Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
17. alea
2007ko urtarrila

 
1+1 = bi
+

Euskarazko ereduen aldeko informazio kanpaina abian jarri dute Bizkaiko 43 udalerrik

2-3 urteko haurrak eskolaratzeko sasoia laster izango dela eta, euskarazko ereduetan matrikulatzeko sentiberatze-kanpaina abian jarri dute Bizkaiko 43 udalerrik.
Ekimena 15 500 familiari zuzenduta dago, eta honako udalerri hauetan zabaldu da: Amorebieta-Etxano, Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Enkarterri, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Galdakao, Gamiz-Fika, Getxo, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Sestao, Txorierri, Uribe Kosta, Urduña eta Zaldibar.
Iaz bezala, 1+1=bi leloa ardatz hartuta, euskarazko ereduetan matrikulatzeak dakartzan onurak azaldu zaizkie 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoei eta, batez ere, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitzera etorri diren etorkinen familiei. Gainera, euskal hezkuntza sistemari buruzko informazioa, eta hainbat aholku eta gomendio jasotzen dira aipatutako liburuxka horretan.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu du kanpaina.
2006-07 ikasturteko datuak oinarri hartuta, Bizkaian, 42 726 ume matrikulatu dira haur hezkuntzan. Gehienak, 27 200 haur, D ereduan matrikulatu dira, 11 801 B ereduan, 3 323 A ereduan eta 402 X ereduan. Lehen Hezkuntzan 53 187 ikasle matrikulatu dira, 28 895 D ereduan; 16 236 B ereduan; 7 244 A ereduan eta 812 X ereduan.
Datu horiek aintzat hartuta, 2006-07 ikasturtean, ikasleen %7.77 baino ez da matrikulatu A ereduan, %27.62 B ereduan eta %63.66 D ereduan, euskara hutsezkoan alegia.

15 500 puzzle opari
Kanpaina honetan hainbat liburuxka banatu dira, eta euretan gure hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazio zabala eman da. Horrekin batera, udal bakoitzeko udal arduradunak sinatutako gutuna eta eskolan hastear dauden umeentzako oparia ere banatu dira; aurten 1+1=bi leloa daraman puzzlea jaso dute umeek euren etxeetan.

Argazkiak ikusi

1+1.jpg

SMS bero-beroen 2. lehiaketa Enkarterrin
+

Enkarterriko Mankomunitateko eta Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuek SMS bero-beroen II. Lehiaketa antolatu dute, otsailaren 1etik 7ra. 688613992 telefonora bidali beharko dira mezuak epe horretan, eta baldintza hauek bete beharko dira:
- Euskarazkoa izango da
- Gehienez 160 karakterekoa
- Ez da irudirik onartuko
Aldi berean, mezuaren adierazkortasuna eta umore ona hartuko dira kontuan. 688613992 telefonoan epe barruan jasotako mezu guztien arteko irabazleak MP4 irakurgailua eskuratuko du, eta beste hainbat parte hartzaile onentzat ere sari gehiago egongo da.
Otsailaren 14an, San Balendin egunean egingo da sari banaketa Balmasedako Kultur Etxeko Areto Nagusian iluntzeko 19,00etan, Kepa Gallego aktore ezagunak eta Enkarterriko gazte talde batek aurkeztuta. Bertara hurbiltzen zareten guztientzat sorpresak egongo dira.
Lehiaketa honekin lotuta, Enkarterriko gazteek Balmasedan eta Alonsotegin egingo diren SMSak lantzeko tailerretan parte hartu ahal izango dute.

