saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Tesaurusaren aurkezpena

Informazioa

  1. Tesaurus baten helburuak
  2. Gai-eremuak
  3. Hizkuntza-bertsioak eta erabilitako estandarra
  4. Egitura
    1. Gai-eremuak eta mikrotesaurusak
    2. Erlazio semantikoak
      1. Terminoak erabiltzeko eta definitzeko oharrak
      2. Terminoa mikrotesaurus baten parte
      3. Baliokidetasun-erlazioa
      4. Erlazio hierarkikoa
      5. Erlazio asoziatiboa
  5. Tesaurusa zenbakitan

1. Tesaurus baten helburuak

Tesaurus bat hainbat kontzepturen enuntziatuen zerrenda egituratua da, agiri-sistema bateko agirien eta sistema horretara zuzendutako galderen eduki kontzeptuala modu unibokoan adierazteko eratzen dena. Agiriak indexatzeko eta galderak formulatzeko eragiketen bitartez gauzatzen da adierazpen hori; era horretara, agirietan eta galderetan dauden kontzeptuak tesauruseko deskribatzaileen bidez azaltzen dira.

Indexatzeko eta galderak egiteko mekanismo horien beharra nabaria da, sarritan oso hizkuntza zehaztugabea erabiltzen baitute agirien egileek zein agirien bila dabiltzan erabiltzaileek:

  • Kontzeptu bera adierazteko hainbat sinonimo edo hurbil-hurbileko termino erabil daitezke (adibidez, "nekazaritza", "nekazaritza-sektorea", "nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea"). Ezinezkoa izango litzateke termino horietako baten azpian indexatuta dagoen agiria aurkitzea, galderan sinonimoa erabiliko balitz. Hortaz, sinonimiak sortzen dituen eragozpenak saihestea da tesaurusaren eginkizun nagusietakoa: sinonimoetako bat hautatzen da deskribatzailetzat, modu aski arbitrarioan; eta gainerako sinonimoak, edo deskribatzaileak adierazten duen kontzeptutik oso hurbil dauden terminoak, ez-deskribatzaile gisa sailkatzen dira.

    Agiriak eta galderak indexatzeko, deskribatzaileak baino ezin dira erabili. Tesaurusean dauden ez-deskribatzaileek, berriz, deskribatzaile egokia zein den erakusten diote erabiltzaileari.

    Tesaurus eleaniztunak badu beste onura bat: hainbat hizkuntzatan emandako kontzeptu berdinen arteko korrespondentziei esker, erabiltzaileak bere hizkuntzan egin ahal izango dio galdera agiri-sistemari, tesauruseko hizkuntzetako edozeinetan indexatutariko agiriak aurkitzeko.

  • Termino batek esanahi bat baino gehiago izan ditzake (adibidez, “prentsa” izan daiteke zapaltzeko makina edo inprimatzekoa, baita aldiroko argitalpenei eta bereziki egunkariei ematen zaien izen orokorra edo kazetarien multzoa ere). Homonimoren bat duen termino batez galdetzeak interesatzen zaion gaiarekin zerikusirik ez duten dokumentuetara eramango luke erabiltzailea. Tesaurusaren funtsezko beste eginkizun bat, beraz, homonimiaren ondoriozko eragozpenak saihestea da: deskribatzaile bakoitza testuinguru jakin batean dago, eta bertan esanahi bakarra du.

Hauek dira, beraz, tesaurusaren osagaiak:

  • Deskribatzaileak, hau da, tesaurusak hartzen duen eremuko kontzeptuak anbiguotasunik gabe adierazten dituzten hitz edo esamoldeak (adibidez, "nekazaritza-sektorea").

  • Ez-deskribatzaileak, hau da, hizkuntza naturalean erabiltzen diren hitz edo esamoldeak: deskribatzaileek adierazitako kontzeptu berak izendatzen dituzte (adibidez, "nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea"/"nekazaritza-sektore"), edo kontzeptu baliokideak (adibidez, "nekazaritza"/"nekazaritza-sektore"), edota tesaurusaren hizkuntzan baliokidetzat jotzen diren kontzeptuak (adibidez, "banana"/"fruitu tropikal").

  • Erlazio semantikoak, hau da, terminoek esanahi aldetik dituzten erlazioak (deskribatzaile eta ez-deskribatzaileen arteko erlazioak eta deskribatzaileen arteko erlazioak).

igo

2. Gai-eremuak

Eurovoc tesaurusak Europako erakundeen jarduera-arlo guztiak biltzen ditu:

  • Politika
  • Nazioarteko harremanak
  • Europako Erkidegoak
  • Zuzenbidea
  • Ekonomia
  • Truke ekonomikoak eta merkataritzakoak
  • Finantza-gaiak
  • Gizarte-gaiak
  • Hezkuntza eta komunikazioa
  • Zientzia
  • Enpresa eta lehia
  • Lana eta enplegua
  • Garraioa
  • Ingurumena
  • Nekazaritza, basogintza eta arrantza
  • Nekazaritzako elikagaien sektorea
  • Ekoizpena, teknologia eta ikerketa
  • Energia
  • Industria
  • Geografia
  • Nazioarteko erakundeak

Eremu batzuk zabalago jorratu dira besteak baino, zentzuzkoa denez, Erkidegoaren interes-ardatzetatik gertuago daudelako. Hala, Europar Batasuneko estatu guztietako eskualdeen zerrenda dago tesaurusean, baina ez Erkidegotik kanpoko herrialdeetako eskualdeena.

Bestalde, tesaurus guztien —eta, beraz, Eurovocen— ondoko ezaugarri hau azpimarratu behar da: deskribatzaileak gai-eremuetan sailkatzeko orduan arbitrarioki jokatzen da, neurri batean. Bistan da deskribatzaile batzuk bi gai-eremutan edo gehiagotan sar litezkeela. Hala ere, tesaurus bat ondo kudeatu dadin eta tamaina egokia izan dezan, guztiek onartua da mugatu egin behar dela hierarkia anizkoitzaren fenomenoa, hots, ez dela sistematikoki sartu behar deskribatzaile bakoitza ahal den eremu guztietan. Horregatik, bi eremutan edo gehiagotan sailkatu litezkeen deskribatzaileak haietako batean bakarrik sartu ohi dira. Erabiltzaile gehienei bururatuko litzaiekeen eremua aukeratzen da normalean.

igo

3. Hizkuntza-bertsioak eta erabilitako estandarrak

Eurovoc tesaurusa Europako Erkidegoko hizkuntza ofizialetan argitaratuta dago:

Eurovoc 4.2 Europar Batasuneko 21 hizkuntza ofizialetan dago (bulgariera, gaztelania, txekiera, daniera, alemana, estoniera, grekoa, ingelesa, frantsesa, italiera, letoniera, lituaniera, hungariera, nederlandera, poloniera, portugesa, errumaniera, eslovakiera, esloveniera, finlandiera eta suediera), eta, horrez gain, beste bi hizkuntzatan ( kroaziera eta, orain, euskara). Beste zenbait herrialdetako nazio-parlamentuek ere tesaurusaren itzulpena egin dute (Albania, Errusia eta Ukraina).

Tesauruseko hizkuntza guztiek estatutu bera dute, alegia, edozein hizkuntzatako edozein deskribatzailek badu ordaina gainerako hizkuntza guztietan.

Aldiz, ez dago baliokidetasunik hizkuntza desberdinetako ez-deskribatzaileen artean, hizkuntza bakoitzak bere ondare lexikoa duelako, eremu semantikoen arabera aldatzen dena.

Eurovoc tesaurusak zehatz-mehatz betetzen ditu Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak ezarritako arau hauek:

  • ISO 2788-1986 - Guidelines for the establishment and development of monolingual thesauri
  • ISO 5964-1985 - Guidelines for the establishment and development of multilingual thesauri

igo

4. Egitura

4.1. Gai-eremuak eta mikrotesaurusak

Eurovoc tesaurusaren egitura orokorra, izan ere, bi mailatan antolaturiko sailkapen hierarkiko baten emaitza da:

  • Gai-eremuak, bi zifrako zenbaki batez eta enuntziatu batez izendatzen direnak, adibidez:

    10 EUROPAKO ERKIDEGOAK

  • Mikrotesaurusak, lau zifrako zenbaki batez eta enuntziatu batez izendatzen direnak (lehenengo bi zifrek mikrotesaurusa zein gai-eremuri dagokion adierazten dute). Adibidez:

    1011 ERKIDEGOAREN ZUZENBIDEA

Gai-eremuek eta mikrotesaurusek zenbaki berberak dituzte hizkuntza guztietan.

igo

4.2. Erlazio semantikoak

Deskribatzaileen eta ez-deskribatzaileen mailan, erlazio semantiko batzuek osatzen dute Eurovoc-en egitura:

  • Terminoa erabiltzeko eta definitzeko oharrak
  • Terminoa mikrotesaurus baten parte
  • Baliokidetasun-erlazioa
  • Erlazio hierarkikoa
  • Erlazio asoziatiboa

igo

4.2.1. Terminoa erabiltzeko eta definitzeko oharrak

Deskribatzaile batzuen ondoan badago ohar bat, SN (Scope Note) ikurrarekin. Ohar horiek bi helburu dituzte:

  • Deskribatzailearen esanahia zehaztea (definizio-oharra)
  • Indexazio eta galderetan deskribatzailea noiz erabili behar den zehaztea (erabilera-oharra)

igo

4.2.2. Terminoa mikrotesaurus baten parte

Deskribatzaile guztiek mikrotesaurus baten erreferentzia dute ondoan, MT (Mikrotesaurusa) ikurraz markaturik, deskribatzaile bakoitza zein edo zeintzuk mikrotesaurusetakoa den adierazteko.

4.2.3. Baliokidetasun-erlazioa

Deskribatzaileen eta ez-deskribatzaileen arteko baliokidetasun-erlazioa honako ikur hauen bidez adierazten da:

  • "UF" (Used For = honetarako erabilia), deskribatzailearen eta berak ordezkatzen dituen ez-deskribatzaileen artean kokatua
  • "USE"(= erabili), ez-deskribatzailearen eta bera ordezkatzen duen deskribatzailearen artean kokatua

Baliokidetasun-erlazioak zenbait erlazio mota biltzen ditu. Hauek dira azpimarragarrienak:

  • Erabateko sinonimia (esanahi bera izatea)
  • Kuasi-sinonimia (antzeko esanahia izatea)
  • Antonimia (kontrako esanahia izatea)
  • Besarkadura (deskribatzaile batek kontzeptu espezifiko bat edo gehiago hartzen du barruan, eta kontzeptu horiek ez-deskribatzaile gisa sailkatuta daude, gutxiago erabiltzen direlako)

igo

4.2.4. Erlazio hierarkikoa

Deskribatzaileen arteko erlazio hierarkikoa ikur hauen bidez adierazten da:

  • BT (Broader Term = termino generikoa), deskribatzaile espezifiko baten eta deskribatzaile generiko baten artean kokatua. Ikurraren ondoan dagoen zenbakiak adierazten du zenbat maila hierarkiko dagoen deskribatzaile espezifikotik deskribatzaile generikora.

    Oharrak:

    1. Termino generikorik ez duten deskribatzaileei "hierarkiako burua" edo "hierarkia bateko serie-burua" (top term) esaten zaie.
    2. Geografia (72) eta Nazioarteko erakundeak (76) gai-eremuetako deskribatzaile batzuk hierarkia anitzekoak dira, hau da, termino generiko bat baino gehiago dituzte goragoko lehen maila hierarkikoan.
  • NT (Narrower Term = termino espezifikoa), deskribatzaile generiko baten eta deskribatzaile espezifiko baten artean kokatua. Ondoan duen zenbakiak adierazten du zenbat maila hierarkiko dagoen deskribatzaile generikotik deskribatzaile espezifiko bakoitzera.

igo

4.2.5. Erlazio asoziatiboa

Deskribatzaileen arteko erlazio asoziatiboa RT ikurraren bidez adierazten da (Related Term = termino lotua). Uztartuta dauden bi terminoen artean dago.

Erlazio asoziatiboak zenbait erlazio mota biltzen ditu. Hauek dira azpimarragarrienak:

  • Kausa eta ondorioa
  • Instrumentaltasuna
  • Hierarkia (bereziki, 2. atalean adierazitakoaren arabera, hierarkia aniztasuna onartzen ez den eremuetan; halakoetan, erlazio hierarkikoen ordez erlazio asoziatiboak baliatzen dira, erabiltzaileari laguntzeko)
  • Konkomitantzia
  • Denboran edo espazioan ondoz ondokoak izatea
  • Osagaiekiko erlazioa
  • Jabetza-erlazioa
  • Ekintza, prozesu edo jakintza-adar baten xedea
  • Kokapena
  • Antzekotasuna (ia sinonimoak diren termino bi deskribatzailetzat sailkatuta daudenean)
  • Antinomia

Erlazio asoziatiboak ezaugarri garrantzitsu batzuk ditu:

  • Simetrikoa da
  • Erlazio hierarkikoarekin bateraezina da: bi deskribatzailek elkarrekin erlazio hierarkikoa badute ezin dute erlazio asoziatiborik izan, eta alderantziz
  • Top term beraren azpiko deskribatzaileek ezin dute elkarrekin erlazio asoziatiborik izan.

igo

5. Tesaurusa zenbakitan

Eurovoc tesaurusak osagai hauek ditu hizkuntza guztietan:

  •  21 gai-eremu
  • 127 mikrotesaurus
  • 6645 deskribatzaile, tartean 519 top term
  • elkarrekiko 6669 erlazio hierarkiko (6669 BT eta 6669 NT)
  • elkarrekiko 3636 erlazio asoziatibo

Gai-eremuak, mikrotesaurusak, deskribatzaileak, erlazio hierarkikoak eta erlazio asoziatiboak pare-parekoak dira hizkuntza guztietan.

Oharren eta ez-deskribatzaileen kopuruak, berriz, aldatu egiten dira:

Oharrak eta ez-deskribatzaileak hizkuntza bakoitzean
Hizkuntza Oharrak Ez-deskribatzaileak
EUS 883 7 596
ES 891 7 756
CS 834 13 139
DA 827 6 602
DE 728 8 295
EL 825 6 866
EN 759 6 769
FR 840 6 691
IT 754 9 453
LV 680 6 009
HU 889 8 618
NL 849 6 828
PL 17 172
PT 761 6 308
SL 27 150
FI 859 5 445
SV 818 6 491

igo