saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

 
 

BOLUMBURU (Zalla)

  • Kokapen planoa
    Kokapena
  • Baserri turismoa
    Baserri-turismo
  • Mapara itzuli
    Mapa
SARBIDEA

Ibarra auzoaren (Zalla) irteeran, Balmasedarantz joanez, trenbidea zeharkatu baino apur bat lehenago, errepidearen ezkerretara seinale bat aurkituko dugu, eta horrek jolas-eremura joateko egin beharreko bidea adierazten du. Errepide estu bat baratzeen eta baserrien artean doa, kilometro bat baino distantzia laburragoan Bolunburuko jolas-eremura iristeko.

Halaber, Bilbotik Balmasedarako trenbideak geralekua instalatu du inguruetan, eta horrela, instalazioen erabiltzaileak oso erraz iristen dira bertara, garraio publikoa erabiliz.

Mapetako ezaugarriak
  • Mahai kopurua
    20
  • Erretegi kopurua
    8
  • Edateko uren iturriak
  • Paperontziak edo edukiontziak
  • Aparkalekua
  • Haurren jolas-parkea
  • Zerbitzuak
  • Taberna
DESKRIBAPENA
  • Bolunburura iristean hauxe aurkituko dugu: parking handia, haurren jolasetarako parkea, zerbitzuen eraikina eta tren-geralekua. Estrata asfaltatu batek eremuaren goialdea zeharkatzen du, instalazio guztiak lotuz.
  • Jolas-eremua Kadagua ibaiaren ertzeko lur-zerrenda zabal batean dago. Zelaiak eta itsasertzeko landaredia naturala txandakatzen dira, eta landaredia hori oso ondo ordezkaturik dago eremuaren barruan. Panel didaktiko batzuek, estrategikoki kokatuta, ekosistema apurkor horietako ohiko landarediari buruzko informazioa ematen dute.
  • Eremuan zeharkako ibilaldi atseginean, Bolunburuko monumentu multzora iritsiko gara, eta hori dorretxeak, Santa Anaren baselizak, burdinolaren aurriek eta errotak osatzen dute. Baselizaren atzean ibar handia dago, Baiaren meandroak osatua, eta bertan eremuko beste zona bat daukagu. Berebiziko lekua da Eguzkia hartzeko, paseoan ibiltzeko edo gogokoen dugun kirola egiteko.
BISITAK ETA IBILALDIAK INGURUAN ZEHAR

   Bolunburuko burdinola, baseliza eta dorretxea.

Taberna

    Eremuaren inguruetan Bolunburuko monumentu multzoa dago, eta hori dorretxeak, baseliza pribatu batek, burdinola batek eta errotak osatzen dute.

  Bizkaia osoko multzorik onenetarikoa da. Enkarterrietako Salcedo ibaiaren haranean altxatu zen defentsako dorrerik gehien, "bandoen arteko borroketan"; gerra anker horietan Bizkaiko leinu nagusiak borrokatu ziren, XIV. eta XV. mendeetan.

  Zalla udalerrian bakarrik, halako hogeita bi eraikin altxatu ziren, baina gaur egun gutxi batzuk baino ez daude zutik.

   Denboraren joanak aztarna utzi du ibaiaren ondoko burdinolan eta errotan. Aurri egoeran egon arren, oraindik ere minerala galdatzeko instalazioak hartzen zituzten horma sendoak ikusten dira, baita Kadaguaren urak bideratzen zituen kanala ere, eta uren indarrak burdina forjatzeko makinak mugitzen zituen.

  Zalla

Bolunburuko monumentu multzoa

   Zallara hurbiltzeko, Kadagua ibaia zeharkatzen duen zurezko pasabidea igaroko dugu, eta bertatik bide-gorrira iritsiko gara. Horrek trenbidearen antzinako trazatua aprobetxatzen du, paseo lasai batean Enkarterrietako herri horren erdira iristeko.

  Udalerria zenbait biztanlegunek osatzen dute: Otxaran, Allendelagua, Aranguren, Sollano edo Mimetiz, eta hiriburua bertan dago. Bisitatzeko moduko eraikinen artean, aipagarriak dira San Miguelen eliza, XVIII. mendean berreraikia, Murga jauregia (fatxadan armarri handiarekin, eta orain Udaletxea da) eta San Pedro Zariketeren baseliza.

  Urte askotan, abuztuaren lehenengo egunean, ehunka pertsona baseliza horren ondoan bildu dira, Santuari espiritu txarren eta begizkoaren aurkako babesa eskatzeko.
   Baselizaren inguruan bira egiteko ohitura dago, ate batetik sartuta eta bestetik irtenda, eta gatza botaz.

  Gaur egun ere, eskualde osoan sustrai handia duen erromeria da. Baselizaren ondoan, haritz ederra dago, Gernikako arbolaren kimua, eta bertako auzoko batek landatu zuen, orain dela ia mende bat.

  Kadagua Ibaia

Paisaia

   Kadagua ibaia, zalantzarik gabe, Bolunburuko jolas-eremuaren funtsezko elementua da.

   Bere uren etengabeko zurru murrua eta freskotasun sentsazio handia nabarituko ditugu inguru zoragarri horretan gauden bitartean.

  Txango polita egin daiteke, ibaiaren ondoko zonako ibaiertzeko ohiko landaredia ikusiz, eta bertan aipagarriak dira haltzak, lizarrak eta sahatsak.

  Azken horiek ibaiak arrastaka eramandako sedimentuek osaturiko uharte txikiak kolonizatu dituzte.

  Era berean, habitata ekosistema horretan duten hegazti asko ikus daitezke, esate baterako, uretako zozoa, larre-buztanikara eta martin arrantzale harrigarria.