Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaida Larizgoitia andreari elkarrizketa.
EHUn lan-harremanetan graduatua, eta Valentziako Unibertsitatean Berdintasun Agentean masterra egin ondoren, 1995. urtean hasi zen Izaskun Landaida Larizgoitia andrea herri administrazioan. Ugao-Miraballesko Udaleko alkateorde eta Berdintasun nahiz Gizarte Ekintzako zinegotzi bezala hasi zuen bere ibilbidea; harik eta, 2007. urtean, bere herrian inoiz izan den lehenengo alkate emakumezko bihurtu zen arte.
Eudel-en Zuzendaritza Batzordeko kide izan da alkate izendatu zutenetik. Berdintasunaren alorreko arduradun politikoa izan denez, Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluan parte hartu du, bai eta, Erakundeen Arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean, eta Bizkaiko Genero-indarkeriaren Behatokian ere. 2007ra arte, enpresa pribatu bateko lanarekin bateratu zituen zinegotzi-eginbeharrak.
Berdinbidean izeneko programaren emaitzen bitartez, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien beharrak ezagutzen ari gara. Bizkaiko Lurralde Historikoan ba al da desberdintasunik bost mila biztanletik gorako eta bost milatik beherako udalerrien artean?
"Indarkeria errotik ezabatu ahal izateko, prebentzioa landu beharra dago"
|
Oro har, handiek baino baliabide gutxiago dituzte udalerri txikiek; berdintasun-politikak abiarazteko, batez ere. Beraz, berdintasun-politikak garatu ahal izateko, udalerri handietan erabiltzen ez diren estrategiak aplikatu behar dira udalerri txikietan. Udalerri txikietan, bestetik, sarean lan egitea behar-beharrezkoa da; udalerri handietan baino are gehiago. Alde horretatik, mankomunitateek garrantzi handiko egitekoa izan dezakete.
Udalerri txikietako emakumeen zein gizonen arteko desberdintasunak berezko ezaugarriak ditu. Udalerriko biztanleen kopurua nolakoa izan, halako herritarrak izango ditu, halakoa izango da haren lurralde-antolaketa, eta halakoa izango da zenbait baliabide nahiz zerbitzuren deszentralizazio-maila. Halakoak izango dira, baita ere, giza harremanak eta genero-harremanak. Berdintasun-beharrak eta eskaera-motak, halaber, aipatu alderdi horien araberakoak izango dira.
Aurreko legegintzaldian Herrizaingo Sailari atxiki zitzaionetik, Emakunderen eskumenen artean da genero-indarkeriaren biktimei laguntza eskaintzea. Zergatik sartu da berriz ere indarkeriaren tratamendua erakundearen eginkizunen artean?
Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren eskumenak Emakunderen esku utzi izanak erakusten du, hain zuzen ere, genero-indarkeriaren arazoari berdintasun-politiken bitartez aurre egin behar zaiola.
"Emakumeak ahalduntzearen alde ari gara; emakumeak ekonomikoki autonomoak izatearen alde; berdintasun erreala eta eraginkorra galarazten duten estereotipoak nahiz rolak aldatzearen alde"
|
Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren ondoriorik larriena eta mingarriena da genero-indarkeria. Hori dela eta, hari emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politiken babespean egin behar diogu kontra. Jakina, genero-indarkeriaren biktima izandako emakumezkoei ahalik eta laguntzarik onena eskaintzen ahalegindu behar dugu, bai eta beharrezkoak diren segurtasun-neurriak ezarri ere. Horretarako, modu koordinatuan jardun behar dugu, arazoa konpontzearen alde lanean ari diren instituzio eta erakunde guztiekin batera.
Baina indarkeria errotik ezabatu ahal izateko, prebentzioa landu beharra dago. Genero-indarkeriaren kontra lan egitean, emakumeak ahalduntzearen alde ari gara; emakumeak ekonomikoki autonomoak izatearen alde; eta gaur egun berdintasun erreal nahiz eraginkorra egon dadila galarazten duten estereotipoak eta rolak aldatzearen alde.
Berdintasuna zenbat eta handiago izan, orduan eta urriagoa izango da genero-indarkeria. Gure erakundearen barruan, eskumen berri horiek guztiak egituratzen eta ordenan jartzen ari gara orain.
Zu zuzendari zaituelarik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikuspegi abangoardista izango al du Emakundek?
Nire ustez, Emakunde abangoardista izan da beti. Duela 25 urte jardunean hasi zenetik, berdintasun-gaietan aitzindari eta eredugarri bihurtu da Emakunde.
"Emakunde abangoardista izan da beti"
|
Denbora horretan barrena, herri administrazioetan berdintasuna sustatzeko egiturak indartu ditu Emakumearen Euskal Erakundeak; pertsonak prestatu ditu, administrazioen barruan berdintasun-politikak bultza ditzaten; lan-sareak sortu ditu hainbat erakunderen artean; emakumeen berdintasunaren alde arituko diren eremu pribatuak sortzen lagundu du; emakumeen elkartze-mugimenduaren parte-hartzea sustatu du; eta, berdintasunari buruzko bere planen bitartez, jarraitu beharreko lan-ildoak ezarri ditu.
Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiaren Batzar Nagusiko kide zarenez, Erakundearen jardunaren lekuko eta eragile izan zara azken bost urteotan. Erakundearen jardueraren eboluzioari buruzko zer alderdi nabarmenduko zenituzke?
"Praktika onen adibidetzat har dezakegu Bizkaiko Genero-indarkeriaren Behatokiaren lana"
|
Nabarmenduko nuke, batez ere, datuen sistematizazioa urtean urtero finkatzen ari dela. Gaur egun, indarkeriarekin lotura duten gaiei buruzko informazioa bilatzeko erreferente bihurtu da Behatokia; ez soilik Bizkaian, baita beste lurraldeetan ere. Atlasa, zifren txostena, eta beste tresna batzuk erreferente bihurtu dira. Horretaz gainera, Behatokiak bueltan bidaltzen duen informazioak berealdiko balioa du informazioa ematen duten erakundeentzat, barne-lanerako oso erabilgarria baitzaie.
Emakumeen kontrako indarkeriaren bi behatoki daude: erakunde autonomikoa eta Bizkaiko foru-erakundea. Zer iruditzen zaizu?
Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiak lan bikaina egin duela uste dut. Bidea egina du dagoeneko, eta praktika onen adibidetzat har dezakegu. Emakundek, bere aldetik, ikuspegi orokorra izan nahi du emakumeen kontrako indarkeriari buruz hiru lurraldeetan sortutako datuen gain, eta informazioa biltzeko irizpideak eta abar bateratu nahi ditu. Erakundeen Arteko Batzordean, ordea, irizpideak bateratzeko modua landu eta ahaleginak nahiz baliabideak batzeko bideak aztertu behar dira.
|