saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

FUENTE DE LA TETA (Urduņa)

  • Kokapen planoa
    Kokapena
  • Baserri turismoa
    Baserri-turismo
  • Mapara itzuli
    Mapa
SARBIDEA

Urduñako Udaletxearen plazatik, Renferen geltokirantz doan platanondo-etorbide luzetik joango gara. Trenbidea zeharkatu ondoren, Antiguako Ama Birjinaren santutegiaren ondotik igaroko gara, eta gero, Lendoño Goitiarantz eta Lendoño Beitiarantz jarraituko dugu. Kilometro bat aurrerago, jolas-eremua aurkituko dugu, Urduñako Aterpetxea deritzon gazteen aterpetxearen aurrean (Bizkaiko Foru Aldundiarena).

Mapetako ezaugarriak
  • Mahai kopurua
    15
  • Erretegi kopurua
    9
  • Edateko uren iturriak
  • Paperontziak edo edukiontziak
  • Aparkalekua
DESKRIBAPENA
  • Jolas-eremua errepidearen eskuineko aldean kokaturik dago, Solaiera mendiaren oinean dagoen inguru zoragarrian. Barrutia zurezko hesi batekin babestuta dago, haritzak eta arteak dituen zelai eder batean.
  • Jaitsiera leun batek errekaraino eramango gaitu; horrek bitan banatzen ditu instalazioak, eta bertako urak eremuari izena ematen dion iturrian sortzen dira. Errekaren beste aldean, eguteran bertan, ipuru eta erkametz asko dago, eta horiek gerizpe atsegina eskaintzen dute.
BISITAK ETA IBILALDIAK INGURUAN ZEHAR

Urduña

Askaldegi

Urduña udalerria Arrastaria haran zabalean kokaturik dago, Nerbioiren ur gazteek zeharkatuta eta Garobel mendilerroaren babesean (hegoaldeko maldan). Uharte txikia da; Bizkaiko gainerako eskualdeetatik bananduta dago, eta inguruan Arabako eta Burgosko lurrak ditu.

Antzina-antzinako jatorria dauka; izan ere, historialari batzuek diotenez, horren mugartean Ptolomeok aipatutako Uxama Barca herri erromatarra zegoen.

Fernando III.a erregeak Bizkaiko jauna izandako Lope Díaz de Haro II.ari eman zion Urduña, eta hori nahitaezko igarobidea zen, kostaldearen eta mesetaren arteko merkataritzan. Kokaleku pribilegiatuaren eraginez, probintziaren muga eta defentsako gunea izan zen. Herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, Errege Katolikoen erregetzan, eta aldi horretan hiri titulua eman zitzaion, koroaren alde emandako zerbitzu ugarien ordainetan.

Hirigunea balio handiko multzo historikoa da. Portikodun plaza ohiko zen garai hartan, merkataritza garrantzitsuko leku guzgarriak dira Mimentza jauregia, Udaletxea eta Andre Mariaren eliza. Halaber, "aduana" izeneko eraikina ere aipatzeko modukoa da; horren birmoldaketa handia egin da, Bainuetxe Hotel baten instalazioak hartzeko.

Txarlazo

Txarlazo

Txarlazo Urduñako gailurrik enblematikoena da; bertan, malkarrerantz irtenda, hiriaren zaindaria den Antiguako Ama Birjinaren irudia dago. 1904an egindako monumentu horrek masustondo baten enborra adierazten du, eta bertako adarretan Ama Birjinaren irudia dago; multzo osoak 15 metroko altuera dauka.

Leku eder horretara iristeko, ibilbide ederra eta erraza proposatu nahi dugu; ibilbidea Antiguako Ama Birjinaren santutegian hasten da, Urduñaren kanpoaldean.

Ibilbide horrek, gainera, interes historikoa dauka, horren trazatua meseta Jaurerriarekin lotzen zuen antzinako gurdibidearen trazatuarekin bat datorrelako. Ibilbidea Antiguako Ama Birjinaren santutegian hasiko dugu; errepidean gorantz joango gara Lendoñorantz, eta errepide hori laster utziko dugu, bihurgune itxi baten ostean.

Ezkerretara jarraituko dugu, korridore belartsu zabal batetik, eta hori inguruko larreetatik bananduta dago, era askotako landareen bitartez: erkametza, hurritza, elorri zuria, elorri beltza, ipurua, arrosondoa, basaerramua, gorostia, etab. Zuhaixka horiek larrediak mugatzeko erabiltzen dira, eta geure geografiaren barruko ekosistemarik garrantzitsuenetarikoak eta aberatsenetarikoak dira. Bertan, animalia txiki askok aurkitzen dute janaria, negu gogorrari aurre egin ahal izateko.

Handik gutxira, basoan sartuko gara, lehenengo eta behin, erkameztitik, eta gero, pagadi fresko eta ilun batetik. Etengabeko sigisagak eginez, gorantz joango gara basoaren barrutik, eta apurka-apurka haitzetara hurbilduko gara.

Goldetxoko ataka deritzon haitzarte txiki batek horma gainditzeko aukera eman eta mendilerroaren ateak irekiko dizkigu, gailurretik oso hurbil.

Urduñatik, gutxi gorabehera ordubete behar da pozik utziko gaituen ibilbide eder hori egiteko.