Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
20. alea
2007ko maiatza

 
Esan eidazu euskeraz
+

Familiak hizkuntza geroratzearen garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Alkarbide bilguneak koordinatuta eta C lan-taldeko teknikarien ekimenari esker garatu da aurtengo kanpaina.

Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera leloa daraman kanpaina jaioberriak nahiz 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzako egin da, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea helburu duelarik.

Esan eidazu euskeraz | Dímelo en euskera kanpaina 30 udalerri eta 3 mankomunitatetako 17.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan.
Jaioberriak dituzten gurasoek alkateak edo beste udal ordezkariren batek sinatutako zorion-gutunaz gain, hizkuntza geroratzeko aholkuak jasotzen dituen hiru-orrikoa ere jasoko dute, eta umearentzako adur-zapia.
1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek, euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen duen gutun eta aholkuak jasotzen dituen liburuxkarekin batera umearentzako askari-poltsa jaso dute.

Gainera, udal batzuetan Txikia izanik, ume kantuak batzen dituen CDa, eta iaz A lan-taldekoek prestatutako KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka ere banatu dute, horretarako edizio berri bat eginez. Guztira, 6000 CD inguru eta 8000 KU-KU liburuxka banatu dira.

Argazkiak ikusi

Páginas de triptikoa BIZKAIERAZ 4-20.jpg

Herri-administrazioetako euskararen erabilera neurtu da
+ Aurten hirugarren plangintzaldia bukatuko denez, HPSk balorazio-lanari ekin dio. Behin betiko ebaluazioa abenduaren 31 arte prest izango ez bada ere, aurrerapen bat egin dute.
Administrazioan euskararen erabilera zertan den jakiteko bi iturri erabili ditu HPSk; alde batetik, hizkuntza-eskakizun betetze-mailari buruzko informazioa eskuratzeko, HPSren datu-basea erabili da, eta, bestetik, guztiz berria den tresna bat: administrazio guztietarako balio duen galdetegia, beren beregi ebaluazio honetarako prestaturikoa. Berrikuntza hori garrantzitsua da guztientzako baliagarri eta aplikagarri den galdetegi bat osatu dutelako, eta horrek aukera ematen duelako herri administrazio guztietan euskararen erabilerari dagozkion hainbat helburu zein neurritan bete diren jakiteko, bai eta betetzerakoan zer-nolako arazoak azaltzen diren ezagutzeko ere. Neurketa honek beste aldaketa bat ere badakar: ebaluazio kuantitatiboa eta kualitatiboa (zailtasunak, gabeziak...) izatea.

Neurketan ikusten da, oro har, erabilera-planek erantzun ona izan dutela erakundeetan eta nahikoa hedatu direla. Hala ere, hainbat erakundek oraindik ez du plana egin, baina horietatik ehuneko handi batek epe laburrean egingo duela adierazi du.

Erakundeen hizkuntza-paisaian eta kanpo-proiekzioan euskararen erabilera altua izan bada ere, adierazi behar da sortze-hizkuntza gaztelania dela batez ere; normalean itzulpenetara jotzen da, eta %10-20 soilik sortzen da euskaraz. Kanpora begirako harremanetan euskararen erabilera nahiko altua da, baina barne-harremanetan gaztelania da nagusi, horretan zerikusia du erakunde gehienek kanpora begirako harreman ofizialak lehenetsi izanak.

Argazkiak ikusi

plangintza.jpg

Diru-kontuak euskaraz
+ Buruntzaldeko Euskarako Zerbitzuek kanpaina berria jarri dute abian. Gestorietako diru-kontuekin lotutako tramiteak euskaraz egitera animatzea du helburu. Kanpainan erabilitako leloetako batek dioen bezala, errentagarritasuna % 100ekoa da eta arriskua % 0.
Buruntzaldeko udalek, diru-kontuen inguruko gestioak euskaraz egiteko aukeraz ohartarazi nahi dituzte herritarrak, poltsikoaren errentagarritasuna berdina baita euskaraz zein gaztelaniaz.

Poliki bada ere, errentaren aitorpena euskaraz egiteko eskariak gora egin duen bezala, gestorietako gainerako ahozko zein idatzizko harremanetan ere gero eta presentzia handiagoa du euskarak. Aspaldi ohartu ziren gestiogileak euskararen erabileraren garrantziaz, eta haien bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeak dakarkien onuraz. Hori horrela, eta diru-kontuetan ere euskaraz aritzeko behar den konfiantza giroa sortu nahian, gestorietako langileek kontuan hartzen dute hizkuntzaren aldagaia bezeroekin dituzten harremanetan.
Kanpainan honako euskarri hauek erabili dituzte:
· Gestorietarako baliagarria izan daitekeen hainbat material jasotzen duen CDa
· Parte hartzen duten gestorietako erakusleihoetan jartzeko kartela; kartelaren helburua herritarrak euskara erabiltzera animatzea da.
· Diru-kontuak euskaraz egiteko gonbitea serigrafiatua duen metakrilatozko ontzia, boligrafoak eta antzekoak sartzeko balio duena.
· Etxez etxe buzoneatuko den esku-orria. Esku-orri honen bitartez herritarrak euskara erabiltzera animatu nahi dira.

Argazkiak ikusi

diru-kontuak.png

Hiztegi berriak Euskaltermen
+

Euskalterm Terminologia Banku Publikoan beste hiru hiztegi txertatu berri dituzte: Elektrizitate Dendetako Hiztegia, Garraio eta Logistikaren Hiztegia eta Gorputz Hezkuntzako Hiztegia.

UZEIk dauka Euskalterm elikatzearen ardura eta goian aipatutako hiru hiztegiak dira egin dituzten azkenak.

Elektrizitate Dendetako Hiztegia: 150 termino ditu, %24 definituta. Sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez daude. Bi eratako elementuak aurki daitezke: argia egiteko elementuak (lanpara eta bonbilla motak); eta instalazioetako elementuak (mekanismoak, kable motak eta osagarriak).

Garraio eta Logistikaren Hiztegia: hiztegiak 250 termino ditu. Guztiak euskaraz definituta daude eta sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eman dira. Garraio hauek hartu dira kontuan: trenbide, errepide, aire, itsaso eta garraio intermodala.

Hiztegia eta Gorputz Hezkuntzako Hiztegia: Euskarazko eta gaztelaniazko 395 kontzeptu ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan nahiz Lanbide Heziketan erabiltzeko landu den hiztegi honek. Kontzeptu horietatik 72 definizio eta guzti eskaintzen dira. Gehienbat gimnasiako saioetan lantzeko terminologia jorratzen du hiztegiak, eta hainbat atal hartzen ditu bere eremu-zuhaitzean: giza anatomiaren funtsezko termino batzuk, giza fisiologiaren barruan oinarrizko trebetasun eta ahalmenak; gimnastika, zentzu hertsian; entrenamendua eta kirol-medikuntzarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak: lesioak, errehabilitazioa, eta abar.

Hiztegi hauek lotura honetan aurkituko dituzu: www1.euskadi.net/euskalterm/indice_c.htm

Argazkiak ikusi

euskalterm.gif

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea