saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Urkiolako parke naturalaren historia

Informazioa

 

HISTORIAREN LORRATZAK

 

Urkiolako mendiak ilunabarrean (Zabaldu leiho berri baten)

Urkiolako Mendikatearen inguruan sortu da Parke Naturala eta bere kokapena benetan da zoragarria aldamenetako lurrekaz konparatzen bada, baztarrok sakon aldatuta daudelako eta jende asko bizi delako bertan. Gauzak horrela ikusita, zehatz-mehatz naturaren bazter garbi bat dela pentsatuko genuke, bat ere edo gitxi ere gitxi aldatu den naturaren gunea dela. Baina, errealitatea oso da bestelakoa, gizakiak mendeetan zehar inguru horretan izandako eraginak eman diolako Urkiolari gaur egun duen itxura eta tankera.

Anbotoko mendia (Zabaldu leiho berri baten)

Urkiolako inguruak gure begien aurrean agertzen duen paisaia den modukoa bada, bertako baliabideak eten gabe eta luzaroan ustiatu izan direlako da, batez ere artzaintza eta basogintzaren eraginpean moldatu delako. Ondorioz, halako tratuagaz aldatu egin da azalgaineko landaretza, zuhaitz-espezieak ordezkatu egin dira eta, basoak gitxitu ahala, larreak gehitu. Beraz, nahiz eta iraunean jende gitxi bizi bertan, edo okupazioa urria izan arren, nabaria da gizakiak inguru horretan izandako eragina.

Horren bestez, inguru horretan gizakiaren eragina, halakoa izanda ere, ez da ekonomiako maila gordinean gelditu. Nabarmena da paraje horietan mitoen argiaz eta bazterren sakralizazioaz inguruan lortu den humanizazioa. Urkiolaren izena ezeregaz lotzekotan, San Antonioren izenagaz lotu behar da; bi dira bertako deboziozko santuak: bata monastegiko abade izan zen, bestea, Paduakoa, jatorriz portugesa bazen ere. Euren izenean eraikitako santutegia eder nagusi da han hemen zabalduta dauden ermiten erdian. Euskal mitologiak hur-hurrean dagoen Anbotoko haitzulo batean jarri izan du bizi izaten Mari, Anbotoko Damea»; emakumezko hori buru dela, luzea da beragaz batzen diren pertsonaia mitikoen errenkada, eta denak ere Urkiolako mendietako kobetan. babestuta bizi dira alegiazko kontakizunetan esaten den moduan. Hala , historian zehar, sineste eta sineskeria asko eta asko pilatu dira nahasian eta kontraesanean, Anboto Urkiola, Baltzolamendi edo Untzillatx mendietan.

Atxarteko haitzartea (Zabaldu leiho berri baten)

Artzainak eta basoa, mitoak eta erlijioa; halako bikoteekaz itxuratutako eremua izanik Urkiola, behar bada, norbaitek pentsa dezake Urkiola bazter galdu bat dela. Eta egia esan, Bizkaiko biztanleek mendeetan zehar haran-barrenak hartu dituzte bai ekonomiako eta bai gizartearen euren iharduerak burutzeko. Baina bizkaitarrek, pentsamendua, ekonomia eta erlijioa alkarregaz ezkonduta, ez dute eragozpenik izan Parkeko ingurua euren eguneroko bizimoduan alderik alde sartzeko. Izan ere, hara eraman dituzte gizaldiz gizaldi euren artaldeak eta beste abereak, handik hartu dute egurra eta harria etxeak jasotzeko, handik olak mugitzeko ura eta sukalde txokoak berotzeko abarrak; haraxe hurreratu dira goragoko indar eta ahalmenen laguntza eske edo babes bila jo behar izan dutenean. Historiaren ibilian Urkiola inguru osagarria izan bada ere, ezinbestekoa izan da haitz-barrenetan apurka-apurka lotu izan den bizimodurako.

Atxarte: Paleolitoko gizakiek lakioz animaliak ehizatzeko leku aproposa. lnguruko kobetan, Bolinkoba, Oialkoba, Albiztegi eta abarretan, gizakien bizitzak utzitako aztarrenak aurkitu dira. Bertako mendi batean, Kurutzegorrin, Sugarzulo dago, ustez Sugaar (suge harra) bizi zen lekua. Istorio batzuen arabera Mariren senarra zen; baina, beste batzuen arabera, Mundakako printsesa bategaz ezkondu zen eta hortik jaio zen Jaun Zuria, Bizkaiko lehen jauna.

Abadiño, Durango, Mañaria eta Dima mendi horietara zabaldu behar izan direnez bizirik iraun eta garatzeko, azpimarratzekoa da Urkiolako mendatetik igarotzen den kornunikazio-errepide nagusiaren balioa. Baina ez Durangalderako bakarrik. Bizkaiko kostako ekialdeko herriek ere Urkiolako errepidetik bideratutako merkataritzako harremanak behar zituzten. San Antonio bien izenean eraikitako santutegiak - badirudi lehenagoko beste eliza baten oinarrietan jaso zela-, alkarrengandik urruti dauden itsaso bitara isurtzen ditu urak: erdiak Mediterraniora, Ebro ibaian behera, eta beste erdiak Kantaurira, Ibaizabalek eramanda. Sinbolo bila hasita, mende eta mendeetan Urkiolak bete duen lotura eta komunikazio-lanen irudi izango litzateke santutegiaren teilatua.

Larreak eta egurra, mitoak eta erlijioa, bideak eta komunikazioa, horra hor gizakiak beren eginahalekaz Urkiolako mendikatearen historian utzi dituen ezaugarri benetakoak.

Baina, haitzetan barreneratu ezkero, gizakien bizitzaren aldi zaharretara sartzen da bat; hain zuzen, gizakiek mendi eremu horretan euren bizilekurik behinena izan zuten antzinako arora. Mendikatean aurkitzen diren harri arteko babesguneetan, kobetan eta harpeetan historiaurreko aztarren ugari gorde izan da ezkutatuta, eta garrantzizkoak gainera. Ezin ahaztu, bada, Joxe Miel Barandiaranek aspaldi egindako lanak, ez eta, besteak beste, geroago Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz eta Jose Maria Basabe jaunek egindako azterlanak ere, eremu zabal horretan historiaurretik hasi eta eten gabe bizilagunak egon direla agertzen dute eta. Argi dago gizakia sortzen ikusi zuten alditik egungo euskaldunaren arteko bilakaeraren lekuko izan direla toki horiek.

HISTORIAURREKO GIZAKIA ETA URKIOLAKO MENDIKATEA

Urkiolako historiaurreko aztarnategietan sartzen bagara, milaka urte egingo dugu atzera, Erdi Paleolitoko aldira jo behar dugu eta (K.a. 90.000 - 32.000). Aldi hartako kulturakoak dira Axlorren - Axlegorpe edo Axlegor -, haizpean babestuta aurkitutako aztarrenak; Moustier aldikoa da Bizkaiko aztarnategi zaharrenetako hori.

Axlorko koba Urrestei mendian dago, Kobaldeko inguruan - Indusi, Dima -; Jentilzubi izeneko berezko zubitik hurbil, eta Indusiko errekazulora jaisten den haitzartetik hamabost bat metrora. Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zuen.1.932an eta makina bat indusketa zuzendu zituen berak 1.967 eta 1.974. urteen artean. Gero ere, egin da azterlanik handik ateratako animalia eta gizakien aztarrenakaz.

Bolinkobako leizearen sarrera (Zabaldu leiho berri baten)

Bolinkoba Untzillatx magalean dago, Atxartera begira, eta historiaurreko euskal eremuko aztarnategirik adierazgarri eta garrantzitsuena da. Arkeologiako materialen kalitateak ematen dio garrantzia hori, Goi Paleolitoko kuItura-aldi zabala hartzen dutelako materiale horiek. J.M. Barandiaranek egin zuen indusketa 1.932an.

Turritella (Zabaldu leiho berri baten)

Aldi hartako giroa eta gizakiaren tankera ondo diferenteak dira gaurkoen parean alderatuz. Homo primigenius edo Neanderthaleko gizona da Euskal Herriko aztarnategietan agertu den gizakirik zaharrena, eta tipo horretakoak dira Axlorko giza aztarrenak ere - 5 hortz -. Homo sapiens neanderthalensis horretan hasten da egungo gizakiaren tipora heldu arte luzatzen den bilakaeraren katea

 

Hiru hortz (Zabaldu leiho berri baten)

Arterako sentsibilitate nabaria adierazi zuten Goi Paleolitoko gizakiek hormetako artea eta arte mugikorra hasi zutenetik eta gerora eman zioten garapenean. Turritella izeneko maskor-zintzilikario hauek zulo bat daukate ostean eta apaintzeko erabiltzen ziren. Bolinkobako C mailakoak dira (Madeleine aldiko III.a.

Hiru hortz, Neanderthal gizakiarenak, Axlor babes-lekuko indusketan aurkituak. Erdi Paleolito edo Moustier aldikoak dira, gitxi gora-behera K.a. 90.000 eta 32.000 urte bitartekoak

Gizaki primitibo haien sasoiko giroa hezea eta guztiz hotza izan zen, historiaurrean izandako azken glaziazioaren hasiera zelako; Würm glaziazioa. Aldirik gogorrenak paleolitoko beste aldi berandu batzuetan etorri baziren ere Axlorko animalia-aztarrenak giro hotzeko espezien aztarrenak dira. Ugariak dira, izan ere, basahuntz eta iditzarrarenak; orein eta zaldienak, hurrengo; tartean, nahiz eta gitxiago izan, baita leize-hartz eta elur-oreinenak ere.

Halakoak ziren, bada, taldean ekinez eta begiz jota, gizon haiek lakioz ehizatzen zituzten animaliak. Inguru menditsuetatik uxatuz, haranetako errekazuloetara behartzen zituzten ihesean animaliak, lakioekaz eta harrizko armak jaurtita harrapatu ahal izateko. Bata besteagaz landutako harriak erabiltzen zituzten sasoian, orduko arbasoek ez zuten beste modurik halako animaliak ehizan harrapatzeko. Axlorko tresna-aztarrenen artean -hortzaxkatuak, puntak eta karraskailuak, besteak beste- eta ehizarako armen artean, egurra eta larrua lantzeko tresna egokiak ere aurkitu ziren; beraz, pentsatzekoa da ehizaz aparte ere bazituztela beste iharduera batzuk.

Moustier aldiko gizakiek bizi izateko erabili zituzten koben kokalekuari erreparatzen badiogu, argi azalduko dira aldi hartako ezaugarriak: giroa hotza zen, eta ekonomia, harrapaketan sustraitua. Hotzaren eraginez, itsasoaren mailatik 400 metroko altuera baino beherago zeuden harpeetan idoro izan zuten babeslekua. Denen artean egokienak, ostera, ibaiak eta haranak estutzen ziren guneak izan behar, bertatik arroilak edo haitzarteak menderatuz, ehizarako hobeto egokitzen ziren eta. Halakoxea da Axlor. Orduko lehenengo erlijio-zantzuak ere bertakoak dira, hilobiratzeko moduan ikus daitekeenez.

K.a. 32.000 eta 8.500 urtea bitartean, historiaurreko beste aldi bat zabaltzen da: Goi Paleolitoa. Ordukoa da izan Bolinkobako aztarnategia -Mendiola, Abadiño- , Untzillatxen barrenean kokatua, Atxarteko arroilaren gainean. Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen 1.931n eta berak zuzendu zituen indusketak 1.932 eta 1.933 urteetan, Telesforo Aranzadigaz batera. Arkeologiako sei maila aurkitu ziren, eta material ugari; salbuespen gitxi batztuetaz bada ere, Goi Paleolitoko aldi guztiak betetzen dira bertan.

Asuntzako zelaia (Zabaldu leiho berri baten)

Saibigain mendi inguruan dauden moduan, Asuntzako zelaian ere badira megalito aztarrenak.

PARKEAN DAUDEN KOBAZULOEN GIDA

Arkeologia atu (Zabaldu leiho berri baten)

1932-33etan, J. M. Barandiaranek adiskide zuen Telesforo Aranzadigaz batera, BoIinkobako indusketa egin zuen. Bertan C maila (Madeleine III) izan zen garrantzirik gehien agertu zuena, arkeologia atu asko aurkitu zelako han: karraskak, beranak, etabar. Ugari ziren hezurretan landutako materialak. Horietakoa da hiru angelutara eta oso punta zoffotza duen hori, kontuan hartzen bada bertan arrain edo hegazti baten burua ikus.

Halako aldi batzuk beste koba batzuetan ere dokumentatu dira: Baltzolan -Indusi, Dima - eta Silibrankan- Mañaria - esate baterako. Lehenengoa, Baltzolamendin dago, Axlorko babeslekuaren aurrean eta Jentilzubi alboan. Bigarrena, ostera, Mañaritik Urkuletako auzora doan errepidearen aldamenean, Sallobente ermitatik metro gitxira - San Lorentzo - eta Deabrulabarra izeneko haitz sorgindutik hur.

Goi Paleolitoan, aurreko aldiaren jarraipena nabarmentzen duten ezaugarrietaz batera, aldaketa sakonak jazoko dira. Eta beste denak baino gehiago, dudarik gabe, gizaki tipo berria azalduko dela: Cromagnongo gizona. Euskal Herriko aztarnategietako lehenengo arte-agerraldiak Cromagnongo gizonarenak dira, nahiz eta Urkiolako eremu horretan labar-artearen adierazgarririk egon ez. Baina Bolinkoban aurkitutako arte higikorraren aleek erakusten digutenez, Paleolitoan bizi izandako gizakiaren pentsamendua eta izpiritualtasuna guztiz konplexuak izan behar ziren.

Arte-irudiek animalia dute xede; animaliak dira gizakien nahikari, sineste eta sentimenduen sinbolo; eta, aldi batera, oinarrian, bizirik irauteko behar dituzte animaliak. Lurralde honetan orduan bizi ziren animaliak gaurko inguru artikokoen parekoak ziren, Würm glaziazioaren aldirik hotzenak aldi horretan iritsi ziren eta. Geologiatik eta Paleontologiatik egindako azterlanetan agertutakoen ondorioz, Euskal Herriko itsasaldeko batez besteko temperaturak oraingoak baino 12 gradu zentrigrado beherago egongo ziren; neguan 0 eta 10 gradu zero azpitiko tartean, eta udaran 5 eta 15 gradu artean zero gainetik. Elurra iraunkorra izango zen, behin 1.000 metroko garaieratik gora. Ondorioz, basoak ere behera egin behar izan zuen, eta sakon babestuetan baino ez ziren egongo pinudi txiki batzuk.

Basahuntzen konpresorea (Zabaldu leiho berri baten)

Bolinkobako C mailan aurkitutako basahuntzen konpresorea (Madeleine III.a). Ondo ikertu eta gero, estaltze-ekintza bat agertzen duela dirudi.

Halako eguratsetan, besteak beste, bisontea, elur-oreina, mamuta edo azeri artikoa bizi izaten dira, hartza, oreina eta basahuntza nagusi direla. Aurrez aurre gizona, bizirik irauteko borroka latzean sartuta; baina, harrizko eta hezurrezko armetan garatutako teknikei esker, tresna ugari eta eraginkorragoak sortu zituen - xaflak, karraskailuak, beranak, zikaiak, geziak -. Apaingarri do-toreak ere lortu zituen, orein-letagin atrofiatuetaz eta molusku- maskorrekaz egindako idunekoak esaterako. Itsas bazterreko baliabide-en ustiaketari ekin zion ordurako, eta aldi harta-ko gizon eta emakumeek mentalitate konplexua adierazten dute, arterako sentsibilitate diferentea agertuz. Hartara, tresnetan animalien irudiak egi-ten dira, Bolinkoban agertutako kultura berriak adierazitako moduan. Tresna aipagarrienen arte-an hauek daude: basahuntzen konpresorea (agian estalaldian agertzen dira animaliak); ahuntz irudi eskematikoak dituen gezia; eta zaldi- harikaren itxurako estiletea.

Giroa arian-arian epeldu ahala, K.a 5.500 urte inguruan, Mesolito aldia zabaldu zen. Alderdietako itxura bigunduz joan zen eta hostozabal-basoak gero eta paraje gehiagotara hedatu ziren. Arkeologiako aztarnategi mesolitoetan ez da bat ere artikoko faunarik agertzen, bai ostera basurdea eta orkatza, bertara ekantzen dira eta. Ingurugiro horretan agertuko da ziurrenik ere, Euskal Herriko beste tokietan moduan, gaur egun ezagutzen dugun euskal gizaki-tipoa; Cromagnongoa mendebaldeko Pirinioko arraza »bilakatzen doa, Urkiolatik horren urrun ez dagoen Debako Urtiagako leizezuloan aurkitutako garezurrak lekuko direla.

Gizakiek, paisaiak eta faunak guretzat etxe-etxekoak diren formetara egindako bilakaera historiaurreko azken aldietan burutu zen, Neolito Arotik Metal-Arora bitartean. Ordukoak dira Atxuri eta Silibrankan (Mañaria), Baltzola eta Baltzola II.ean (Dima) eta Oialkoba eta Albiztegi kobetan (Abadiño) aurkitutako aztarrenak. Esan beharrik ez, harri leunduak eta keramika agertzen direla bertan.

Neolitoak ekarritako kulturaren iraultzagaz batera - K.a. 3.200 -, animaliak hezi eta gero, artzaintza izan zen Euskal Herriko mendietan nagusitu zen bizimodua. Gaur egun Urkiola artzainen eremu bada, antzinako denbora haietatik dator bizikera hori. Eta nola ez lotu antzinako historiagaz gaur honen indartsua den sakralizazioa? Mugarrako Jentilkoba, Baltzola, Oialkoba eta Albiztegi kobek batetik, eta Artatxagako eta agian Saiputxuetako trikuharriek bestetik, diren moduko hilobi-guneak direlako, artzain haiek euren hildakoez eta geroko bizitzaz zuten barruko ardura sakona agertzen dute.

Estiletea (Zabaldu leiho berri baten)

Estiletea: mutur proximalean gorputz hozkatua dauka, oinartian zaldi-hanka eta -apatxa irudikatzen ditu erliebean. BoIinkobako D mailakoa da (Solutre Erdikoa).

Gehienetan batera aurkitzen diren fenomeno bi nabarmentzen dira antzinateko artzainen kulturan: aire librean sortzen direla herritxoak eta trikuharrietan egiten direla hilobiratzeak taldeka. Baina, gai horren gainean arazoak sortzen ditu Urkiolak. Badakigu, jakin, aldi hartan koba-zuloak ez zirela bizi izateko toki bakarrak, baina aire librean egindako herrisken aztarrenak falta dira. Behar bada, herriok jasotzeko erabilitako materialak oso galkorrak izango ziren, eta Arkeologiak ez du bat ere erraza horiek idorotzea. Monumentu megalitikoak, bestalde, oso urriak dira Urkiolako Parkean; ia harritzekoa ere bada toki hori artzainentzat hain garrantzitsua izan eta gero, halakorik ez agertzea. Aditzekoa izan daiteke, hala ere, aztarrenak aurkitzeko zailtasunak izatea, Bizkaian halako hilerriak bortxatu eta haustu egin dira eta. Hilerrietan hildakoagaz batera altxorrak gordetzen zirela begitantzen zitzaion herriari, eta gehiegikeriak eragin ditu uste oker horrek. Hala eta guztiz ere, taldeka egindako hilobiratze ugari dago Parkean zehar; harlauza batzuk lurrean zutik sartu eta, estalkia eratzeko, gainean beste bat jartzen zaie, hilobi-gela imita utziaz.

Baina, behar bada, beste arrazoi batzuk bilatu beharko dira. Kobetan indusitako arkeologia mailetan sarri agertzen dira historiaurreko aldi guztietan zehar iraun duten kulturak. Teoria eginez, Urkiolan herriskarik eta trikuharririk ez egoteak beste bizikera bat ager lezake: bizikera tradizionalak guztiz sustraituta zeudela. Eta horretarako adibidea Baltzolako koba izango litzateke. Bertan oraindik oraintsu egindako indusketa batean zortzi bat lagunez osatutako talde baten hilobiak aurkitu dira, beren atuak eta guzti; dirudienez Eneolito-Brontze Aroko historiaurrearen azken aldietakoak dira, hain. zuzen hilobiratzeko trikuharriak ohikoak ziren aldietakoak.

Egia esan, fenomeno hori behin eta berriro gertatzen da hurrengo aldietan. Esate baterako, Euskal Herriko hainbat lekutan. ez bezala, Burdin-Aroak ekarritako berrikuntzek ez dute inolako lorratzik utzi hemen. Eta historiako denboretara jotzen badugu, halaber, ez dugu inolako agiririk aurkitu paraje horietan erromanizazioa sartu zela esateko.

 
 

e-mailez bidali