko entrenatzaile, monitore eta irakasleak prestatzea.
  • euskarazko kirol materiala sortzea eta argitaratzea.
  • programa beste herri eta lurralde batzuetara hedatzea.

Web guneari bizitasuna emateko, alde batetik, guneari egunerokotasuna emango dioten kirola eta euskararen inguruko albisteak eta ikastaroen, beken eta diru laguntza deialdien berri jasoko da; bestetik, euskaraz sortutako hainbat material eskura daiteke, hala nola, beken bidez sortutako fitxa didaktikoak, argitalpenak, kartelak eta errotuluak. Euskararen erabilerari buruz egindako ikerketak, hitzarmenetako hizkuntza irizpideak eta bestelako dokumentuak ere kontsultagai daude.

Azkenik, kirol prestakuntzako ikastaroak edota kirol ekitaldiak euskaraz antolatu nahi dituztenei lana errazteko, Gipuzkoan kirol prestakuntzan ari diren irakasleen eta kirol ekitaldi edo jardueretan esatari edo aurkezle gisa diharduten pertsona euskaldunen berri bilduko da.

Argazkiak ikusi

kirola euskaraz.jpg

Euskarazko Produktuen Katalogoa
+

Aurten ere, bosgarren urtez, Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu da Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat erakunderen elkarlanari esker. Katalogoaren aurkezpena arazoaren 29an egin zen Hernanin.

16 urte bitarteko haur eta gazteentzako 320 produktu bildu dira aurtengo katalogoan, iaz baino 50 gehiago. Urtean argitaratu edo kaleratu diren produktu berriak jaso dira nagusiki zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.

Aurten 260.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan, iaz baino 15.000 katalogo gehiago. Horietako 115.000 Bizkaiko 66 udalerritan.

Horrekin guztiarekin batera eta katalogoko produktuak ezagutzera emateko xedez, Bizkaiko 15 udalerritan abian jarri da Euskarazko Produktuen Txokoa. Txokoa azaroaren amaieran hasi eta urtarrilaren hasierara arte ibiliko da herririk herri.

Argazkiak ikusi

katalogoa.gif

Gurien be bai: elkarte eta txokoen lagungarri
+ GEURIEN BE BAI egitasmoaren barruan, elkarte eta txokoek dokumentuak euskaraz idazteko CDa kaleratu du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. Bertan, euren funtzionamendurako lagungarri diren ereduak jasotzen dira: batzar-deiak, aktak, ziurtagiriak, zerrendak, esaldi erabilgarriak, txokoetako hileko erreserbak... Horretaz gain, argibideen atala ere sartu da: data zelan idatzi, zenbakiak, Interneten aurki daitezkeen hainbat baliabide... Hori guztia, modu errazean eta erabilgarrian.

Argazkiak ikusi

portada.jpg

Erandioko Toponimia
+ Azaroan bertako toponimiari buruzko jardunaldiak egin dituzte Erandion. Jardunaldiotan erakusketa eta hitzaldiak antolatu dituzte. Erakusketa astelehenetik ostiralera arratsaldez eta larunbat goizetan egin dute. Astrabuduan azaroaren 6tik 10era; Altzagan 13tik 17ra eta Erandio Goikoan azaroaren 21etik 24ra, hain zuzen ere. Hitzaldiak, aldiz, egun bakarrekoak izan dira eta hizlaria Iratxe Lasa izan da.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea