Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
18. alea
2007ko martxoa

 
Ongi Etorri! gida eta AISA ikastaroak
+

Iraileko Agerkarian argitaratu genuen hainbat udalerri Ongi Etorri! liburuxka prestatzen ari zirela. Azkenik, hilabete honetan kaleratu da Bermeo, Gernika-Lumo, Erandio, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lea-Artibai Amankomunazgoaren lanari eta Alkarbide bilgunearen koordinazioari esker.

Zazpi hizkuntzatan —euskara, gaztelania, portugesa, frantsesa, ingelesa, errumaniera eta arabiera— egindako gidak egitasmo honen bultzatzaile izan diren udalerrietara heldu direnei bertakotzen laguntzea dauka helburu, horretarako hasi behar duten bizimodurako erabilgarria eta baliagarria izango den informazioa eman, eta gure gizartearen ezaugarri garrantzitsuenak azpimarratu dira.

Horren harira, euskararen inguruko azalpenak eta gomendioak, euskara ikasteko ikastaroen eta diru-laguntzen berri ematen da, hezkuntzaren nondik norakoak azaltzen dira, eta telefono jakingarrienak, helbideak eta udalerri horietan bizimodu berriari ekiteko informazioa jasotzen dira.

Guztira 16.000 gida argitaratu dira: horietatik 2.000 Erandion banatuko dira, 7.000 Busturialdean eta beste 7.000 Lea-Artibai eskualdean. Gidak erroldatzen joaten diren etorkinei banatuko zaizkie, udalerrira heltzen diren unean, behar duten informazioa eskura izan dezaten. Inmigrazio zerbitzuetan, gizarte zerbitzuetan eta turismo bulegoetan ere banatuko dira.

Hizkuntzei dagokienez, udalerri bakoitzak etorkinen jatorria kontuan izanda aukeratu ditu egokienak diren hizkuntzak, etorkin guztiek uler dezaten.

Gidarekin batera, Erandion eta Lekeition AISA ikastaroa antolatu dute.

Ikastaro horiek 16 urtetik gorako etorkinentzat antolatu dituzte euskara zerbitzuok, kanpotik etorritakoek lehen harremana eduki dezaten euskararekin. Guztira, 60 orduko ikastaroa jasoko dute izena ematen duten etorkinek. Erandion ikastaroa apirilaren 16an hasiko da eta ekainaren 22ra arte iraungo du. Astean bi egun, bi orduz egun bakoitzean. Lekeition, berriz, ikastaroa martxoaren 27an hasi da eta uztailaren 3an bukatuko da, bi egun astean, guztira bost ordu.

Ermuan, Ongi etorri gida egin ez badute ere, AISA ikastaroa antolatu dute. Matrikulazioa apiriletik aurrera egingo da.

Argazkiak ikusi

ongietorri.jpg

Apelliduak abizendu kanpainaren bigarren edizioa Getxon
+

Getxoztarrek aukera paregabea izango dute berriro ere izena eta/edo abizenak euskarazko grafiara aldatzeko. Izan ere, Getxoko Udalak Apelliduak abizendu kanpainaren bigarren edizioa jarri du martxan, eta, aurrekoan bezala, erraz bai erraz izango dute bertako herritarrek izapideak burutzeko. Bada, Getxoko Euskara Zerbitzuak ekimenean parte hartzen duten aholkularitza-etxeen zerrenda ipini du herritarren eskura, eta aholkularitza-etxe horiek beteko dituzte izen-abizenak euskarara bihurtzeko izapide guztiak, bost euroren trukean.

Ekimen honen sustatzaileen esanetan, Getxoko ia-ia 100 lagunek egin dute izen-abizenak aldatzeko eskaria kanpaina hasi zenetik, hau da, 2006ko apiriletik hona.

Argazkiak ikusi

4. orrialdea 2. irudia.jpg

Harrapazank
+

Bilboko Udalak Harrapazank aisialdi programaren bigarren edizioa antolatu du. 12 eta 16 urte tarteko gazteen kultura eta hizkuntza-ohiturei eragin eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Horretarako, martxoko asteburu guztietan, era askotako ekitaldiak prestatu dira Bilborock aretoan, besteak beste, rock kontzertua, break dance saioa, bertsolaritza eta marrazkigintza uztartzen dituen ikuskizuna, edota Euskadi Gaztearen zuzeneko irratsaioa eta EITBko Mihiluze lehiaketaren grabazioa.

Irrati eta telebista saioetarako sarrera doakoa izango da, baina gainontzeko ekitaldietarako 2 eta 5 euro arteko sarrera ordaindu beharko da. Sei euroko bonoa erosita, ordea, ekitaldi guztietara sartu ahal izango da.

Argazkiak ikusi

harrapazan.bmp

Zaintzaile, begirale eta irakasle euskaldunak
+

Umeak zaintzeko, eskola partikularrak emateko edota begirale euskaldunen zerrendak osatzeko Txikiekin Euskaraz izeneko proiektua jarri du martxan Ermuko Euskara Zerbitzuak, iaz beste hainbat udalerritan egin zutenari jarraituz.

Amorebieta-Etxanon, berriz, Txikiekaz Euskeraz izenarekin abiatu dute begirale euskaldunen zerrendak osatzeko egitasmoa.

Batean zein bestean, informazio gehiago lortzeko, edota zerrendetan izena emateko, euskara zerbitzura jo behar da.

Argazkiak ikusi

kartela_eusk.jpg

Erabilera planen teknikarien eta trebatzaileen bilgunea
+

Bizkaiko udaletan erabilera-planetan eta trebakuntzan diharduten teknikarien jardun-irizpideak finkatu eta lan horietan sor daitezkeen zalantzak eta kezkak konpontzen elkarri laguntzeko, euskara teknikari eta trebatzaileen bilgunea osatzeko proposamena jasoko duzue laster euskara zerbitzuetan. Bilgune hori, funtsean, barruko teknikari eta trebatzaileen arteko harremanak errazteko gune gisa proposatuko da. Lehen urratsa, Bizkaiko euskara zerbitzuetan lanean ari diren barruko teknikari eta trebatzaile guztien datutegia (izena, telefonoa, helbide elektronikoa) sortzea izango da. Hori egin ondoren, denek elkar ezagutzeko eta bilgune horren eginkizunak eta lan egiteko modua zehazteko batzarra egingo da.

Argazkiak ikusi

Jendaurrean hitz egiteko ikastaroa
+

Jendaurrean hitz egiteko HAEEk antolatzen duen ikastaroaren berri eman diegu Alkarbide bilgunearen bidez teknikari guztiei.

Ikastaro honen bidez honakoak lortu nahi dira: ideiak ordenatzea, eta baliabideak aukeratzea, horien arabera informazioa emateko, konbentzitzeko, limurtzeko, ideiak defendatzeko…; eta batzar, mintzaldi eta jendaurreko ekitaldietako parte-hartzeak hobetzea.

Ikastaroa 20 ordukoa da eta azaroan egingo da.

Argazkiak ikusi

Berbalagun
+

Amorebieta-Etxanon, beste udalerri askotan egiten ari direnari jarraituz, BERBALAGUN antolatu dute. Proiektu honen bidez bertako biztanleei euskaraz bizitzeko aukera eman nahi zaie euskaldun zaharrak eta berriak batuz.

Izena ematen dutenekin taldeak antolatuko dira, emaile batek (euskaldun zaharra) eta hiru hartzailek (euskaldun berriak) osatuko dituzte taldeok. Taldeak egiterakoan kontuan izango dira partaideen gustuak, interesak, ordutegiak. Talde bakoitzak erabakiko du non batu.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea