saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Bizkaiko biodibertsitatea babesteko, hobetzeko eta kudeatzeko estrategia

Informazioa

Biodibertsitatea Bizkaian

Eboluzio biologikoaren emaitzarik berezkoena da biodibertsitatea, eta biziaren maila guztietan agertzen da, molekuletatik hasi eta ekosistemetaraino, tartean direla geneak, zelulak, banakoak, populazioak eta komunitateak. Gizakiok biodibertsitatearen parte gara. Espezie guztiok beste espezie batzuekin batera bizi gara, elkarreraginean, ekosistemak (biosferako unitate funtzionalak) osatzen ditugula. Ekosistemek ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkigute biziraupenerako (elikagaiak, botikak…) eta ongizaterako (kultura, aisia…). Toki ekonomien ezinbesteko zutabeak dira, enplegua eta ongizate soziala sortzeko ahalmen handia dutelako.

Bizkaiko Lurralde Historikoan flora baskularreko 113 espezie eta fauna ornoduneko 122 espezie ditugu nola edo hala mehatxupean (Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda), eta horietariko batzuk galtzeko zorian. Hainbat mehatxu jasaten dituzte, besteak beste haien benetako banaketa-eremua ez ezagutzea, erabilera-aldaketen ondorioz habitatak suntsitzea, edo espezie inbaditzaileen lehia. Gainera, Bizkaiko azaleraren %26,5 Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatuta dago, %8,2 naturagune gisa eta %18 Natura 2000 Sareko eremu gisa.

Egoera horretatik abiatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historiko osoan biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko estrategia prestatu du, eta hurrengo bost urteetan ekingo zaio.

Estrategiaren helburua

Dokumentu horren helburua da modu programatuan zehaztea zer baliabide behar diren ezarritako helburuak lortzeko, biodibertsitatearen babesaren, hobekuntzaren eta kudeaketaren alorretan. Hauek dira Biodibertsitatearen aldeko Estrategiaren oinarrizko printzipioak:

  • Erabilera iraunkorra.
  • Erantzukizun partekatua.
  • Kudeaketa proaktiboa.
  • Naturagune babestuen barruko eta kanpoko kontserbazioa.
  • Ikuspegi ekosistemikoa.
  • Ikuspegi integratzailea.
  • Koordinazioa eta lankidetza.
  • Parte-hartze soziala eta parte hartzeko kudeaketa.
  • Informazioaren eskuragarritasuna eta ezagutzaren transferentzia.
  • Prebentzio eta zuhurtasun printzipioa.
  • Biodibertsitatearen eta ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuen balorazio ekonomikoa.

Horrenbestez, lortu beharreko helburu batzuk ezarri dira:

  • Biodibertsitate galera geldiaraztea eta ekosistemen zerbitzuak berreskuratu edo mantentzea, biodibertsitatearen ezagutza ona bermatuz, ekosistemak babestu eta haien konektibitatea eta osotasuna mantendu ahal izateko, eta biodibertsitate galera garbia saihestuz.
  • Biodibertsitatea hobetzea, plangintza, ezagutzen kudeaketa eta sailaren gaikuntza direla bide.
  • Espezie exotiko inbaditzaileei aurrea hartzea eta haiek kontrolatu eta erauztea.
  • Biodibertsitatearen eta ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuen balioa nabarmentzea.

 
 

e-mailez bidali

 

Erantsitako fitxategiak:


Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.