Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
23. alea
2007ko urria

 
Mintzapraktika
+

Urriaren erdi aldean Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak eta AEK-k mintzapraktika egitasmo bateratuak aurkeztu zituzten Bilbon. Egitasmo horien zabalkundea elkarlanean egiteaz gain, aurrerantzean mintzapraktika taldeentzako erreferente bilakatu nahi duen web gunea ere aurkeztu zuten.

Egitasmo horiek 40 herritan daude martxan eta guztira 2.000 lagun inguru biltzen dituzte. Web gunearen eduki nagusiak hauek dira:

- Mintzapraktika bera zer den, taldeetan parte hartzeko zer egin behar den eta egitasmoa zertan datzan.

- e-mintzapraktika: mintzapraktika birtualari eskainitako atala da. Txat gela eta foroak izateaz gain, Skype bidezko mintzapraktika taldeak eratzeko asmoa dago bertatik, herrian mintzalagun talderik aurkitzen ez duenak Internet bidez berba egiteko aukera izan dezan.

- Harremanak: antolatzaileekin, herrietako taldeekin, Skype bidezko mintzapraktika saioetan parte hartzeko fitxa...

- Blogak: mintzapraktika taldeetako askok blogak egin dituzte euren jardunaren berri emateko; bada, horien berri emateaz gain, blog berriak sortzeko aukera ere eskainiko die web gune berriak.

- Zer berri atala: mintzapraktika mugimenduaren inguruko albisteak jasotzen ditu.

Informazio gehiago nahi izanez gero sakatu helbide honetan: www.mintzapraktika.org.

 

Argazkiak ikusi

logoa.gif

Merkatarientzako libretatxoak
+

Txorierriko Mankomunitateko euskara zerbitzuak merkataritzan euskara sustatzeko abian daukan plangintzaren barruan, uda aldean egindako kartelei jarraipena emateko libretatxoak prestatu ditu.

Libreta horiek establezimenduetan banatuko dira herritarrek bertan hartu eta errekaduak apuntatzeko erabil ditzaten. Hasierako orriak gaikako hiztegiak dira (harategiko, fruta-dendako, arrandegiko eta bestelako produktuak azaltzen dira), hiztegi horiek bat datoz aurretiaz egindako kartelekin. Hasierako orri horietan, euskara zerbitzuak merkatarientzako eskaintzen dituen zerbitzuen berri ere ematen da.

Txorierriko Mankomunitateko euskara zerbitzuaren egitasmo hau Alkarbide bilgunearen bidez zabaldu da euskara zerbitzu guztietara eta guztira 15.000 ale banatuko dira Bizkaiko bost udalerritan.

Argazkiak ikusi

libretak.jpg

Iritzi-ontzia Getxon
+ Euskara Biziberritzeko Getxoko Plan Nagusia 2003an jarri zuen martxan Getxoko Udalak. Plana aurten amaitzen da eta plan berria diseinatu aurretik (2008-2011), orain arte egindako lanaren balorazioa herritarrekin konpartitzeko eta plan berrirako dituzten ekarpenak jasotzeko Euskararen Iritzi-Ontzia jarri du euskara zerbitzuak kalean bi astez. Bertan, bideo labur batean orain arteko lana azaldu dute eta hainbat galdera egin dituzte jendearen iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Horretarako, bideoarekin batera, 2 botoi dituen makina eduki dute herritarrek, ados / ez ados markatzeko.

Argazkiak ikusi

iritzi_ontzi_eus.jpg

Osatuz
+

HABEk eta INGEMAek elkarlanean OSATUZ proiektua jarri dute martxan. Aldizkari, irrati-programa eta web gune propio batek osatzen duten egitasmo honen helburua osasunaren eremuan euskaren presentzia sakontzea da. Proiektu honen bidez osasun-arloko langileek euskaraz ikasteko ikasmateriala izango dute; ikasmaterialok HABE eta Osakidetzaren ekimenez gauzatuko dira.

OSATUZ egitasmoari esker, euskara ikasten ari diren osasun-arloko langileak, lan-ingurunean eta hiritarrekiko harremanetan euskaraz komunikatzeko gai izango dira.

Ikasmaterialak Osakidetzako 2. hizkuntza-eskakizuna prestatzen ari den edozein profesionalentzat dira egokiak. Baina, hala ere, Osakidetzatik at dauden osasun etxeetako langileek edota osasun-arloko unibertsitateetako ikasle eta irakasleek ere euskararen erabileran trebatzeko erabil ditzakete. Osatuz euskaldun berri nahiz zaharrentzat da baliagarri, osasun-zerbitzuen egunorokoan sortzen diren hizkuntz beharrei erantzuten baitie.

Ikasmaterial berri hauez gain, HABEk eta Osakidetzak euskaltegian erabiltzeko prestatutako Osatuz Orokorra eta Osatuz Pediatria liburu-bildumak oraindik ere eskuragarri daude.

Informazio gehiago helbide honetan aurkituko duzue: http://www.ikasbil.net/osatuz.

Argazkiak ikusi

Elebila
+ Elebila, Interneteko euskarazko lehen bilatzailea egin dute, tresna honi esker erabiltzaileok sarean euskarazko bilaketak zuzenago eta azkarrago egin eta euskarazko edukiak dituzten web guneetan informazioa bilatu ahal izango dugu.

Erabiltzeko modua bilatzaile estandarrena izango da, bilatu nahi den terminoa leiho baten idatzi eta bilatu egingo du. Aurkitutako emaitzak, ELEBILAk hamarnakako bloketan emango ditu. Bestalde, beste hizkuntza batzuetan lan egiteko beharra edukiz gero, ELEBILAk Internet osoan bilatzeko aukera ere ematen du.

Argazkiak ikusi

logo_elebila300e-1.gif

Trebatzaileen bilgunea abian
+

Getxoko trebatzaileen deialdiarekin bat eginda, Bizkaiko trebatzaile eta barruko euskara teknikariak bildu ziren joan den urriaren 16an. Lehen batzar horretan, hamabost bat lagun aritu ziren Getxon trebagunearen izaeraz eta eginkizunez berba egiten; lan-saioak elkar ezagutu eta beste zerbitzu batzuen egoeraren berri jakiteko balio izan du. Trebatzaileek beste batzar bat egiteko asmoa dute urtea amaitu baino lehen, etorkizuneko lan-ildoak zehazteko.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea