Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
16. alea
2006ko abendua

 
Urte berri web gune berri
+ Agerkariaren aurreko zenbakian iragarri genuen Alkarbide bilguneak agerkariaren diseinua aldatuko zuela, egungo teknologia berrietara egokitu nahirik. Baina, agerkari elektronikoa ez da urte berriak ekarriko duen berrikuntza bakarra, ataria bera ere berritu egin baitugu.

Atariak berrikuntza nagusi bi ditu: leku aldaketa eta itxura aldaketa. Leku aldaketari dagokionez, orain www.bizkaia.eus web gunearen barruan kultura sailaren euskara atalean kokatuta dago. Web gunearen itxura zeharo aldatu da eta, orain arte egon den hasierako orria aldatu eta bizkaia.net atariaren irudiarekin bat datorrena diseinatu da.

Diseinu berri horrek gaurkotasuna ez ezik, erabilgarritasuna ere ekarriko du.
Atalen artean berrikuntza nagusia agerkari elektronikoari badagokio ere, beste atal guztien itxura ere aldatu da. Une honetan berritu barik dagoen bakarra “Bizkaiko Udal eta Mankomunitateetako euskara zerbitzuak” atala dugu. Orain arte “Dokumentuak” azpiatalaren barruan zegoena atal bihurtu da eta hasierako orrian agertzen da. Datorren hilabetean datu berriak batu eta atal hori eguneratzeari ekingo diogu zeuon laguntzarekin, tresna eraginkorragoa egite aldera.

Argazkiak ikusi

Herri-administrazioetako erabilera planen gaineko jardunaldiak
+ Jardunaldien aurkezpena Hirugarren plangintza-aldiaren azken urtean hasiko garela eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilera planen inguruko gogoeta egiteko jardunaldiak antolatu zituen azaroaren 28an eta 29an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Jardunaldiek xede izan zuten, alde batetik, orain arte zer egin eta nola egin den aztertzea, eta bestetik, aurrerantzean -laugarren plangintza-aldira begira- zer egin behar den mahairatu eta horretarako behar diren baliabideen inguruko gogoeta egitea.

Jardunaldiotan, herri-administrazio guztietako 149 hizkuntza normalkuntzako teknikarik parte hartu zuten, bai hizlari gisa, bai entzule gisa.

Lehen saioan (azaroak 28), Eusko Jaurlaritzako Joseba Lozanok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gotzon Egiak, Bizkaiko Foru Aldundiko Jon Ajuriak eta Fermin Perez Elexpek, Gasteizko Udaleko Patxi Martinez de Marigortak eta Donostiako Udaleko Edurne Otamendik azaldu zituzten nork bere erakundean garatzen ari den euskara planaren gainekoak.

Bigarren saioan (azaroak 29), berriz, hiriburuez kanpoko toki-administrazioko teknikarien txanda izan zen eta Getxoko Udaleko Jabi Aranguena, Bergarako Udaleko Estepan Plazaola eta Zestoako Udaleko Nora Palmitano aritu ziren hurrenez hurren, hainbat tipologiatako udalen esperientziak jorratuta.

Udaletako euskara teknikarien ostean, Lasarte-Oriako Udaleko Aitor Unanuek “ADMINISTRAZIOKO LANGILEEN HIZKUNTZA OHITURETAN ERAGITEKO PLANA” liburua aurkeztu zuen, baita bertako udalean langileen ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko egindako esperientzia pilotua aletu ere.

Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, Enkarterriko Mankomunitateko Lorea Otxoak, Arabako Foru Aldundiko J.M. Berasategik, Aiarako koadrilako Alberto Agirrek, Bilboko Udaleko J.J. Gallastegik, Hernaniko Udaleko Malores Etxeberriak eta Irungo Udaleko Iban Eguzkitzak jardun zuten zeinek bere herri-erakunde eta eredu soziolinguistikoaren egoeraren berri ematen eta, batik bat, aurrerantzean landu beharrekoen inguruan.

Argazkiak ikusi

Pb230004.jpg

Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa
+ Prentsaurrekoan parte hartutakoak Bizkaiko 26 udaletako euskara zerbitzuk sustatuta, SAREKO EUSKARAZKO PRODUKTUEN KATALOGOA aurkeztu zen abenduaren 15ean, Bilboko Euskararen Etxean. Katalogoaren helburua da Interneten dauden euskarazko produktuen berri ematea 16 eta 26 urte bitarteko gazteei.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) osatu, Euskaltelek babestu eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta Alkarbideren laguntzaz kaleratu den katalogo hori zabaltzeko prentsaurrekoan Gotzon Loberak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendariak; Imanol Landak, Getxoko alkateordeak; Lore Erriondok, UEUko zuzendariak eta Euskaltel-eko ordezkari Rafa Bañalesek hartu zuten parte.

Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa 16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat prestatu da eta helburu dauka Interneten dauden euskarazko produktuei buruzko informazioa gazteengana hurreratzea. 77 produktu bildu dira katalogo honetara, bi atal nagusitan banatuta:

Lehenengo atalean, Sarean Blai izenekoan, euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, aldizkari elektronikoak eta beste hainbat guneri buruzko informazioa kaleratzen da.

Bigarren atalean, Ikusi eta Ikasi izenekoan, hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa batu da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, datu-baseak eta liburutegietako katalogoak daude orriotan.

Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoak liburuxka formatua dauka, eta CDa daroa barruan. CD-ak liburuxkan ageri den informazio guztia dakar, baita webguneen zuzeneko lotura, nabigazioa errazteko.

Euskaraz bizitzen laguntzeko asmoz egindako katalogo hau Bizkaiko 26 udalerritan banatuko da. Hala, Alonsotegi, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Berango, Berriz, Enkarterriko Udalen Mankomunitate, Erandio, Etxebarri, Getxo, Gernika-Lumo, Gordexola, Markina-Xemein, Urduña eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko gazteek jasoko dute katalogoa. Guztira, 18.000 ale banatuko dira.

Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa hainbat erakunderen ekimena da. Egitasmoaren sustatzaileak Bizkaiko 13 udaletako eta 2 Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak dira (guztira, 26 udalerri); Udako Euskal Unibertsitateak bildu du kaleratzen den informazioa; Euskaltelek babestu du ekimena eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta Alkarbideren laguntzaz argitaratu da.

Argazkiak ikusi

Pc100076.jpg

Inmigrazioa eta hizkuntza politika udalerri euskaldunetan
+

Orain arte etorkinen arloan egindako lanari jarraipena emateko asmoz, joan den abenduaren 14an “Inmigrazioa eta hizkuntza politika udalerri euskaldunetan” izeneko jardunaldia antolatu zuten UEMAK eta UEUk Eibarren.

Jardunaldiok antolatu ziren, hain zuzen ere, udalerri euskaldunetan euskarari eusteko egiten ari den ahalegina aintzat hartuta, eta bide horretan etorkinak oztopo izan beharrean euskararen erabiltzaile aktibo direlako. Orain arte, Euskal Herrian egindako bertakotze ahalegina laguntza arlora mugatu bada ere, hemendik aurrera etorkinen gaineko ezagutza eta sentsibilitate handiagoa erakutsi ahal izateko, jardunaldi horietan irtenbideak ematen saiatu ziren bertaratutako adituak.

Goiz partean Xabier Aierdi, EHUko soziologoa eta Inmigrazioko Behatokiko zuzendaria; Felix Etxeberria, EHUko Pedagogian katedraduna; eta Kataluniako esperientzien berri emateko bertatik etorritako Mercé Solé eta Inma Pagès izan genituen.

Arratsaldean, berriz, bazterketa sozialerako arriskua duten pertsonen harrera, gizarteratzea eta laguntzeko kidea izan genuen Nora Palmitano eta Sandra Mosquerarekin batera mahai inguruan. Azkenak euskaldun diren etorkinak dira eta euren esperientzia kontatu zituzten.
Jardunaldiari amaiera emateko, Iker Mariñelarenak Sakanako esperientzia azaldu zuen eta Marcos Nanclaresek, inmigrazio eta aniztasunaren trataeran hezkuntza espezialista denak, udal euskaldunentzako proposamena egin zuen.

Alkarbideko D lan-taldeko hainbat teknikari izan ziren bertan, eurak ere gai horretan adituak eta arituak direlako.

Argazkiak ikusi

inmigrazinoa.jpg

Aurten ere oparitu euskaraz
+

Aurten ere, laugarren urtez jarraian, Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu da Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat erakunderen elkarlanari esker . Aurten Bretxako arrandegian egin dute katalogoaren aurkezpena katalogoa fresko-fresko datorrela adierazteko.

Euskal Herri osoan 245.000 katalogo banatu dira, horietako 115.000 Bizkaiko 65 udalerritan. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako 269 produktu bildu dira aurtengo katalogoan; izan ere, katalogoan diskoen, liburuen, aldizkarien, filmen, jolasen, DVDen eta informatika produktuen erreferentziak topa daitezke. Paperezko katalogoarekin batera, www.katalogoa.org web gunean ere ikusgai dago aurtengo katalogoa.

Horrekin guztiarekin batera eta katalogoko produktuak ezagutzera emateko xedez, Bizkaiko 17 udalerritan abian jarri da Euskarazko Produktuen Txokoa. Txokoa azaroaren amaieran hasi eta abenduaren amaierara arte ibiliko da herririk herri.

Argazkiak ikusi

epk.jpg

Udale, euskararen normalizaziorako programak indartu eta koordinatzeko udalen sarea
+ Udale, Udalentzako Euskara Zerbitzua, Euskadiko Udalen Elkarteak udalei eskainiko dien aholkularitza zerbitzu berriaren izena da. Miren Dobaran, Eudeleko euskara arduradunak eta Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, abenduaren 27an Bilbon eskainitako prentsaurrekoan adierazi zutenez HPSren babesa dauka proiektuak, eta horretarako lankidetza-hitzarmena sinatu dute.
Sare berriaren helburu nagusiak euskararen aldeko jarduerak koordinatzea eta aholkularitza teknikoa eskaintzea dira.
Udale sarean parte hartzeko, udalak euskararekiko konpromiso politiko sendoa izan behar du, eta gainera euskaldunen kopurua %70etik gorakoa izatea edo, %70etik beherakoa izanda, Euskararen Erabilera sustatzeko Plan Nagusia onartua izatea eskatuko zaie udalei. 
Dena den, plana garatzeko giza zein ekonomia baliabide nahikorik ez duten 5000 biztanletik beherako udalerriek aparteko laguntza jasoko dute. Gainera, Nafarroako udalerrientzat ere zabalik dagoen sarea da Udale.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea