Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
19 alea
2007ko apirila

 
Zeurea da Aukera: jarraitu euskaraz
+

Gazteengan euskararen irakaskuntza sustatzeko kanpaina abiatzear da

Aurreko urteetako ildoari jarraituz eta DBHOn, batxilergoan zein lanbide heziketan hastear dauden gazteen artean euskarazko irakaskuntza sustatzeko Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz kanpaina abiatzear ari da Bizkaiko 40 udalerritan.

Euskara Zerbitzuek aurreko urteetako planteamendua aldatzea erabaki dute, eta aurten, DBHko 3. mailan dauden ikasleen artean banatuko da Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza duten ikastetxeen informazioa. Informazioarekin batera, Ilaski Serrano, Euskadi Gazteko esatariak eta EITBko aurkezleak gazteak euskaraz ikastera bultzatzeko idatzitako gutuna ere agertzen da liburuxkan.

Guztira 40 udalerrik parte hartuko dute ekimenean eta 7000 liburuxka baino gehiago banatuko dira. Ikastetxeekin elkarlanean eta hango orientatzaile eta irakasleekin adostu ondoren, euskara zerbitzu bakoitzak erabakiko du noiz den kanpaina banatzeko sasoirik aproposena eta horrelaxe egingo dute banaketa.

Argazkiak ikusi

Páginas de txapa zuzenduta.jpg

Astiro-astiro euskera ikasi, gelditu barik!
+

Gurasoen artean euskararen oinarrizko esamoldeen erabilera bultzatzeko kanpaina abian jarri dute Amorebieta-Etxanon

Barraskiloa: astiro-astiro euskera ikasi, gelditu barik! izenburupean ume txikiekin egunero erabili ohi diren esamoldeak jaso ditu Amorebieta-Etxanoko euskara zerbitzuak. Esamolde horiek lau liburuxkatan jasoko dituzte herritarrak; lehenengoa ikasturte hasieran banatu dute, barraskilo itxurako arbeltxo eta guzti; bigarrena, Gabonetan; hirugarrena, Aste Santuan eta azkena, ikasturte bukaeran. Azken alearekin batera baloraziorako galdetegi laburra ere bidaliko dute, proiektuaren norainokoa definitze aldera.

Gurasoei, aiton-amonei zein bestelako zaintzaile erdaldunei zuzenduta dago egitasmoa, umeak txikiak direnean, familia- eta kale-giroan euskararen presentzia areagotzeko, modu xume eta errazean, oinarri-oinarrizko kontzeptuak aurkeztu dira ariketez eta abestitxoez ere horniturik dauden koadernotxoetan.

Informazio gehiago edo aleren bat eskuratu nahi izanez gero, jo ezazue Amorebieta-Etxanoko Udalaren euskara zerbitzura.

Argazkiak ikusi

Arbela.jpg

Eurovoc
+

Bizkaiko euskara zerbitzuetako teknikari eta itzultzaileei zuzenduta EUROVOC-en aurkezpena egin du Bizkaiko Foru Aldundiko Itzulpen Sailak.

Egunero itzulpen zein bestelakoetan gabiltzanontzako tresna baliagarria da EUROVOC, terminoak hizkuntza desberdinetan ikusi eta erkatzeko aukera ematen baitu. Sarritan, euskaratik edo euskararako itzulpenak egin arren, termino bera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan ikustea lagungarria da oso eta horixe da tesaurus eleaniztun honek eskaintzen diguna. Euskarazko bertsioa Bizkaiko Foru Aldundiaren web gunean baino ez dago ikusgai, web gune horretan euskara eta gaztelaniaz ikus daiteke tesaurusa.

Tesaurusa euskeraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izateko hona hemen helbidea:

https://www.bizkaia.eus/kultura/eurovoc/

Europako hizkuntza ofizial guztietan ikusteko berriz, honatx:

http://europa.eu/eurovoc

Argazkiak ikusi

Presentación1.jpg

Bermeotarren izana izenetan
+

Zortzi urteko lanaren ondotik joan den astean aurkeztu zuten Bermeoko toponimia liburua. Bittor Uriarte eta Irune Allikak egin dute lana, Euskera Sailaren laguntzarekin eta Udalak emandako bekari esker.

Bermeoko toponimia liburuan, leku-izenen bilduma egin dute. Leku-izenen aipamenarekin batera, izenon historia eta bilakaera ere jaso dituzte eta horrekin batera, leku izenok kokatzeko mapak ere badakartza argitalpenak.

Ikerketaren osteko lanak

Herritar guztiek lan horren berri izan dezaten eta liburuari ahalik eta onura handiena ateratzeko, toponimia lana Udalaren web gunean jarriko dute ikusgai eta bertan kontsultak egiteko aukera egongo da.

Horrekin batera, Bermeoko herritarrek toponimoak ezagutu eta erabiltzeko xedez, hainbat egitasmo abian jarriko dituzte herriko ikastetxeekin elkarlanean. Gainera, Bermeoko mapa ere egingo dute eta mendi taldearekin batera, ibilaldiak antolatuko dituzte toponimoak herritarrei ezagutarazteko.

Informazio gehiago honako helbide honetan: www.bermeo.org

Argazkiak ikusi

berme.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea