www.bizkaia.eus/guregida

Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004911

Foru Arauko 9.25 artikulua: pertsona desgaituek errenta moduan jasotako prestazioak, hain zuzen ere Foru Arauko 74. artikuluan aipatzen diren ekarpenei dagozkienak.



Baliozko erantzuna indarrean dagoen arautegia egun honetara arte aplikatuz: 2025/12/31

1) BGAEei dagokienez, 2016ko urtarrilaren 1era arte desgaituen alde eraturiko BGAEei buruzko araudi berezirik egon ez denez, ez zergen arloko legerian, ez legeria osagarrian, orain arte ulertu izan da eskaturiko desgaitasunmaila duten ohiko bazkide guztien BGAE guztiei aplikatzen zaizkiela zerga-araudian entitate mota horri buruz egiten diren aipamenak. Baldin eta desgaitasuna aintzatesten bazaio zergadunari BGAErako ekarpenak egiten hasi ondoren, desgaitasuna aintzatetsi ondoren eginiko ekarpenei dagozkien prestazioek baizik ez dute edukiko salbuespena aplikatzeko eskubidea.

 

Arautegi substantiborik ezaren akatsa Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudiak zuzendu du. Araudi hori urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak onetsi zuen; beraren bidez 5/2012 Legeko hirugarren xedapen gehigarria garatu zen: "Hirugarrena. Gizarte aurreikuspeneko planak dituzten gizarte aurreikuspeneko entitateetan ekarpenak egin ahal izango dira, honako hauen alde: arau bidez zehaztutako desgaitasun-maila duten minusbaliatu fisikoak edo sentsorialak, judizialki aitortutako edozein mailako ezintasuna dutenak. Ekarpenak desgaituak berak nahiz hirugarren mailara arteko ahaidetasun zuzena edo zeharkakoa duen batek egin ahal izango ditu, bai eta ezkontideak edo desgaitua zaintzan edo harreran bere kargura duen batek".

 

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudia 2016ko urtarrilaren 1etik dago indarrean; II. tituluko VII. kapituluan (40. artikulua eta hurrengoak), desgaitasuna duten pertsonen araubide berezia ezartzen da. Gainera, Erregelamendu hori onetsi zuen urriaren 23ko 203/2015 Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezartzen da BGAEek beren estatutuak, araudiak eta gainerako lege-agiriak moldatu behar dituztela otsailaren 23ko 5/2012 Legeak eta Erregelamenduak berak xedatzen dutenera Erregelamendua indarrean jarri denetik sei hilabete igaro baino lehen (2016ko ekainaren 30era arte). Horrez gainera, sailkapenaren arabera ez dagozkien aurreikuspen-planak dituzten entitateek planok azkentzeko eta beste entitate batean sartzeko erabakiak hartu behar dituzte epealdi berean.

 

Horregatik guztiagatik, 2016ko uztailaren 1etik aurrera hauexek baino ez dira abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.25 artikuluan aipatzen diren ekarpenak (sortzen dituzten prestazioei bertan araututako salbuespena aplikatu ahal zaienak): pertsona desgaituen alde eratutako gizarte aurreikuspeneko planetara egiten direnak, baldin eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta Legea garatzeko Araudiaren 40. artikuluan eta hurrengoetan eskatzen den guztia betetzen badute.

 

2016ko uztailaren 1a baino lehen araubide orokorreko aurreikuspen-planetara egindako ekarpenen ondoriozko prestazioei ordura arteko zerga-tratamendu bera eman ahal izango zaie (atal honetako lehen paragrafoan azaldu dena), are bazkideak bere eskubide ekonomikoak araubide bereziko aurreikuspen-plan batera eraman ezean ere (pertsona desgaituak). Hala ere, 2016ko uztailaren 1etik aurrera araubide orokorreko aurreikuspen-planetara egiten diren ekarpenen ondoriozko prestazioei ezin izango zaie aplikatu abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 9.25 artikuluan ezartzen den salbuespena.

 

2) Honek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak: Zergaren Foru Arauaren 37.e) artikuluaren arabera kapital higigarriaren etekintzat hartzen diren errentei salbuespena aplikatuko bazaie, Zergaren Foru Arauaren 9. artikuluaren 38. apartatuan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira: eratutako errenta biziartekoa izan beharko da edo, aldi baterakoa bada, gutxienez 15 urte iraun behar du eta zenbatekoa finkoa izan behar da, arrazoi teknikoen edo finantza-arrazoien ondoriozko aldaketak gorabehera (bai eta Zergaren Araudian onartzen diren birbalorazioak ere).

Loturak

Informazio gehiago


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali