saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

2015/07/17Bakarrik bizi diren adineko emakumeak: haien bizi baldintzei so

Bakarrik bizi diren emakumeen bizi baldintzetan gertatutako aldaketei buruzko txostena argitaratu du Europako Parlamentuko Barne Politikako Zuzendaritzak joan den ekainaren 22an, Emakumeen Eskubideetarako eta Genero Berdintasunerako Batzordeak eskatuta. Pentsioen erreformek eta zahartze aktiboari buruzko politikek emakume horien egoeran izan duten eragina azpimarratzen da txostenean.

Argitalpen horretan azaltzen da zer nolako aldaketak gertatu diren, 2008an aurreko azterlana argitaratu zenetik gaur arte, bakarrik bizi diren Europako emakume adintsuen egoeran, eta zahartze aktiboari buruzko politikek eta pentsioen erreformek haien egoeran nolako eragina izan duten.


Txostenak dioenez, gizartearen osaera demografikoaren, gizarte egituren, familien osaeraren eta bizi estiloen eraldaketaren ondorioz pertsona bakarreko etxeak ugaritu egin dira Europar Batasuneko estatu kide guztietan, batez ere emakumeenak eta adineko pertsonenak.


Ildo horretan, txostenak dio emakumezko biztanle guztien %8 direla bakarrik bizi diren adineko emakumeak eta horietatik %24,9k daukatela pobrezia arriskua. Aldiz, bakarrik bizi diren gizonezkoak %3 baino ez dira eta horietatik %18,6k baino ez daukate pobrezia arriskua.


Azterlanak eransten du Europar Batasuneko hainbat herrialdetan pentsioen eta zahartze aktiborako politiken erreformak egin direla eta ondorioz areagotu egin direla pobrezia arriskua eta gatazka sozialak. Hain zuzen ere, bakarrik bizi diren emakumeek biztanle talderik ahulenetariko bat osatzen dute, pentsioen eta gizarte zerbitzuen mende daudelako.


Azkenik, pentsioen eta gizarte politiken erreformek izan dezaketen genero-eragina ebaluatzea gomendatzen du txostenak, eta zeharkako genero-ikuspegia hartzea zahartze aktiboari buruzko politiketan eta pentsioen erreformetan, bereziki azpimarratuz gizarte eskubideen indibidualizazioa.


Txostena ikusteko, sakatu esteka honetan: Elderly women living alone: an update of their living conditions

Iturria: Un minuto para la Igualdad. Red de Políticas de Igualdad entre mujeres y hombres en los FONDOS COMUNITARIOS