Argazkiak ikusi

sms lehiaketa.gif

No entiendes a tu hijo/a?
+

Goiko leloa ardatz hartuta, Bizkaiko 12 udalerrik hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Alkarbidek koordinatu ditu aipatutako hitzaldiak eta euren xedea ume elebidunen gurasoek elebitasunaren inguruan dituzten zalantzak argitzen laguntzea da.
Iaz argitaratutako Ume Elebidunen Gurasoentzako Eskuliburuan oinarrituko dira hitzaldiak eta Xabier Paya eta Ana Urrutia izango dira hizlari. Bizkaiko bertsolari txapeldunak eta telebistako aurkezle ezagunak elebitasunaren inguruan duten esperientzia azalduko dute. Lehenengoak, guraso erdaldunen seme gisa etxean bizi izan duena azalduko du eta etxean euskararik entzun gabe Bizkaiko bertsolari txapeldun izatera nola heldu den azalduko digu. Anak, berriz, D ereduan ikasten duten bi neskato elebidunen ama bezala duen esperientzia azalduko digu.
Lehen hitzaldia Getxon egin da urtarrilaren 30ean eta azkena Ermuan egingo da, apirilaren 19an. Bien bitartean, beste udalerri hauetan egingo dira hitzaldiak: Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Etxebarri, Gordexola, Muskiz, Karrantza, Sodupe, Urduña eta Zalla.
Elebitasunaren inguruan, iaz ere, hainbat hitzaldi antolatu ziren. Hitzaldi horietan Julio Ibarra eta Iñaki Eizmendi izan ziren hizlari eta, aurten ere, Bizkaiko hainbat udalerritan jarraituko dute euren esperientzia azaltzen.
Hitzaldien inguruan informazio gehiago nahi duenak aipatutako udalerrietako euskara zerbitzuetara edo Alkarbidera jo dezake informazio eske.

Argazkiak ikusi

xabi-ana.jpg

Ikusi eta Ikasi
+

Abian da Ikusi eta Ikasi ekimena, aisia, kultura eta heziketa uztartzen dituen Bilboko kultur zirkuitua. Zirkuitu horren bidez, aisialdia eta euskara landu gura izan dituzte Bilboko haurrek euskara eta kulturaren bidez ondo pasa dezaten.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) jasotzen diren hiru helburu estrategikoak –hizkuntza ondorengoetaratzea, erabilera eta elikadura- uztartzen dituen egitasmo zabala dugu IKUSI ETA IKASI. Horiek guztiak ardatz hartuta, hiru eta hamabi urte bitarteko haurrentzako kultur zirkuitua antolatu du Udalak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren laguntzarekin. Egitasmoa urtarrilaren 30ean hasi eta martxoaren 31ra arte luzatuko da eta 29 ekitaldik osatuko dute, hala nola, antzerkia, txotxongiloak, magia, zirkoa, ipuin kontalariak.

Argazkiak ikusi

ikusietaikasi.jpg

Euskararen Erabilera etxe-jabekideen komunitateetan sustatzeko jardunaldiak
+

Gernika-Lumoko Udalak hiru eguneko jardunaldiak antolatu zituen etxe-jabekideen komunitateetan euskararen erabilera areagotzeko. Auzokoen arteko harremana euskaraz izatea xede hartuta, horretarako ohiturak finkatu eta tresnak eskaini gura izan dizkie euskara zerbitzuak Gernikako herritarrei, bai eta etxejabeen elkarteekin harremana izan ohi duten enpresei.

Jardunaldiak abenduaren 19an, 20an eta 21ean izan ziren eta bertan, etxejabeen komunitateetan puri-purian dauden hainbat gai jorratu zituzten, besteak beste; etxebizitzen mantentzea eta inspekzioak, etxebizitza zaharretan igogailua jartzea, lokaletan etxebizitzak egitearen inguruko gaia eta etxejabeen elkarteetan zorrak daudenean zer egin. Gainera jardunaldietara hurbildu diren guztien artean honako liburuxka hauek banatu dira: Idatziak I eta II, Erabilera eta mantentze estilo-liburua eta Tramiteen esku-liburua.

Argazkiak ikusi

euskareagotzeko.jpg

Udaleko informazioa euskaraz
+

Udalak bidalitako informazioa euskara hutsean jaso gura duten herritarren zerrenda osatze bidean urrats garrantzitsua eman du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Biztanleen erroldaren 6,5 bertsioa ezarriko du Lantikek datozen egunotan Bizkaiko udal gehienetan. Bertsio berri honi esker, informazioa euskaraz jaso nahi duten herritarrak identifikatzeko aukera egongo da. Lantikeko teknikariak eurak joango dira udaletara programaren bertsio berria instalatu eta haren nondik norakoak azaltzera.

Argazkiak ikusi

Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa
+

Aurreko Agerkari Elektronikoan eman genizuen katalogo honen aurkezpenaren berri. Oraingoan, aldiz, berri labur honen bidez adierazi gura dizuegu katalogoa eskura dezakezuela Internet-en, Alkarbideren web orrian, beheko estekan:

https://www.bizkaia.eus/Kultura/Euskara/Alkarbide/Dokumentuak/esperientzien/sepk.pdf

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea