saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Nork merezi du sari bat Bizkaian berdintasunaren alde egiteagatik?

Informazioa

Zirgari Sariak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta bbk

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k bultzatzen dituzten Berdintasunerako Zirgari sarietako epaimahaiak Milagros García Crespo Ekonomia Zientzietan doktoreari (ohorezkoa), Berdintasunaren aldeko Emakumeen Taldeari (Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrakoa), Ellacuría Fundazioaren (Ahalduntzea eta Balioak Aldatzea) Torre de Babel ekimenari eta Portugaleteko Aisialdi Sareari (Herritartasun aktiboa) eman dizkie 2020ko edizioko sariak.

Aurten, herritarrek aurkeztutako 60 hautagaitza baino gehiago jaso dira, berriz ere parte hartze aldera irekita zegoen prozesu batean, eta, jaso diren proposamenen maila ikusita, parte hartze horrek Bizkaiko gizarteak berdintasunaren alde hartzen duen konpromisoa berresten du. Berdintasunaren aldeko Zirgari Sarien bost edizioetan 150 hautagaitza baino gehiago jaso dira. Sari horiek banatzeko ekitaldia martxoaren 6an, ostiralean, egingo da, Emakumearen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan. Sari fisiko berri bat jasoko dute saritutako pertsona eta erakundeek; izan ere, lehen aldiz, Zirgari Sariek Dora Salazar eskultoreak sortu duen eskultura bat izango dute emari, itsasadarrean zehar itsasontziak arrastaka zeramatzaten zirgarien figura eta lana gogora ekartzen dituena.

OHOREZKO SARIA

Epaimahaiak Milagros García Cresporen ibilbide ikaragarria aintzatetsi nahi izan du: erreferente bat da emakume guztientzat, unibertsitatearen barruko eta kanpoko ekonomiaren ezagutzaren arloan aitzindari gisa, ibilbidea urratu eta taxutu baitu bere irakaskuntzaren eta doktorego-tesien zuzendaritzarekiko konpromisoaren bidez. Garcia Crespo Bartzelonako Unibertsitatean Ekonomia Zientzietan doktoratu zen lehen emakumea izan zen, eta Espainiako Ekonomia Fakultate bateko lehen emakume dekanoa. Eusko Jaurlaritzako sailburu (1987-1989), Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakari (1989-1991) eta Kontu Auzitegiko lehendakari (1992-2001) izan zen.

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKOA

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako kategorian, Abokatu Talde baten lana aitortu nahi izan da. Abokatu horiek, demokraziaren lehen hamarkadan, lan zaila eta funtsezkoa egin zuten emakumeen eskubideen alde eta jasaten zituzten indarkerien aurka: indarkeria fisikoa, baina baita haien askatasunen aurka egindakoa ere. Aintzatetsi diren emakumeak ondoko hauek dira: Mercedes Agundez Basterra, Esperanza Osaba García, Mª José Carrera, Isabel Ochoa, Marta Dolado Galíndez, Felicidad Marín Marín, Begoña Hernández, Garbiñe Olealdekoa Orbe, Juana María Balmaseda Ripero eta Lucía Urbaneja. Abokatu gisa, modu kontzientean eta kolektiboan jardun zuten emakumeen aurkako indarkeria fisiko eta psikologikoari eta gizarte-ereduak haien eskubide eta askatasunen aurka erabiltzen zuen indarkeriari aurre egiten. Emakume horien adibidea hurrengo belaunaldietako beste abokatu batzuek emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokan jarraitu zuten eredu aitzindaria izan zen. Horietako bakoitzak esparru desberdinetan jardun izan du, eta, aldi berean, eremu osagarrietan ere bai, eta, batik bat, honako gai hauetan nabarmendu da bere lana: trantsizio-aldian emakumeek dituzten sexu- eta ugalketa-eskubideen aldeko borroka; abortuaren despenalizazioa; dibortzio askearen aldeko borroka Espainian; adingabeen eskubideen defentsa; emakumeen eskubideen aldarrikapena lan-arloan; preso dauden emakumeen egoera duintzea; modulu psikosozialak sustatzen eta abian jartzen parte hartzea, eta, modu orokorragoan, justizia arloan genero-ikuspegia txertatzea.

AHALDUNTZEA ETA BALIOAK ALDATZEA

Ellacuría Fundazioaren "Torre de Babel" programak Zirgari saria jaso du Ahalduntzeari eta Balioak Aldatzeari dagokion kategorian, ahultasun-egoeran dauden emakumeei laguntzeko eta ahalduntzeko egindako lanagatik, batez ere emakume migratuei, arrazakeriaren zioz bazterturik dauden emakumeei eta lan-baldintza eskasetan daudenei dagokienez. Topaketa- eta ahalduntze-talde honek ia 12 urteko ibilbidea du, eta bertan, emakume migratu askorentzat erreferentziazko eta indargune gisa finkatu da. Etxeko eta zaintzako emakume langileak dira, zaurgarritasun-egoeran direnak, eta larunbat arratsaldero biltzen dira hiru giza eta gizarte-dimentsio lantze aldera: emakume migratuen eta autoktonoen arteko ahizpatasuna ezartzea eta indartzea, ahalduntzea eta eremu publikoan haien ikusgarritasuna aintzatesteea eta sustatzea.

HIRITARTASUN AKTIBOA

Herritartasun Aktiboaren arloan, Portugaleteko Aisialdi Sarea aintzatetsi da, hainbat eremutatik sareak eraikitzen eta lurraldeko kapital soziala indartzen egindako lanagatik. Portugaleteko Aisialdi Sarea Portugaleteko haur, nerabe, gazte eta familia komunitate kolektiboei arreta ematen dien erakundea da. Horretarako, emakumeak ahalduntzea helburu duten hainbat proiektutan parte hartzen du eta proiektuak garatzen jarduten du, ahalak eta jakintzak barneratzea sustatuz, emakumeei beren eskubideak aldarrikatzeko eta beren autonomia eta parte-hartzea sustatzeko aukera emango dietenak. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren Zirgari Sariek 6.000 euroko zuzkidura ekonomikoa dute, Ohorezko sariak izan ezik, sari honek ez baitu ezelako diru-hornidurarik.

 
 

e-mailez bidali

 

Erantsitako fitxategiak:


Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.