Datorren astelehenean hasiko da HAEEak antolatu duen jendaurrean hitz egiteko ikastaroa. Ikastaroaren xede nagusia batzarretan zein jendaurrean hitz egiteko segurtasuna eskuratzea da; era berean, eztabaidetan parte hartzeko teknikez nola baliatu irakatsiko dute eta bilerak, mahai-inguruak etab. nola prestatu eta dinamizatu ere landuko da.
Manu Marañon izango da ikastaroaren gidari eta bi edizio izango ditu, bata Bizkaian, eta bestea Gipuzkoan. Bizkaikoa HAEEaren egoitzan egingo da, Bilbon, urriaren 1ean, 3an, 5ean, 8an eta 10ean, goizeko 9:30etik eguerdiko 13:30era.
¿Buscas casa? edo Etxe bila zabiltza? leloa ardatz hartuta higiezin-agentzietan euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoa abian jarri du Getxoko euskara zerbitzuak.
GEHI euskara merkataritzara, Getxoko denda eta tabernetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa abian jarri zenetik hainbat jarduera antolatu ditu Euskara Zerbitzuak, dendari zein tabernariei euskaraz lan egiteko behar dituzten baliabideak eskaintzeko xedearekin.
Horren harira, higiezinen merkatuak gizartean duen indarra ikusita, arlo hori lantzea oso garrantzitsua zela pentsatu eta higiezin-agentzietako langileen artean euskararen erabilera bultzatzeko beren beregi prestatutako CDa banatuko dute. Guztira, 150 CD banatuko dira eta euretan, beharginentzako hiztegiarekin batera, hainbat kartel eredu eskainiko zaizkie, euskara hutsean zein bi eletan eta eurek moldatu eta inprimatzeko moduan. Horrez gain, Getxoko gainerako denda eta tabernei bezala, urte osoko aholkularitza eta itzulpen zerbitzua ere eskainiko die Euskara Zerbitzuak higiezin-agentzietako langileei.
Santiago Onaindia ikerketa bekaren 10. ediziorako deialdia egin du Zornotzako Ametx Erakunde Autonomoak. Bekaren xedea Euskal Literaturaren arloan ikerketa sustatzea da eta horretarako 9.000 euroko diru-saria egongo da.
Lanak bakarka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira eta parte hartu gura dutenek Ametx Erakunde Autonomoan aurkeztu beharko dituzte agiriak 2007ko urriaren 15a baino lehen.
Aisialdiko begirale ikastaroa Leioan
Leioako euskara zerbitzuak abian jarriko du aisialdiko begirale ikastaroa. Ikastaroaren xedea ume eta gazteekin lan egiteko gai diren begiraleak trebatzea da. 240 ordu teoriko eta 120 ordu praktiko bete beharko dira, bi urtetan banatuta. Prezioa, urteko 150 eurokoa izango da.
Matrikula irailaren 12 eta 28 artean egin beharko da Leioako euskara zerbitzuan eta informazio gehiago nahi duenak ere, hara jo beharko du.
Jardunaldia: motibazioa eta hizkuntza normalizazioa
Motibazioa eta Hizkuntza normalizazioari buruzko jardunaldia antolatu du EMUNek urriaren 9rako. Jardunaldia urriaren 9an egingo da Arantzazuko (Oñati) Gandiaga topagunean, goizeko 8:30ean hasi eta arratsaldeko 17:30 artean.
Goizean ordu beteko hitzaldiak izango dira ondoko hauen eskutik: Cape Breton Universityko Peter Macintyre, Societat Valenciana de Psicologíako Ferran Suay eta Emuneko Joxpi Irastortza. Bazkal ostean, berriz, lau mintegi izango dira.
Izen ematea doan izango da eta horretarako honako helbide honetara idatzi behar da: www.emun.com/10
Hizkuntzaren taupadak
Galdakaoko udalaren ekimenez sortu zen 2004an urterik urteko egutegia kaleratzeko proposamena. Aurten ere lan handia egin dute Galdakao eta Basauriko udalek eta aurreko urteetako ildoari jarraituz hizkuntzaren taupadak izeneko egutegia aurkeztu digute.
Egutegian, hiru ildo nagusi landuko dira, euskara, maitasuna eta transmisioa. Alkarbide bilguneak zabaldu ditu dagoeneko egutegiaren nondik norakoak baina eskuratu gura duzuenok azkar ibili, urriaren 5ean bukatuko baita egutegiak eskatzeko epea.


